Jende asko atera da Gau Beltza ospatzera

Urola Kostako Hitza 2022ko azaroaren 1a

Azken urteetan, indarra hartzen ari da Gau Beltza, baita Urola Kosta eskualdean ere. Horren erakusgarri da eskualdeko zenbait herritan antolatu dituzten jarduerek eta ekitaldiek izan duten arraksata eta bildu duten jendetza.

Iaz Getarian bakarrik antolatu zuten Gau Beltza ospatzeko ekitaldiren bat. Aurten, ordea, eskualdeko herri gehiagotako eragileek egin dute gauza bera. Eta herritarrek gogo honez hartu dituzte ekimenak, atzo iluntzean ehunka izan baitziren Gau Beltza ospatzera kalera atera ziren herritarrak. Ezer antolatu ez zuten herrietan ere, gaztetxoak ibili ziren kalean mozorro beldurgarriak jantzita jendea izutzen. 

Aia

Lardizabal Herri Eskolako guraso elkartea arduratu zen dena antolatzeaz. Trikitilariekin kalejira egin zuten aurrena, ilunpetako ekitaldia gero, segidan mokadutxoa egin zuten frontoian eta, egunari bukaera emateko, Gau Beltzerako propio prestatutako ihes-gelan ibiltzeko aukera izan zuten gaztetxoek. 

Getaria

Gure Txeru elkarteak antolatuta, azken egunetan ikasten aritu diren dantzak egin zituzten lehendabizi, eta gaztain jana egin zuten gero.

Orio

Txurrumuski aisialdi elkarteak eta Orioko Herri Ikastolak elkarlanean antolatutako jarduerek jendetza erakarri zuten Herriko Plazara. Tailerrak egin zituzten aurrena, eta gaztaina jana gero.

Zarautz

Haur, gazte zein heldu atera ziren Jalgi dantza taldeko eta Alproja antzerki taldeko kideek alaitu zuten gau magikoaz gozatzera. Kalejira abiatu aurretik ere jende andana zuten zain musika eskolako atarian eta elkarrekin egin zuten Lege Zaharren Enparantzara arteko bidea.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide