Baldin eta horretarako, egungo energia ekoizpena, garraioa eta kontsumoa gauzatzeko eraikita dagoen sistema aldatzeko biderik egin nahi bada, bederen. Nago, gure agintariek nahiago luketela energia-paradigma supituan aldatu, biderik egin gabe: enpresak egokitu, edota daudenak berriengatik ordezkatu eta kitto, aurrera bolie!
Aspalditik d(ir)a kirioak dantzan jartzekoa(k), mundu mailako energia sistema(k) planeta mailan eragiten ari d(ir)en kaltea(k). Horri, gainera, gure gizartean inoiz baino ageriagoan dagoen haserrea erantsi behar zaio, kontu hauekiko kezkarik ez zuena ere, larritzera iritsi baita fakturen gorabeherekin. Dagoeneko ezin dute ezkutatu, ez enpresek, ezta agintariek ere, energiaren negozioaren mesedetan, ingurumenarekiko eta herritarrenganako duten ikuspegi merkantilista.
Energia sistemaren aldaketa, ordea, ez da Europako agintariek hain ongi saltzen duten Green New Deal horren harira, etorriko omen diren diruak jasotzeko pentsatutako proiektu solteekin gauzatuko. Sistema ekonomikoaren birplanteamendua dago jokoan, eta beste behin, inoiz demokratikoa eta unibertsala izan ez den teknologiaren kudeaketak baldintzatuko du auzia.
Jakin bai baitakigu, egungo sistema ekonomikoa, agortzen ari diren baliabide fosiletan oinarritua egoteaz gain, bateraezina dela bioaniztasunaren eta ondare naturalaren kontserbazioarekin. "Berotze globala errealitate ukaezina" dela argudiatuta, Urkullu lehendakariak "klima aldaketari aurre egiteko larrialdi egoera" ezarri zuen 2019an. Nafarroan eta mugaz bestaldeko herrialdeetan ez dute horrelako aldarrikapenetarako beharrik ikusi; baina Euskal Herri osoan diseinatu eta gauzatu dituzte klima aldaketaren, eta berriki, Ukrainako gerraren testuinguruan, justifikatutako energia krisiari erantzuteko energia plan berriak.
Batzuk eta besteek, bat egiten dute energia fosilen ustiapenak eragindako kalteak gutxitzeko helburuarekin; deskarbonizazioarekin, alegia. Ez da abiapuntu txarra, baina, hori besterik ez da, abiapuntua. Aurrera egiteko, helburu partekatuak eta estrategia eraginkorrak behar dira, eta gure herrian administrazio ezberdinetan agintean dauden alderdien artean ez daukagu horrelakorik. Goiburu zabal eta orokorretatik haratago, diagnostikoa bera ere ez dute partekatzen: ez baitigute argitzen zenbateraino eta zein denbora tartean ordezkatu nahi dituzten energia iturriak ez sektore ekonomikoen, ez lurraldearen, ezta energia mota era erabileraren baitan. Tokian-tokian aurkezten ari diren proiektu jakinen baitan gizarteratu dute eztabaida, ekimen bakoitzeko galdera bera errepikatuz: ez hau ez bada, zer?
Energia berriztagarriak zentral bidez, alegia, modu intentsiboan ekoizteko ekimenen kontra agertzen garenoi, guztiari ez esatea egozten zaigu, alternatibarik edota bestelako proposamen errealik ez egitea. Egun dugun energia-kontsumoa epe motzean energia berriztagarriekin ordezkatzea benetako aukera balitz bezala. Ez digutena esaten da, momentuz, elektrifikatu dezakegun energia-portzentaia kontsumitzen dugunaren herenera baino ez dela iristen; alegia, gehien kontsumitzen duten jarduerei, garraioari eta industriari, gaur gaurkoz ezin zaiela energia berriztagarriekin erantzun hein handi batean.
Euskal Herrian badugu energia berriztagarrien zentral handiak eraiki diren herrialdea: Nafarroa. Zenbateraino gutxitu dute han, mendietan eta landa eremuan eraikitako zentral fotovoltaiko eta eolikoek energia fosilen kontsumoa? Erantzun horrek justifikatzen ditu eragindako ingurumen kalteak eta kalte sozialak? (gero eta bistakoagoa baita horrelako azpiegiturak egiten diren herriek biztanleak galtzen dituztela).
Energia sisteman dago koxka; ekoizpena ez ezik, garraioa eta banaketa hartu behar dira kontuan: modu intentsiboan ekoizten den energia sare bakarrarekin garraiatzen eta banatzen baita, eta hori oligopolio baten esku geldituko da.
Tokian tokiko beharren arabera ekoiztutako energiatik baino ezin zaio erantzun, ganoraz, arazo honi. Jakina energia berriztagarrien bidetik, energia beharren herena ordezkatzera baino ez garela iritsiko, txikirako apustua izan beharko luke gureak: ahalik eta ingurumen eragin txikienarekin, gure energia elektrikoaren beharrak elikatuko dituen ekoizpena, ahalik eta kostu ekonomiko txikienarekin ordezkatzea. Energia negozio izatetik, behar eta eskubide gisa ikusi artean, ezingo diogu dagokion erantzukizunez heldu gaiari.
Kontua ez da enpresa publiko edo pribatuen esku uzten dugun kontua, hemengoak edo hangoak diren enpresak, herritarrek proiektu hauetan gehiago edo gutxiago hartuko dugun parte, edo negozioaren irabaziak non edo nola banatuko ditugun. Erronka askoz ere konplexuagoa da: jakinda energia iturriak behar ditugula, ez ditugula egun ditugun beharrak asetzeko beste izango epe motz eta ertainera, nola baliatu teknologia, itzulezinak diren kalteak ahalik eta gehien saihesteko lurrean, itsasoan eta oro har, biodibertsitatean. Noizko Euskal Herrirako Energia Berriztagarrien Plan Nazionala?