Gizakion irudimenak denetik asmatu izan du, paradisu adina infernu, istorio atsegin adina beldurrezko, izaki adina leku, eta uharteek gure irudimena pizteko adur berezia izan dute: alegiazko uharteak badira literatura lanetan, eta baita geografiarako sortutakoak ere. Bat aipatzearren, Sandy uharteak hautsak harrotu ditu azkenaldian. Google Earth-etik ezabatu omen dute dagoeneko, esamesak eta konspirazio-teoriak sortuz, existitzen ez zuen (baina mapetan agertzen zen) uharte bat baitzen. Beste uharte batzuk ere (Pepys, Superior aintzirako lau, Thule zaharra…), ustez benetakoak ziren hasieran, eta irudizkoak, mapetatik ezabatu beharrekoak, gero.
Baina, alderantziz, alegiazko uste duguna benetakoa izan daiteke; begira bestela.
Cervantesen On Kixote Mantxakoan ageri dira islas de Riarán delakoak, eta idazlearen irudimenak sortutakoak direla badirudi ere, ez dira hala, eta badute beren historia, ezagutzea merezi duena, nik uste. Riarango uharteak zerrenda batean datoz, Malaga, Sevilla, Segovia, Valentzia, Granada, Kordoba, Toledo… zein beste hainbat hiritako alproja-auzo edo txorigalduentzako bazterren artean, garai hartan pikaro, lapur, emagaldu eta tunanteen auzoen artean, alegia. Baina, non daude uharte horiek?
Gaur egun ez dute existitzen, garai batean bai, ordea, eta izena behar bezala gorde izan balute islas de Arriarán izan beharko lukete.
Arriaran Beasaingo auzo bat da, hango urtegiagatik ezaguna, Nestor Basterretxearen eskultura bikoitz erraldoia duen presagatik. Han ingurukoa izan behar zuen, inola ere, Gartzi Lopez Arriarangoa, Aragoiko Fernandoren edo Gaztelako Isabelen armadako kapitaina. Itxura denez, gure kapitainak balentriaren bat egina zuen mairuen eskuetan zegoen Malaga hiria errege-erregina katolikoen eskuetara pasatzeko borroketan, eta haiek, esker onez, eskaintza bat egin zioten: lauzpabost etxe, korta eta ukuiluekin, eta hainbat denda, hiriko harresietatik kanpo eta Malagako Itsasoko atean eta ontziolen alboan.
1489ko abenduan bertan, Domingo Sanchez Lezkanokoa (Lazkaokoa, alegia) joan zen Arriarangoaren ordez etxe eta denda horien jabetza eskatzera. Horrela sortu zen, itsasoaren ertzean, baina benetako uharte izan gabe, Arriarango uhartea deitua, dirudienez orduan ohikoa baitzen hiri nagusitik aparte zegoen auzo edo etxe-multzo bati uharte edo isla deitzea. XVI. mendearen amaieran (eta baita beranduago ere) izen eta ospe txarreko auzoa zen, erabat, gure «uharte» hori.
Paper zaharrek erakutsi digute jende euskalduna (vizcaínos diote) izan zela hango «negozioen» jabe geratu zena. Arriarangoaren bi lehengusu, Lope Arriarangoa eta Pedro Agirrekoa, Juan Arabianakoa, Ojer (Oiher?) Hernanikoa, Pedro Arroziakoa… denak ere armadako soldadu izandakoak eta itxura guztien aldera, era askotako gerletan saiatutakoak. Paperek erakutsi digute, baita ere, uharte «zoriontsu» horretan bazirela ostatuak, tabernak, jatetxeak, jokorako zoko eta prostituzio etxeak. Jatetxeetatik norbaitek esana du ez zirela egokiak janariekin mizkin samarrak zirenentzat, olagarroa zein sugea izan baitzitezkeen jaki. Gainerako edaritegi eta joko –eta atsegin–lekuei buruz aipatzen da hiriko harresietatik kanpoko auzoa izanik, hango legea beste bat zela, Ameriketara bezalatsu itsas lapurretara joan zitekeen legez kanpoko jendilajearentzat ezin hobea. Han hilabeteak pasa zitzakeen ezkutuan legearen mehatxupean zegoenak.
Ni bai hortik zehar ibilitako euskaldun guztiak ezin zitezkeela santu edo artzapezpiku izan! Euskaldunen artean alproja galantak ere izan behar zutela nonbaiteko «uharteren» batean galduak! Eta horra hor, non, eta Malagan!