Gerrarik ez leloa nonahi. Baina lelo horren atzean, ezer gutxi. Ukrainan lehertu den gatazkak zeresan handia ekarri du, dudarik gabe, eta dagoeneko horren lehen ondorioak jasaten hasiak gara geu ere. Gasolina bi eurotan, eta egonezina kaleetan. Telebistara begiratu eta dena argi dago: Putinek gerra piztu du eta, bitartean, NATO eta Ameriketako Estatu Batuak Ukrainako herritarren salbatzaile. Baina, errealitatea ez da inoiz izango komunikabideek saltzen digutena.
Badirudi gerrak zentzugabeak direla. Baina gerra guztiek dute zentzua, gerra guztien atzean baitaude interes ekonomikoak zein politikoak. Kasu honetan, besteak beste, Errusiaren eta NATOren eta Ameriketako Estatu Batuen bloke ekonomikoen posizioak daude jokoan. Alde batean, burgesiaren frakzio ezberdinak norgehiagokan, potentzia ekonomiko eta geopolitiko izateko borrokan. Bestean, Ukrainako, Errusiako eta Europako langileria, guzti horren ondorio lazgarrienak jasaten. Betiko moduan, langile klaseak ordaintzen ditu burgesiaren negozio zikinak. Europa gerran dago, eta hemen ere ari gara gerraren lehen ondorioak jasaten. Zoritxarrez, luzerako izango dela ematen du honek.
Guzti honen aurrean, badirudi NATO dela gure salbatzailea. Bat baino gehiagori ahaztuko zitzaizkion dagoeneko NATOren aliatuek azken urteetan egindako sarraskiak: Sirian, Etiopian, Saharan, Palestinan… Urrutiegi joan gabe, ia ehun hildako izan ziren Yemenen urtarrileko bonbardaketa bakarrean, hori NATOren aliatuek gauzatu zuten. Hori izan da azken urteetan Ukrainako faxismoa hauspotu duena milizia faxistak armadan eta estatu aparatuetan txertatuz. Bera izan da Ukrainian militantzia komunista jazarri duena, militanteak hiltzen eta alderdiak debekatuz. Bera izan da gerra honen arduradun. Bera, eta bere atzean dauden burokrata, alderdi politiko eta oligarka guztiak.
Horren aurrean, bere garaian NATOren aurka posizionatu zirenak ere honen agenda politikoa jarraitzen dabiltza. EAJk eta Bilduk egin ditu Azpeitian eta Azkoitian Ukrainar herriaren aldeko elkarretaratzeak. Ukrainari elkartasuna adierazteko batu ziren hainbat herritar, biek hala biek gerraren gaineko inolako analisirik eta irakurketarik gabe. Baina, zertarako balio du NATOren eta Ameriketako Estatu Batuen txontxongilo gisa modu akritiko batean gerraren aurka egoteak? Hain zuzen, agintean faxistak jarri dituen erakunde kriminalaren zuriketa egitea besterik ez dute lortzen. Bien bitartean, kazetarien atxiloketa eta komunikabide ezberdinen debekuen aurrean indiferentziaz isilik.
Kapitalisten arteko gerraren aurrean, horren aurka egotea beharrezkoa da. Baina ezer gutxi balio du posizionamendu xume batek mundu mailako gerra baten aurrean. Langile mugimendua ahul dagoen garai hauetan, posizionatu baino, egoera konplexu honen analisia egitea dagokigu. Beharrezkoa dugu langile mugimendua indartzeko helburuari eutsi, eta datorren krisi global honen aurrean testuinguruaren gaineko irakurketa eta analisi zorrotza egitea. Argi baitago guzti honen ondorioak nork ordainduko dituen, gerra kapitalisten ondorioak beti berdinak dira: bakea oligarka eta esplotatzaileentzat, gerra eta miseria munduko langileriarentzat. Eta horren aurrean, nork babestuko ditu mundu mailako langileriaren interesak? Ezer gutxi dute egiteko alderdi politikoek, miseria kudeatzetik haratago. Aukera bakarra, langileon interesak lehen lerroan jarriko dituen antolakuntza politikoa dugu. Komunikabide eta zirku mediatikoak ez gaitzala itsutu, egoera konplexu hauetan egia bilatzea dagokigu. Gerra kapitalistari ez!