Herri hau, Zarautz, guztiz desitxuratzen ari da denbora laburrean. Lurra bistan non-nahi, garabi luzeak eta makinak ekialdetik mendebaldera. Obra gosea zegoen nonbait eta ase ezina dirudi herriko berdeguneen eta etxez okupatu gabeko eremuen kontrako herrak.
Iparraldean itsasoak eta hegoaldean autobideak mugatzen duen herria da Zarautz. Erdi-erditik trenbideak eteten du, eta ondorioz, ekialdetik mendebaldera luzatzen diren errepideak dira herriko arteriak, pasabide nagusiak.
Egun, ez da erraza erabakitzea nondik hasi hankaz gora dagoen herri honen argazkia azaltzen. Erdi-erditik hasita, auzotarrak asaldatuta dauzka trenbideko obrak. Errailak bikoiztea du helburu obra horrek, Zumaiatik Donostiarako trenen maiztasuna emendatzeko. Obra horren helburua behar-beharrezkoa da: Zumaiatik ez, baizik eta Bilbotik Baionarako trenbidea zen aspaldi egokitu behar zena, ditxosozko AHTaren erokeria baztertuta. Inor gutxirekin adostuta eta sekulako txikizioa eragiten ari den obrak, auzotarrei ez ezik, herrian bizikletan ibili zale garen guztioi eragiten digu; San Pelaio eta herria lotzen zuen Lapurdiko bidegorria kenduta, espaloia eta norabide bakarreko errepidea baitira lotura hori egiteko gelditu zaizkigun aukera bakarrak. Kontuan izanda espaloiak tren geltokiaren sarrera-irteerarekin egiten duela bat, eta pare horretan kotxeen errepidea norabide bakarrekoa dela, zer egin bizikletarekin? Ikusita zenbat ume eta gazte ibiltzen ziren eta diren bide horretan, arduragabekeria galanta da aurretik aterabide seguruagorik ez bilatzea.
Aukera izan zitekeen paraleloan doan Gipuzkoa kalea prestatzea bizikletentzat, kotxeen ibilbideak mugatuta. Baina ez! Hor ere kotxeentzat aparkalekuak lehenetsi dira Karmeliten parean. Bizikletak eta autoak elkarren gainean hor ere, lehenengoen kaltetan, noski.
Itsasalderago dagoen Nafarroa kalea, "karretera generala" (N1) izanda eta, udan malekoian bizikletaz ibiltzea debekatuta dagoela jakinda, ez dirudi trenbidetik itsaso aldera bizikletaz ibiltzea ideia ona denik.
Autobide aldera, kontuak bestelako dimentsioa hartzen du. Ehunka etxebizitza egiten ari diren Salberdin eremuak eta Abendañoko industriagunera bideratu duten errepide berriak guztiz kolapsatu dute Araba kalea. Hainbeste ibilgailu, eta asko pisu handikoak dabiltzan errepidean, ez da erosoa bizikletaz ibiltzea; beraz, tartean gelditzen den Mitxelena kalea da, ia aukera bakarra, lasai antzean ibiltzeko. Baina, errotonda artean eta kalerako lotura zuzenik gabe, ez da ibilbiderik logikoena.
Hau guztia gutxi ez, eta orain, herriaren beste aldean jarri dute arreta. Batetik, autobideari aterabide berria egiteko planak erakutsi dizkigute hedabideetan. Frantzeskua inguruan egin den txikizioarekin, mendia tamaina horretaraino janda, orain herri sarreran dagoen Astiko eremua egokitu behar omen da auto eta kamioientzat, Abendañora kamioiak bideratzeko. Aukera bat, Sakeletxeko hezegunetik egitea (hezegunea suntsituz, Euskal Herrian natur kontserbazioaren ikuspegitik arrisku handiena duen ekosistema, alajaina!). Bestea, Astira doan bidea zabaltzea.
Obra horiek egiten hasi aurretik, gogoratuko dira egunero bertako kirol zelaietara bizikletan joaten diren umeekin, gazteekin eta helduekin? Bizikletaz ibili nahi dugunok izango dugu paraje horietan pasabide segururik? Lehendik autobidearen irteera eremu arriskutsua bada, orain egin nahi denarekin, nora bidaliko gaituzte?
Zarautz herri laua da, bizikletan ibiltzeko baldintza paregabeak eskaintzen dituena. Aspaldi erakutsi dugu bertako herritarrok bizikletaz ibiltzeko gogoa eta borondatea. Umeak, helduak eta adineko pertsonak mugitzen gara bizikletan herrian zehar; bizikletaren erabilerak ohikoa eta arrunta izan beharko lukeelako herri honetan. Hainbat aldiz eta hainbat argazkitan (Eskolako Agenda 21, herri galdetegiak, hedabideetan egindako eskariak ….) eskatu dute herriko gaztetxoek ikastetxeak bidegorriz lotzea, herrian bizikletaz ibiltzeko bide-sare egokia eta segurua egitea. Alfer-alferrik!
Urte hasieran Zarautz 2030 Plan Estrategikoa eratzeko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen udalak. Garapen iraunkorrerako Helburuei (GIH) begira, udalak hartu dituen konpromisoak erakustea da prozesu horren helburu nagusia. Helburu bezala aipatuko dituzte, ziur, energia kontsumoa gutxitzea eta klima aldaketa eragozteko gas isuriak saihestea, horretarako motordun ibilgailu gutxiago erabiliz. Idatzi hau errepasatzen ari naizela entzun berri dut Bilboko Udalak kontsumorako bonuak jarri dituela herritarren eskura, bizikleta elektrikoak erosi edota konpondu nahi dituenarentzat. Han ere, bizikletaz egunerokoan ibiltzeko dauden aukerak ikusita, dena oso koherentea, alajaina!
Asteburuz asteburu, gero eta txirrindulari gehiago ikusten da errepideetan. Egunerokotasunean bizikletaz (eta zenbait lekutan, oinez) ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrak, asteburuan jo eta su izerditan bide luzeko errepideetan eta ibilbideetan. Lagun bati entzun izan diot gizakia tximino neurotiko bat dela, ez besterik. Ez zaio arrazoirik falta.