Aurreko astean III. Zarauzko Hezeguneen eguna antolatu zuen Arkamurka natura elkarteak. 1997an izendatu zen otsailaren 2a, mundu mailako Hezeguneen Eguna eta, pixkanaka, sona handia hartzen ari den eguna da; ziurrenik, aspalditik egoera kaltetuan dauden ekosistema hauek, gero eta egoera ekologiko okerragoan daudelako mundu osoan.
Zarautzen azalera txikia hartzen dute hezeguneek, baina, horrek ez die garrantzirik kentzen. Natur ondare horri balioa ematea eta zaintzea helburu ditu Arkamurka natura elkarteak, eta horretarako, Iñurritzako biotopoan antolatutako hitzorduan, ingurune hauek dituzten arrisku nagusienak ezagutarazi ziren: landare inbaditzaileak eta kutsadura. Hala, desagerrarazten oso zailak diren kañabera inbaditzaileak (Arundo donax) kentzen eta errio ertzeko zaborrak biltzen aritu ginen bertaratutakoak, auzolanean.
Goiz ederra izan zen: eguraldia lagun, taldekideak eta bertaratuak, aspaldiko partez elkarrekin aurrez aurre egoteko eta elkarlanean aritzeko aukera izan genuen. Auzolanak hori du: sinetsita egiten denean, eragiten duen poza kolektiboa da, justifikatzeko eta azaltzeko arrazoirik eskatzen ez duena.
Egunak ekarritako ondorioak hortik haratago doaz. Jasotako zaborrei buruzkoak alde batetik: hondakinak berrerabili edo birziklatu badaitezke ere, itsasoak ekarritako zaborrak berreskuratzen zailak baitira. Alde ona hauxe: antzeko esfortzuarekin, duela bi urte jasotakoak baino gutxiago bildu ditugula aurten. Beraz, pilatuta zegoena baino gutxiago ekarri du errekak eta bueltatu dizkigu itsasoak, edo, pilatzen dena itsasoak bueltan eramaten duena baino gutxiago da. Bata zein beste, duela bi urte egindako esfortzua eraginkorra izan zen.
Alde txarrak begiratzen hasita, plastikoak jarraitzen du izaten gehien jasotzen den zaborra. Plastikozko botilak, auskalo zer izandako objektuen hondarrak, eta batez ere, poliespana edo jolasteko eta esku-lanetarako sarri erabiltzen den kortxo zuria. Poliestirenoa deitutako plastiko mota hau, mundu mailan gehien ekoizten den plastikoetako bat da, arina eta malgua delako, hotz-bero, soinu eta hezetasun aldaketetarako erresistentzia handia erakusten duelako (alegia, isolatzaile ona delako), mekanizazio erraza duelako, bakterioen kutsadura ekiditen duelako (beraz, elikagaien kontserbaziorako baliagarria delako) eta bizitza luzekoa delako, birziklagarria baita. Azken ezaugarri horretan dago, ordea, koxka. Birziklagarria izateak, ez du esan nahi birziklatzen denik edo, hobe esan, birziklatzen dugunik. Orain bi asteburu Iñurritzan jasotako poliespan kopuruak erakusten du hori.
Orokorragoa den kontua da hori, otsailaren 23an, "Birziklatze-tasa jaitsi egin da 2018tik 2020ra bitartean" izenburuarekin prentsan irakurritako berriak erakusten duenez: "2020rako %50eko birziklatze tasa behar zukeen Europan, udal hondakinei dagokienez. Hala ere, EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dizkion 2019. eta 2020. urteko datuek erakusten dutenez, %50eko tasa lortzetik urrun daude oraindik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: guztira, %40,9koa izan zen 2020an".
Artikulu horretan, baina, badago berri txar hori baino asaldagarriagoa den informazioa. Zehazki, honakoa: «Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak dio betea dutela hondakinak berrerabiltzeko prestaketa, birziklapena eta balorizazioa 2018rako %60raino areagotzeko helburua, %63ko portzentajea lortu baitu. Emaitza horiek ulertzeko gakoa errausketan dago. Birziklatzeko prestaketaren, birziklapenaren eta konpostaren kopurua soilik kontuan hartu beharrean —%42 izango litzateke —, ‘balorizazio energetikoaren’ ehunekoa gehitzen diete datuei —%23—, eta, horrela, helburuak gainditu direla dirudi». Alegia, birziklatutakoekin ez, baizik erretako hondakinekin doitzen ditu birziklatze-tasaren datuak Jaurlaritzak bere burua zuritzeko.
Gure agintariei hainbeste gustatzen zaizkien atzerriko hizkuntzen esamoldea dauka jokabide horrek: "Green washing". Energia nuklearra edo gasa energia berdeak izendatuko dituzte, edota erraustegian erretako hondakinetatik lortutako energia, birziklapenaren izenean saldu; baina, alferrik saiatuko dira hori guztia ingurumenaren edo klima aldaketaren kontrako borrokaren mesedetan egiten ari direla sinestarazten. Auzo lotsa baino ez dute eragiten.
Plastikoa planeta osora zabaldu da. Ikertzaileak iritsi diren leku guztietan topatu dituzte uretan, lurrean edota bizidunen gorputzetan plastiko hondarrak. Jada, badakigu ez daukagula hondamendi hori saihesteko gaitasunik; beraz, administrazioari eska dakiokeen gutxienekoa da pilaketa murrizteko bitartekoak jartzea. Murriztu (ekoizpena debekatu?) edo birziklatu ezean, alferrik koloreztatuko dute berdez errealitatea: begi bistan daukagu.