Planetan gauden bizidun guztiok elkarrekin eboluzionatu dugu, gure populazioak erregulatzen dituzten mekanismo berak partekatzen ditugu, gure biziraupenerako estrategiak elkarren lehian edota elkarrekintzan garatu ditugu; alegia, elkarrekiko menpekoak gara. Bioaniztasuna galtzea gure osasuna, ongizatea eta bizirauteko aukerak galtzea da, besteak beste, aipatutako erregulazio-mekanismo edo prozesu horietan eragiten dugulako; esaterako, birusen hedapenean (COVID-19 koronobirusa kasu).
Gure osasuna eta etorkizuna natur ingurunearen eta bioaniztasunaren osasunaren baitan daudenez, ingurune naturala kontserbatzeak edota berreskuratzeak politika publikoen lehentasunezko jarduna izan beharko luke, baita berariaz diseinatu eta dagokion aurrekontuarekin gauzatu beharreko obra soziala edo gizarte ekintza ere.
Badira, ordea, gizarte ekintzaren izenean erakundeek baino sona handiagoa izan duten eragileak: aurrezki kutxak, hain zuzen. Gipuzkoan, orain Kutxabank bankuaren parte den Kutxaren kanpainak ezagunak izan dira. Aspaldikoa da, gainera, bide horretan gazteen artean ingurumenaren aldeko jarrera sustatzeko grina, gazteei zuzendutako hainbat kanpaina gauzatu izan baititu Kutxa Banku Fundazioak. Gaur-gaurkoz ere, Kutxa Ekogunea bezalako ekimena dauka martxan, helburu horiek betetzeko ekimenak eta proiektuak gauzatzeko gizarte eragileekin elkarlanean.
Horrengatik guztiarengatik da hain zaila ulertzea Kutxak (Kutxabank bankuak esatea zuzenagoa bada ere, ulertzen delakoan) basogintzaren arloan mantentzen duen jokabidea. Kutxa landa lurren jabea da, eta izan zituenetik asko saldu baditu ere, oraindik hektarea asko ditu bere jabegoan. Urtero milaka euroko dirulaguntzak jasotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik lur horien kudeaketarako, baso dirulaguntzen hartzaile handienetarikoa baita.
Pentsa liteke ingurumenaren alde halako jarrera erakutsi nahi duen eragileak landa lur horiek natur kontserbazioaren mesedetan kudeatuko dituela, bioaniztasunaren kontserbazioa edota berreskurapena izango dituela helburu. Baina kontrakoa da, guztiz, bere politika: Kutxak egurraren ustiapena lehenesten baitu, monolaborantzan oinarritutako ustiaketa eredu intentsiboaren bidez. Hala, bistakoak izan dira Kutxaren pinu landaketak; argazkian ikusten diren Lasaokoak, esaterako.
Basoak klima larrialdiari aurre egiteko giltzarria dira, Nazio Batuen Erakundeak 2030eko agendan jasotako Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Basoak, ez landaketak. Klima larrialdiari erantzuteaz gain, basoen kudeaketa jasangarriak baino ezin ditu bermatu lurreko ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak: ur edangarria, aisialdirako ingurune osasuntsua, ikasteko eta bizitzeko eremu naturalak, jakiak eta bestelako baliabide berriztagarriak… Hala eta guztiz ere, Gipuzkoan eta Urola Kostan ez dago ia basorik. Mantxa txiki batzuk baino ez dauzkagu, eta horiek ere egoera ekologiko negargarrian eta elkarren arteko loturarik gabe. Horregatik, zentzuzkoa da erakundeei eta ingurumenaren alde jardun nahi duen orori basoak berreskuratzeko eta zaintzeko eskatzea; horren aldeko politikak eta estrategiak, esaterako, gizarte ekintza diseinatu eta gauzatuz.
Lasaoko pinudien kudeaketa egun Gipuzkoan bizi dugun basogintzaren krisiaren erakusle argia da. Gaitzak jo ostean lehortzen ari zen pinudi sail handia matarrasan eraitsi da, lurzoruaren higaduraz eta galeraz gain, bertan biziberritzen ari zen bioaniztasunaren galera eraginez. Lurrarekiko atxikipena eta sentsibilitatea duen ororentzat, mingarria da benetan horrelakoak ikustea. Gainera, aurrera begira ere basogintza eredu berarekin jarraituko dute, pinuak landatzekotan baitira berriro (espezie ezberdinak izanagatik). Ez da erraza ulertzen halako estrategia egurraren prezioak hondoa jo duenean eta basogintzaren krisiak agerian utzi duenean sektore ekonomiko horren bideragarritasun eza lur jabeentzat; ez bada, Kutxak interesak dituelako egurraren industrian, hura baita basogintza-krisi honetatik irabazten atera den bakarra.
Zurikeria hutsa da, natur ingurunea halako modu agresiboan kaltetzen duenak, aldi berean, ingurumenaren aldeko sentsibilizazio kanpainak eta ekimenak sustatzea. Kontraesana gaindi ezina da ikuspegi kritikotik eta natur kontserbazioaren ezagutzatik hau guztia ulertu nahi duenarentzat. Lasaon Kutxa Fundazioak aukera bikaina dauka gizartearen onerako litzatekeen gizarte ekintza gauzatzeko; alegia, basoa berreskuratzeko: bertako zuhaitz espezieak landatuz edota basoari berez naturalizatzen utziz.
Pandemiaren garaian, konfinamendu osteko hilabeteetan, inoiz baino gehiago estimatu dugu gure ingurunea. Ikusi besterik ez dago nola zabaldu garen han eta hemen mendi eta landa eremuetara. Arnasa behar dugu eta horren bila ateratzen gara herri eta hirietatik landa eremura. Baso helduak, anitzak eta aberatsak behar ditugu, kolore guztietakoak. Bertako basoa behar dugu eta horixe da Kutxa Fundazioak bideratu dezakeen gizarte ekintza esanguratsuena Lasaon: bertako basoa berreskuratzeko bide egitea. Horixe da inoiz baino beharrezkoagoa dugun gizarte ekintza.