"Maxixatzenek egoitzari buruz egindako erreportajean langileek, egoiliarrek eta senideek egin dituzten azalpenetako bat bera ere ez da gezurra. Gauza asko daudela konpondu beharrean esaten jarraitzen dugu.
Bestela, nola ulertzen da kalean egindako protesta-konzentrazioen ondoren, Kabiako ordezkaria berehala egoitzara joatea, eta hanka-joka batean hango egoera konpondu nahian hastea? Nola da posible antolaketa arazotxoren bat bakarrik dagoela esan, eta bi hilabete inguru bertan pasa ondoren, oraindik egoerari buelta eman ezinik ibiltzea? Garbi dago gauzak egoitzan ez zeudela horren ondo.
Tristea da zerbait mugitzen hasteko, kalera protestan irten behar izatea. Zarata mediatikoak laguntzen du, bai!
Egia da protesta ekintzen ondorengo egunetako zalapartan egoitzan txukunketa batzuk egiten ikusi ditugula, hala nola wifi kableak sartzen aritu dira, fisioterapeuta bat hasi da eta abar. Hala eta guztiz ere, oinarrizko arazoek egoera berean jarraitzen dute orainik, eta horietatik garrantzitsuena: langile eskasia eta beren lan baldintza.
Alkateak dioenez, udalari ez dagokio langileen gatazkan sartzea. Egoitza publikoa izanda eta bertakoak herritarrak diren heinean, gure ustez badagokio. Egoitza herriak duen zerbitzu bat da, eta alkateak dioen moduan udalaren eta aldundiaren borondatea da egoiliarrak ahalik eta ondoen egotea. Adierazpen horrek lotzen du bere ardura izatearekin. Horretarako, Kabiarekin (aldundia) batera ziurtatu beharko luke udalak egoitza kudeatzen duen Biharko enpresa pribatuak zerbitzuak behar bezala ematen al dituen, edota horren helburua ahalik eta diru gehien irabaztea den.
Hitz egin beharrekoekin hitz egin duzuela eta informazioa baduzuela diozu, alkate jauna. Zeinekin izan duzue harreman hori? Kabiako, Biharko enpresako eta egoitza kudeatzen duten ordezkariekin? Ez dugu uste horiek guztiek beren buruen aurkako informaziorik emango dutenik.
Udal Gobernuaren aldetik ez da ikusi langileenganako, egoiliarrenganako eta senideenganako hurbiltasunik. Senideak izan gara noiz edo noiz laguntza bila zuongana zuzendu garenak, eta honako erantzun hau jaso izan dugu: Zuzendu beharreko hainbat arazo bideratuta edo bideratze bidean daude. Zuzenketa horiek, nonbait, bidean galduta dabiltza urteetan.
Esan beharra dugu bi udal taldek, Azkoitia Bai herri plataformak eta Azkoitiko EH Bilduk egoitzako arazoei irtenbidea bilatzeko beren interesa eta kezka azaldu dutela, eta gure aldetik eskerrak ematen dizkiegu.
Urtean pare bat aldiz festa giroan opari batzuk ematera joateak ez du ahalbidetzen egoitza baten funtzionamendua ezagutzea. Egunerokotasunean ikusten da egoitzan gauzak nolakoak diren. Langileak eta egoiliarrak dira hango egoera bizi dutenak, eta testigu zuzenenak egunero joaten diren senide bisitariak. Gauzak benetan nolakoak diren jakiteko eta horiei konponbidea aurkitzeko, talde horiei guztiei entzun behar zaie. Arrazoi horregatik egin genuen udaletxeko bilera hartan parte hartu ahal izateko eskaera; ukatu egin ziguten bilera.
Ana Zubizarreta Kabiako asistentzia arloko arduradunak bere elkarrizketan honakoa azaldu zuen: San Jose egoitzan parte hartze batzordea abian jartzeko asmoa dago. Interesgarria da guretzat komisio hori sortzea, baina hanka-motz gelditzen dela iruditzen zaigu, batzordean ez baitago langileen ordezkaririk. Pertsona horiek dira egoera barrutik ezagutzen dutenak. Hala eta guztiz ere, senide batzuk prest agertu dira batzordean parte hartzeko. Aurrez proposatu zuten komisioa sortzeari egoiliarrek uko egin ziotela dio Zubizarretak; nola ez ba! Komisio baten bitartez hitz egin behar al zuen zuzendaritzak egoiliarrekin? Non daude zuzeneko harremanak?
Egoitza herrigunera eramateko gaia, berriz, ulergaitza egiten zaio Udal Gobernuari. San Jose egoitza bere osotasunean herrigunera jaistea ezinezkoa dela dio. Behin eta berriz esango dugu inork ez duela eskatzen egoitza bere osotasunean jaistea, ezta egun batetik bestera ere; baina, bai pausoak ematen hastea. Gerturatu liteke zerbitzuen arabera, alde batetik, adibidez, eguneko zentroa, eta bestetik, apartamentuak. Herritarrek eskaera hori egin zutenetik urteak pasatu dira, eta oraindik ez dugu pauso bat bera ere ikusi. Benetako borondatea dagoenean, bideragarritasunak bilatzen dira, eta ez ezinezkoan itxita gelditu. Bestela, ikusi alboko herrian, Azpeitian, nola ari diren adinekoen bizi baldintzak hobetzeko irtenbide berriak urratzen.
Herritarren nahien berri jakiteko udalak egin zuen Herrilab+700 inkestaren Ongizatea atalean egoitzaren egoera eta bere kokalekua azaltzen ziren herritarren kezka nagusien artean.
Azpimarratzekoa da, era berean, oso gogorra egin zitzaigula pandemia garaian egoitzaren kokapenak oso alde onak izan dituela entzutea. Bertan bizi diren pertsonek hilabeteak igaro dituzte, eguna joan eta eguna etorri, bertako betiko egoiliar batzuen eta langileen aurpegiak bakarrik ikusiz; munduan beste inor egongo ez balitz bezala. Berdegunea bai, baina zein langilek zuen denbora egoiliarrak atarira ateratzeko eta paseatzeko? Senideen bisitak hasi zirenean ere borrokan ibili behar izan genuen berdegune horietara irten ahal izateko, aire eta eguzki pixka bat har zezaten. Ordurako, beste herritar guztiok kalean ibiltzeko aukera genuen. Non gelditzen da egoiliarren duintasuna? Nola pentsa liteke egoiliarrek egoitzan egoteko zortea dutela!
Ibilgailu bat jartzea ez da egoitzak duen kokapenaren arazoari irtenbidea ematea. Egoitza barrenera iristeko aldapa dago alde batetik zein bestetik, baita gurpildun aulkiari bultzaka aritzeko ere. Bide beretik, ez da irtenbidea zerbitzu extrak eginez egoitzako furgoneta erabiltzea, ezta zerbitzu hori nahi duen egoiliarrak 24 ordu lehenago eskaera egin behar izatea ere.
Helburuak ez du izan behar herria egoitzara gerturatzea. Helburuak egoitza herrigunean edukitzea izan behar du. Horrela, egoiliar bakoitzak berak nahi duenean irten eta sartu ahal izango du, garraioaren menpe egon gabe, horrek adinekoentzat dituen oztopo guztiekin.
Herritarrontzat ez du gauza arraroa izan behar egoiliar bat kalean paseatzen ikustea, normala izan behar du. Egoiliarrak herriko bizitzetako parte!
Nahi duzuenean, gu beti elkarlanerako prest".