Nork esan behar zigun orain hilabete etxean konfinatuta egongo ginela? Niri, behintzat, ez zitzaidan halakorik burutik pasatu ere egin. Joan ziren sansebastianak, etorri ziren karnabalak. Txinatik etorri ziren berriak, eta Italiara joan ziren geroxeago. Eta bat-batean, joan zen asteartean, lehen zurrumurruak, lehen zalantzak, lehen beldurrak. Hemen zen koronabirusa. Edo hobeto esanda, Gasteizen zen jada, baina Txinan balego bezala ikusten nuen Arabako hiriburua une haietan. "Gu, Azpeitian, salbu gaude momentuz", esaten nion nire buruari.
Hori ostegunera arte: izan ere, egun hartara arte zabalik ziren dendak, tabernak, zerbitzuak eta abar. Gero etorri zen bertanbeheren zaparrada, baita itxierena ere. Halere, konfinamenduaren kontua, oraino ez zen pasatu nire burutik. Heldu zen asteburua, eta igandeaz geroztik etxean gaude herritar ugari. Lanerako, txakurra paseatzeko, erosketak egiteko eta beste ezer gutxi gehiagorako ateratzen gara kalera; edo ez gara irteten. Egora hori izanik, argi dudana da herritarren irudimenak ez duela mugarik. Aspalditxon askok ez zuen hainbeste denbora emango ez balkoian, ez leihoan. Txalo zaparradak, lapiko jotzeak, bingoak, musika saioak... edozerk balio du itxialdi egoera batean arnasa hartzeko.
Arnasa hartzeko diot, horretarako sekula baino denbora gehiago dugun honetan itomen sentipena inoiz baino handiagoa delako askorentzat. Telelana, telebista, telezaborra, telefonoa, dena da "tele". Egoera baretzean, ohiko bizimodura itzultzean, baloratuko al dugu "tele" ez den beste hori guztia? Hau da, izango al dugu azken boladan zokoratuta ditugun aurrez aurreko tertuliak eta lagunarteak baloratzeko ahalik? Konfinamenduak ia dena txarra duela pentsatzen segitzen dudan arren, eta teknologiak eman edo kendu digun guztia albo batera utzi gabe, uste dut aurrez aurreko harremanak preziatzen lagunduko digula itxialdiak. Noski, norbera berriz ere bere mundura itxi arte.