Ikasturtea hastear da, heldu zaigu jada iraila. Uda heltzean lortzen dugu atsedena eta lasaitasuna, urte osoan lanean jardutearen ondorena. Baina aurten, sentipena dut inoiz baino arduratuago gaudela, nolabait neguari begiratzeak beldurra eta ezinegona sortzen dizkigula. Uda motza izan bada ere, ezer gutxi aldatu delako. Hor jarraitzen dute prezioaren gorakadak eta biharkoaren izuak. Eta orain, opor txikiak pasatu eta aurrera begiratzean ikusten den ezjakintasunak beldurtzen gaitu. Eta ez da gutxiagorako.
Azken hilabeteetan, zoritxarrez, ezer gutxi aldatu da. Autoari gasolina botatzeak min ematen du, eta erosketak egitean, denak urrezkoa dela dirudi. Interesak goraka doaz, inflazioa pandemia garaitik %15 inguru igo da eta ez du jaisteko asmorik, prezioak gora eta gora doaz: argindarraren prezioa zeruan, haragia eta arraina erostea luxu bihurtzeko bidean… Finean, gure bizi ereduaren pobretzearen aurrean gaude, eta hori egunez egun bizi dugun errealitatea da. Kontuak egitea geroz eta zailagoa egiten zaigu, eta gastuen zerrenda geroz eta luzeagoa dugu. Bitartean, soldatak ez dira igotzen.
Zoritxarrez, gelditzeko etorri den errealitatea dugu hori. Krisi kapitalista sakonean gaude, azken urteetako larrienean, eta horren aurrean hartuko diren neurriak bide batera doaz: energiaren eta bestelako baliabideen erregularizaziora. Pandemiak kontrol sozialeko modalitate berriak ezarri zituen, eta orain, bide horretatik jarraituz, energiaren, gasaren eta bestelako baliabideen kontsumoa mugatuko dutela dirudi.
Bide horretatik doaz, behintzat, egun planteatzen diren legeak eta proposamenak. Adibide gisa jar daiteke duela gutxi ezarri duten neurri energetikoa, lokal komertzialetako aire girotuen eta berogailuen erabilera murrizten duena. Energia aurreztea bilatzen dute dagoen eskasiari aurre egiteko, eta, beraz, dutxa motzak eta azkarrak hartzeko eta erabiltzen ari ez garen etxetresna elektrikoak itzaltzeko gomendioak ere heltzen zaizkigu komunikabideetatik. Dudarik gabe, energia gastua gutxitzeko askotariko neurriak hartzen ari direla ikusi dugu azken hilabeteetan. Eta, badirudi, negua inoiz baino ilunagoa eta hotzagoa datorrela.
Gainera, etorriko den pobretze egoeraren aurrean, hainbat jazarpen neurri hartzen ari dira Europako zenbait herrialde. Ekainean, Espainiako Diputatuen Kongresuak bide eman zion lapurreta txikien aurrean atxiloketak egiteari. Horrela, pobretzea gehien bizi duten sektoreak jazarriko dira, laster helduko den errealitate gordin horretan pobreenak kontrolpean izateko. Norvegian ere, gas eta petrolio ugari esportatzen duen herrialdea izanik, sektore horretako langileei greba eskubidea debekatu zieten, horrek ekarriko lukeen irabazien gutxitzea saihesteko.
Europan, beraz, badirudi erregulazio erregimen berria ezarriko dutela, zeinetan energiaren prezio altuak eta horren arrazionalizazioa errealitate iraunkor izango diren. Energia merkearen garaia amaitu da. Beraz, datorren negutik aurrera, Europako langile klasea nabarmen pobretuko da, bizitzaren garestitze ikaragarriaren ondorioz. Ildo horretan kokatu behar ditugu azken hilabeteetako legedi aldaketak eta etorriko direnak, herritar xehearen kontrolean eta zigorrean oinarrituak.
Gainera, langile klasearen pobretzearen aurrean langile mugimendu indartsu baten faltak zailagoa egiten du bidea. Enpresariek eta politikariek beren interesak eta irabaziak lehenesten dituzte, eta langileon gain erortzen dira jazarpena eta pobretzea. Horregatik, horren aurrean antolatzea eta gure interesak defendatzea dagokigu. Hori gabe, ezer ez dugulako.