Urola Kostako industrialdeetako puntu beltzen mapa osatu nahi du UKUEk Zarauztik hasita

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urriaren 19a

'Denontzako industria-guneak' deitu duten egitasmoak emakumeen presentzia indartu nahi du industria sektorean eta herritarren parte hartzea eskatu dute industrialdeen diagnosia egiteko

Urolako Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eskualdeko idustrialdeek genero ikuspegitik dituzten gabeziak identifikatu nahi ditu emakume langileen segurtasuna bermatzeko. Prozesua Zarautzen abiatuko da eta Abendaño, Errotaberri eta Urtieta industrialdeetako puntu beltzen mapa osatzea izango da lehen urratsa. Horretarako UKUEk herritarrei egin die dei lagundu diezaioten argi ezagatik, ikuspen eskasagatik edo bestelako arrazoiengatik emakumeen aurkako indarkeria kasuak gertatzeko arrisku handiena duten eremuak zehazten. 

Udal Elkarteak bi bide eskaini ditu ekarpenak jasotzeko: urriaren 28ra arte zabalik izango den online galdetegia, batetik, eta 649.254.109 Whatsapp zenbakia, bestetik. Horrez gain, aurrez aurreko saio bat ere antolatu dute UKUEren egoitzan azaroaren 8an 13:00etan. Bertan, prozesu osoaren inguruko azalpenak ere emango dira.

Industria sektorean emakumeen enplegua sustatzea helburu

Denontzako industria-guneak planaren xede nagusia industriako emakume langileei eutsi eta berriak erakartzea da, izan ere, emakumeek populazio aktiboaren erdia osatzen badute ere, %20 soilik aritzen da sektore horretan lanean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide