“Ez dago demokrazia posiblerik klaseetan oinarritutako gizarte batean” (Jesus Ibañez, A Contracorriente)
Pasa den urteko larunbat goiz eguzkitsu batean gertatu zitzaizkidan zer pentsatua eman zidaten bi gertaera, bata bestearen atzetik, ordu laurden eskaseko tartean, hari fin baten bidez elkarlotuta baleude bezala…
1)Semea ume-kotxean sartuta, buelta bat ematera atera ginen, haize pixka bat hartu asmoz. Hala, izkinako bazar txinatarraren parean, 6 eta 10 urte bitarteko bi haur txinatar ikusi nituen pozik baloi batekin futbolean jolasten. Bazarreko langile baten seme-alabak ziren antza. Alaitasuna eman zidan irudi hark, ondorengoa pentsatuz: “Egungo haurrak milaka jostailu izan arren ez direla pozik bizi esaten dute batzuk. Bi hauek, ordea, guk txikitan bezala, plastikozko baloi bat nahikoa dute ezin zoriontsuago ibiltzeko”. Bat-batean, gizon bat gerturatu zitzaien, eta bi umeei irainka eta imintzioka hasi, oso modu biolentoan. Gizonaren gorroto begiradaren parean, anai txikiaren beldur aurpegia eta malkoak ikus zitezkeen. Bi umeak bazar barrura korrika joan ziren arren, gizon hark maldizioka segitzen zien kaletik. Urrundu zenean ere, atzera begiratu, eta berdin jarraitzen zuen…
Ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena. Segundo batzuk lehenagoko alaitasuna, goibeltasun lainoek estali zidaten. Zer dela-eta gizon haren jokabidea? Nori egiten zioten min baloiarekin jolasean zebiltzan bi haur haiek? Zein zen haien errua? Txinatarren seme-alabak izatea agian? Gizona nahiko urrundu zela ikustean soilik atera ziren bi haurrak kanpora. Eta berriro baloiarekin jolasean utzi nituen.
2)Paseoan jarraitu nuen, ikusitakoa ahaztu ezinean. Zentrorako zubia igaro, eta semaforoa berdean jarri ondoren, zebra-bidea igarotzen hasi ginen, hiru haurrekin zihoan andre batekin batera. Bat-batean, kotxe handi bat ziztu bizian pasa zen, ia-ia andrea eta bere haurrak zapalduz. Kotxeentzat gorrian zegoen semaforoa. Andreak eta nik oihu egin genion gidariari, baina inguruan zeudenetariko inork ez nuen ezer esan, ezer egin. Denak isilik, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Kotxe hura heldu bat eta hiru haur hiltzeko zorian izan zen arren.
Izan ere, hura ez zen edozein kotxe. Luxuzko kotxe handi eta distiratsu bat baizik. Handik metro gutxitara zegoen bost izarreko hotel dotorearen kanpoan geratu zena. Barrutik bi trajedun gizon eta soineko eleganteko bi emakume irten ziren, zain zuten hoteleko langileari kotxeko giltzak pasa, eta sarrerako alfonbratik gora igo ziren, lepatente, inguruan zeudenen mirespen eta inbidia begiraden artean.
Langile txinatarren seme-alabei gorrotoa. Ia hiru haurren heriotza eragin zuten dirudunei gorazarrea. Batzuk, ezer txarrik egin gabe ere, beti jomugan. Beste batzuei, ekintza bortitzenak egin arren ere, beti eta dena barkatzen zaie.
Gai konplexu asko egon litezke jarrera honen guztiaren atzean (lan eskubideak, inmigrazioa, integrazioa, aurreiritziak, desberdinari beldurra…), punta eta ertz zorrotzekoak, baina argi dago zerbait gaizki ari garela egiten. Sarritan entzuten ditut bizimodua aurrera ateratzeko egunaren ordu gehienak lan ta lan pasatzen dituztenen aurkako komentarioak, arabiar edo asiar jatorrikoak direlako. Korrupzioz beteriko eskuin alderdietako buruen edo langileen eskubideen aurka gogor aritzen diren enpresarien elkarteen aurka, alabaina, askoz kritika gutxiago entzuten ditut.
Langile klasea, proletarioa, klaseen araberako gizartea… iragan urruneko kontu hutsalak direla saldu nahi digute. Porrot egindako teoriak direla, iraungitutako aldarriak. Egun ez dagoela gizarte-klaserik, edo egotekotan, denok klase ertainekoak garela. Ez diet sinesten. Gero eta handiagoa eta nabariagoa baita boteretsuen eta gainontzekoen arteko arrakala. %99aren etorkizuna % 1ak erabakitzen du, oraindik ere. Ingurura begiratu besterik ez dago: lan baldintza prekarioak, lanean hildakoen kopuru beldurgarriak, jubilaziorako adinaren atzeratzea, etxe desjabetzeak… Guzti horien erantzule eta errudun ere bazar txinoetako langileak edota pakistandarrak ote dira? Benetan?
Langile jendea langile jendearen aurka jartzea. Horra aipatu %1 horren estrategia, euren bidegabeko luxu, pribilegio eta boterea mantentzeko. Ez da taktika berria, baina esango nuke arrakasta izaten ari dela. Izan ere, gurea ere gero eta gizarte arrazistago, xenofoboago eta eskuindarragoa dela iruditzen zait batzuetan. Errazena gu baino are eta zapalduago daudenen aurka egitea da. Baina horrek ez du ezer konponduko, horiek ez baitira gure arazoen erantzuleak.
Agian iraganeko liburuei hautsa kendu eta klase kontzientzia hartzea da berdintasunean, justizian, bakean eta guztiontzako ongizatean oinarrituko den etorkizuneko gizarte bat eraikitzen hasteko lehen pausua.