Azken asteetan, telebista piztu izan dugunetan, a zer zirkua ikusi dugun lan erreformaren harira, hasieratik amaierara arte eman baitu zeresana erreforma horrek. Aspaldi hitzeman ziguten lan erreforma berria onartuko zela, langileon bizitzak hobetuko zituen erreforma. Baina hilabeteak joan, hilabeteak etorri, geroz eta zailagoa ikusten zen benetako aldaketa eragingo lukeen une hori heltzea. Eta azkenean, urte bat baino gehiagoren ondoren, onartu da erreforma laborala, baina hitzemandako aldaketa horiek ez dira inon aurkitzen.
Muturren aurrean dugu espero genuena: inoizko gobernu aurrerakoienak Europar funtsen truke saldu ditu hainbeste hilabetez agindutako lan erreformaren aldaketa aurrerakoiak, horrela, Europatik heldutako "gomendioei" men eginez. Patronalak eta eskuin alderdi gehienek babestu duten erreforma horrek langileon interesei erantzuten diela sinistea nahiko duten arren, inor gutxik irentsiko du hori. Argi dago langileon beharrei baino enpresari handien beharrei erantzuten diela erreformak. Gure aurkako ofentsiba, "aurrerapenaren" izenean.
Baina zer aldaketa planteatzen ditu lan erreforma horrek? Haren barrenak irakurriz gero, ohartuko gara aldaketa nabarmenik ez dela. Are gehiago, 2012an Alderdi Popularrak ezarritako erreformaren oinarri berak ditu: lehen bezain merke kaleratzeak, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen normalizazioa, aldi baterako laneko enpresen normalizazioa… Hori da patronalak babestu duen lan erreforma, edo beste modu batera esanda, enpresak langileak nahi dituen moduan erabiltzea ahalbidetzen duen lan erreforma. Aurreko erreformaren eduki kaltegarriak finkatzen ditu horrek, eta, beraz, ez da inondik inora gure eskubideen aurrerapen bat, guztiz kontrakoa baizik.
Hori ikusita, alderdi ugarik egin dute lan erreformaren aurka parlamentuan ere. Baina orain lan erreforma horren aurka azaldu diren alderdiak izan ziren egoera honetara ekarri gaituen Europar Funtsak onartu zituztenak. Europar Funtsak onartzea eta horren ondorio den lan erreformaren aurka egitea ez al da kontraesankorra? Ezin da bat babestu eta bestea gaitzetsi, txanpon beraren bi aldeak direlako. Erabakien gaineko ardura merke saltzen dute batzuek.
Ezin aipatu gabe utzi sindikatuek auzia kokatzeko duten modua ere. LABek eta ELAk erreformaren aurka egin dute, baina haien ustez, arazoa euskal marko propioaren falta da. Beraz, oraingoan ere, arazoa kapitalaren eta lanaren arteko harremanean kokatu beharrean, Espainiaren eta Euskal Herriaren artean kokatu dute. Ikuskera horrek, nire ustez, arazoaren gaindipena mugatzen du, oinarrian dagoen kapitalaren eta lanaren indar korrelazio hori albo batera uzten baitu. Gure lana da langileriak indar korrelazio horretan geroz eta pauso gehiago ematea, eta prozesu hau da, hain zuzen, kapitalismoak ekartzen duen miseri guztiari aurre egiteko modu bakarra: iraultza sozialista.
Ondorio larriak ekarriko dituen lan erreformak langilegoaren pasibitatea elikatzen duelako, guk geure arazoak konpondu ordez instituzio politiko burgesek errealitatea hobetuko diguten sineskera elikatzen duelako; baina zerbait argi gelditu bada, politikari profesionalen zirku parlamentarioaren fartsa izan da. Argi gelditu da instituzio burgesek eta hori osatzen duten alderdiek, langileon interesei baino, enpresari handien interesei erantzuten dietela. Horregatik, beharrezkoa dugu politikari horien fartsatik at antolatzea, hori izango baita aldaketa lortzeko bide bakarra. Beharrezkoa da langileon lan eta bizi baldintzak defendatzea eta borrokatzea, baina hori beti egon behar da langileriaren antolakuntza independenteari lotuta. Hori baita langileok bizi dugun explotazioarekin amaitzeko bide bakarra.