Zer moduzkoa izan da esperientzia Amerikako Kopan?
Uste dut bizitzan behin izaten den horietakoa izan dela, ahaztezina, bai profesionalki, bai pertsonalki. Nazioarte mailako txapelketa bat barrutik ezagutzea ikaragarria izan da. Asko gozatu dut, eta asko ikasi dut. Horrez gain, gogorra ere egin zait. Maila handiko txapelketa da, eta helburu jakin bat genuen: Munduko Txapelketarako txartela lortzea. Beraz, horrek exijentzia handia eskatzen du. Oso intentsua eta gogorra izan da. Bi hilabetez, burbuila batean sartuta egon gara, hoteletik entrenamendura eta entrenamendutik hotelera, eta etengabe min hartuta zeuden jokalarien jarraipena egiten.
Zer nabarmenduko zenuke txapelketatik?
Nabaritzen da emakumezkoen futbola goraka doala. Europako Txapelketa bukatu berria da hemen; Hego Amerika ez dago Europaren mailan, baina jokalari profesionalak daude, ekonomikoki dirua mugitzen hasi da, estadioetan jokatzen dira partidak eta zaleak partidak ikustera etortzen dira. Entrenamenduetarako baliabideak asko hobetu dira, eta uste dut neu jokalaria nintzen garaitik koska bat aurrera egin duela emakumeen futbolak. Aldi berean, bi hilabete hauetan bizitakoak gogorarazi dit errendimenduko kirolak baduela alderdi hotz eta gogorra ere, emaitzak askotan pertsonen aurretik jartzen baitira.
Nolakoa izan da prestaketa?
Urtebete daramagu txapelketa prestatzen. FIFA datetan ligek etenaldia egiten dute, eta selekzioak biltzeko aprobetxatzen da. Etenaldi horiek zeuden bakoitzean juntatzen genuen selekzioa Amerikako txapelketa prestatzeko eta hainbat eratako partidak jokatzeko. Hala, ia Hego Amerika guztia zeharkatu dugu azken urtean. Lan asko egin behar izaten da bilgune horietan: asko entrenatu, teknikoki, taktikoki eta fisikoki prestatzeko. Urte guztiko lana izan da, eta uztailaren 8an eman genion hasiera Amerikako txapelketari. Guk ekainaren hasieran bildu genuen taldea, eta hilabete bateko denboraldiaurrea egin genuen.
Taldearekin egindako prestaketak emaitzak eman al ditu?
Helburua zen Munduko Txapelketa jokatzeko sailkatzea, baina ez dugu lortu. Beraz, gogorra izan da. Lortu duguna da garapen bidean dagoen herrialde batean emakumezkoen futbol selekzio lehiakorra sortzea, Hego Amerikako beste herrialdeetako selekzioen aurka duintasunez lehiatzeko gai den selekzioa, alegia. Oso talde gaztea da, eta hobekuntza nabarmena izan du azken urtean. Hala, lortu dugu Venezuela lehen aldiz Amerikako Kopako bigarren txandara sailkatzea. Bide bat hasi dugu, eta horrela jarraituz gero, uste dut emaitzak iritsiko direla.
Profesionalki, garrantzitsua izango zen zuretzat nazioarteko txapelketa batean prestatzaile gisa aritzea.
Egin dudan lanaz harro eta pozik nago, maila profesionalean aurrerapauso handia izan baita niretzat. Talde garrantzitsuetan dabiltzan futbol jokalariekin lan egitea eta lan talde teknikoko profesionalekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da, eta aurrera jarraitzeko indarra eman dit.
Beste profesionalengandik asko ikasi dut, ez bakarrik arlo teknikoan, baita harremanetan eta presio handiarekin lan egiten ere. 24 orduz elkarlanean aritu naiz fisioterapeuta, traumatologo, zirujau eta entrenatzaile teknikoekin. Bi hilabetean etengabe kasu desberdinak aztertzen aritu gara, eta esperientzia ahal nuen gehien aprobetxatzen saiatu naiz, ez delako egunero izaten traumatologo batekin elkarlanean kasuen jarraipena egiteko aukera, ezta belauneko lesio baten progresioa 24 orduz aztertzeko aukera ere. Era berean, gogorra eta intentsua izan dela ere aitortu behar dut, ez dugulako izan deskonektatzeko aukerarik.