Irailarekin batera amaitu ohi da askorentzat udako oporraldia, eta harekin batera itzuli ohi dira ikasturte hasierako promesak. Bat baino gehiago izango dira beren buruari kirola egingo dutela agindu diotenak, eta eskualdean izango da nahi hori praktikan jartzeko aukerarik. Izan ere, ikasturte berriarekin, bueltan dira lasterketak, mendi martxak eta askotariko kirol probak.
Beñat Benantxio
Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizale eta lagun min zirenen oroimena berritzeko mendi ibilaldi neurtua bueltan da. 2016an eta 2018an egin bezala, Beñat Benantxio ibilaldi neurtua antolatu dute Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak.
Urriaren 1ean egingo dute hirugarren edizioa Aizarnan, eta berrikuntzekin dator, gainera, bi mendizaleen omenezko hitzordua. Izan ere, aurten bi ibilaldi jarri dituzte aukeran antolatzaileek: aurreko bi edizioetan egindako 25 kilometroko ibilaldi luzeaz gain, 10,4 kilometroko ibilaldi motza ere prestatu dute. Aizarnan hasi eta bukatuko dira bi ibilbideak, Komizolatza, Gazume, Iturriotz eta Altzolan barrena igaro ostean. Ibilaldi luzerako izena ematen duten mendizaleek 07:30 eta 08:00 bitartean ekin beharko diote bideari; eta 09:00 eta 09:30 bitartean, berriz, ibilaldi luzekoek.
Luzean zein laburrean, herrikrosa.eus webgunean izango da izena emateko aukera, hamabost euroren truke. Hamabost euro ordaindu beharko dituzte, era berean, mendi ibilaldi neurtuaren ondoren Aizarnan egingo den bazkari herrikoian parte hartu nahi dutenek.
Flysch Trail
Urriaren 2an jokatuko dute Flysch Trail mendi lasterketaren hamahirugarren aldia, Zumaiako itsaslabarrean barrena. Azken urteetan bi ibilbide prestatu izan dituzte antolatzaileek, baina aurtengoan, proba motza bakarrik antolatu dute: 22,2 kilometrokoa. 850 metroko desnibel positiboa izango du ibilbideak. 10:00etan hasiko da proba, eta munduko koparako puntuagarria izango da.
Maiatzean zabaldu zuten lasterketan izena emateko epea, eta dagoeneko agortu dira dortsal guztiak. Guztira, 700 kirolari inguruk parte hartuko dute Flysch Trailean.
Proban emakumeen parte hartzea bultzatzeko helburuarekin, lasterketaren antolatzaileek entrenamendu saio sorta prestatu dute, eta hainbat kirolari ari da horietan parte hartzen. Igandean egin zuten entrenamenduen bosgarren saioa.
Lehiaz gain, kulturaz gozatzeko aukera ere izango dute mendia maite dutenek. Izan ere, urriaren 1ean, 19:00etatik aurrera, lau liburu aurkeztuko dituzte Oxford aretoan. Sebastian Alvarok Everest 1924 aurkeztuko du, Juanjo San Sebastianek Cuanto es mucho tiempo, Juanito Oiarzabalek El placer de alcanzar la cumbre eta Jose Mari Azpiazuk La vida en la muerte.
Gainera, lasterketaren egunean, Zumaiako Indamendi mendi taldea –50 urte betetzen ditu– eta Jose Mari Azpiazu mendizale azpeitiarra omenduko dituzte.
Triatloi Herrikoia
Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia egingo dute urriaren 8an Zarautzen, Nik Tri triatloi taldeak antolatuta. Gizon eta emakume banak osatutako bikoteek parte hartuko dute proban.
Distantzia laburrak egin beharko dituzte parte hartzaileek; hori dela-eta eman diote herrikoi izaera probari. Igerian 350 metro egingo dituzte, zazpi kilometro bizikletaz, eta 2.250 metro lasterka. Izena emateko 14 urte baino gehiago eduki beharko dira, eta federatuek nahiz federatu gabeek parte hartu ahalko dute. Antolatzaileen arabera, "edozein motatako bizikletekin" egiteko modukoa izango da triatloia, ez baitu aldaparik izango ibilbideak. Triatloi proba bat lehen aldiz egin behar dutenentzat ibilbide egokia dela ere nabarmendu dute.
Dortsal zenbakiak izen emate ordenaren arabera zehaztuko dituzte, baita irteeren segida ere. Irteera bakoitzean bost bikote aterako dira, batetik besterako 30 segundoko tartearekin. Lehen taldea 12:30ean abiatuko da Zarauzko portutik, eta hondartzara heldu beharko du igerian. Anoa gunea egongo da helmugan, eta partaide guztiek triatleta poltsa jasoko dute han. Festarekin amaitzeko, parrillada eta sarien zozketak izango dira. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena proban; niktri.eus webgunean, hain zuzen ere.
Bihotzezen alde
Beste urte batez, Zarautz Bihotzekin elkartasun lasterketa eta martxa antolatu dituzte, Bihotzez kardiopatia duten umeen familien elkartearen alde. Zarautzen egingo dituzte ekintza horiek, urriaren 16an.
Orokieta Herri Eskolan izango dira bi proben irteera eta helmuga puntuak. Lasterketaren aldeko hautua egiten dutenek 4,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta 11:00etan abiatuko dira. Martxa egin behar dutenek, berriz, 10:30ean hasiko dute ekintza, eta 3,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Bi probetakoren batean izena eman nahi dutenek dagoeneko badute horretarako aukera, herrikrosa.eus atarian; hemen eman behar da izena lasterketarako, eta hemen martxarako. Korrika egitera animatzen ez bada ere, norbaitek bere ekarpena egin nahiko balu, 0 dortsala erosteko aukera izango du, hamar euro ordainduta; hori ere herrikrosa.eus-en eskura daiteke.
Azkoitiko Herri Lasterketa
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak antolatuta, urtero egin ohi dute Azkoitiko Herri Lasterketa azaroan, eta dagoeneko jakinarazi dute proba horren data: azaroaren 26an egingo dute lasterketaren XVII. edizioa. Ohiko moduan, hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.
Bihar eguerdian –12:00etan– zabalduko dute lasterketan izena emateko epea. Animatzen direnek herrikrosa.eus webgunean eman beharko dute izena, hamahiru euro ordainduta. Gutxienez 14 urte izan beharko dira proban izena emateko, eta guztira, 350 lagunek parte hartu ahal izango dute lasterketan.
Akoako Bira
Akoako Birarena izan ohi da data hauen bueltan korrikalariek ondo seinalatuta izaten duten beste hitzordu bat. Irailaren erdi aldean egin ohi dute mendi lasterketa hori Zestoako Akoa auzoan, baina aurtengoan ez dute antolatuko. 2019ko irailaren 15ean egin zuten azkenekoz lasterketa hori, eta Igon Manzisidorrek eta Ainara Urrutiak irabazi zuten proba orduko hartan.