Zientzia krisian

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga 2022ko ots. 24a, 09:56

Zientziari buruz hitz egitera natorkizue. Nik neuk hogei urte daramatzat zientzian murgilduta eta, tarteka, oso barneratuak ditudan jokamolde edo gauzak ulertzeko moduak populazioan ez daudela zabalduta ohartzen naiz. Eta hori, gaur egun STEAM bezalako hitz panpoxoak ditugunean bereziki bultzatzea nahi diren ikasketa lerroak aipatzeko orduan. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, horiek dira STEAM akronimo ingelesak (harritzekoa!) barneratzen dituen gaiak. Ulertzekoa da denetariko pertsonak eta lanbideak behar ditugula, baina hizkuntzen edo ekonomiaren inguruko oinarrizko ezagutza beharrezkoak diren moduan, ezagutza zientifikoa ere oinarrizkoa delakoan nago. Honek ez du esan nahi guztia jakin behar dela, baina garrantzitsua da zientziaren funtzionamenduaren ulermen orokor bat izatea, gero eta azkarrago doan mundu honetan aldaketen aurrean erosoago sentzitzeko.

Baina zientzia krisian omen dago. Kontu ezberdinak biltzen dira krisi honen barnean, baina populazioaren erabateko mesfidantzak kezkatzen nau gehien ni. Sufritzea tokatu zaizkigun bi urte hauetan garbi ikusi da hartu diren erabaki politikoak bakarrik ez, birusaren inguruko oinarrizko zenbait kontu ere zalantzan jarri direla askotan. Noski, zientziaren izenean gezurrak zabaldu izan direla, noski interesak daudela esparru askotan eta noski zientziaren izenean erabaki okerrak hartu izan direla kasu askotan. Kontu hauek jarraituko dute, gizakia gizaki izaten jarraitzen duen bitartean. Eta kontu hauek ez zabaltzeko zientzia lupa azpian izatea oso beharrezkoa da. Baina hortik, "dena gezurra da" esatera tarte handia dago; eta hori entzuten da zoritxarrez tarteka.

Zientziako esparru batzuei beste batzuei baino gehiago aplikatzen zaie mesfidantza hori. Ingeniaritzan edo etxegintzan etengabe ari dira material berriak sortzen: su hartzen ez duten materialak, arinago eta indartsuagoak direnak edo propietate interesgarriak dituztenak. Material berri hauen sorrera metodo zientifikoari lotuta egoten da guztiz. Oinarrizko materialen ikerketak egin ohi dira batetik, eta material horren aplikazioa aztertzen duten beste ikerketa batzuei esker, komertzializatu daitekeen produktua lortzen da, bestetik. Alor hauetan mesfidantza ez da hain arrunta. Azken batean, aurkikuntza berri horien emaitzak bistan ditugu: etxeak garaiagoak dira, sakelean ordenagailuak daramatzagu eta kotxeak seguruagoak dira.

Beste zenbait esparrutan, aldiz, mesfidantza handiagoz hartzen dira aurrerapenak. Eta egia da zientzia esparru batzuk bereziki txatxuak direla konplexutasun handia barneratzen dutelako. Osasuna, psikologia, ekologia, ekonomia, soziologia eta beste hainbat ikerketa esparruk sortzen dituzten emaitzak errezelo handiagoarekin hartu ohi dira. Baina hori ez da harritzekoa: zientzialariok ere kontu handiarekin hartzen ditugu ikerketa lan bakoitzak sortzen dituen ondorio berriak. Horrelako zientziek beti dituzte garrantzitsuak diren hainbat eragile: non egin den ikerketa (baliteke Hego Afrikan eta hemen ezin aplikatu ahal izatea berdin ikerketa baten ondorioak), noiz egin den (neguan eta udan ezberdintasunak ikus daitezke), kontuan hartu diren taldeak (adina, sexua edo arrazak ere izan dezake eraginik ikertzen ari den horretan), beste batzuen artean.

Dena den zientziak aurretik sortutako emaitzen gainean eraikitzen ditu mundua ulertzeko modu berriak. Aurretik garatutako ikerketa batzuetan akatsak egon badira edo orokortasun garrantzitsuen ordez salbuespenak deskribatu izan badira, lan berriek hori agerian jarri ohi dute, lehenago edo beranduago. Eta horrela, apurka-apurka, zientzia konplexu horietan ere aurrerapausoak egiten eta okerrekoak diren usteak alboratzen joaten gara ebidentziak pilatu ahala. Noski, konplexua den errealitatea deskribatzen dutenez, ideia sinpleek ez dute osotasunean azaltzen guztia, eta salbuespen eta ñabardurentzako lekua egoten da beti. Eta hor nabarmentzen da zientziaren krisi barnean sar dezakegun beste fenomeno bat: norberak izan ditzakeen esperientzia apurrekin ondorio gogorrak ateratzeko joera, zientziak oso frogatuta dituen kontuekin talka gogor egiten badu ere.

Zientziaren krisi honi soluzioa topatzea ez da erraza; posible den ere ez dakit. Dena den, nire partetik, zientzialari bezala dudan esperientzia zabaltzen saiatuko naiz lerro hauetan. Ziur nago irakurle zaren horri ezezagunak egingo zaizkizun gaiak izango direla batzuk. Beste batzuetan, lehendik ere entzundako gaiak ikuspuntu berri batetik jasoko dituzulakoan nago. Azken batean, iritzirik aldatu ez, baina lerro hauek zer pentsatua sortzen badute, nire helburua bete dudalakoan geratuko naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide