Besteen uteroez eta beste

Miren Gorrotxategi 2020ko urt. 31a, 09:31

Hogeitaka urte gutxiko neska gaztea denda batean sartu da, haur-kotxeari bultzaka. Dendariak, 55-60 urte inguruko gizonak, umea berea al duen galdetu dio. Neska gazteak ezetz erantzun dio, aurpegi arraroa ere jarri dio agian, harrituarena, gazteegitzat du bere burua oraindik ama izateko. Agian dendaria konturatu da neska gaztearen aldarteaz, eta esan dio argi ibiltzeko, bestela arroza pasako zaiola. Ez dakit gizona konturatu den neskak ondoren jarri duen aurpegiaz, baina entzun duena digeritu ezinda gelditu da gaixoa. Hamabost urte pasatu dira gertakizun hartatik, baina ez dut ahaztu tipo hark nire gorputzaz eta erabakiez iritzia emateko modu arin hura. Eskatu gabeko iritzi hura irentsarazi zidaten egunetik, sabelaldean erloju bat banu bezala bizi naiz. Noski emakumeok haurrak izateko adin-tarte jakin bat dugula. Are adin tarte estuagoa, arriskurik gabe ama izan nahi bada. Erloju biologikoa deitzen diote. Baina tiki-taka ozenen egiten duen erlojua, biologikoa baino gehiago, gizarteak irentsarazi digun hori da. Erloju horrek, tiki-taka soinua atera beharrean, gainera, askotan, kul-pa kul- pa soinua egiten du. Ama izan beharrean, beste lehentasun batzuk izan ditugulako, kulpa. Haur bat izan eta hezteko modurik izan ez dugulako, kulpa. Ama izateko gogo izpirik ez dugulako, kulpa. Ama izatearen zama astuna bada, ama ez izateak ere badu berea. Erloju-bonba daramazu barnean.

Gero, badaude solidaritatez ama direnak. Bai, bai. Beste batek ama izan nahi eta ezin badu, beren gorputza haurdunaldia eta erditzea izateko eskaintzen dutenak. Hala zioten aurrekoan ikusi nuen erreportaje batean, haurdunaldi subrogatura jo zuten guraso batzuek. Ukrainara jo zuten, beste Europako bikote askok bezala. Europaren umetoki bihurtu omen da. Oso solidarioak izango dira Ukrainan, nik ez baitut Euskal Herrian emakumerik imajinatzen eskuzabaltasun osoz bederatzi hilabetez umetokia alokatzeko prest dagoenik. A, bai, noski, ordaindu ere egiten zaie. Baina ez dute diruagatik egiten, ez. Ehun eurora iristen ez diren soldatak dituzte, baina solidaritatez egiten dute. Noski baietz. Eta haurrak "akatsik" badu, hemengo familiak uko egiteko eskubidea du, gainera. Gustura ez bazaude, dirua itzultzeko eskatu, eta listo. Ez da merkantilismoa, guraso izateko denok dugun eskubidea baizik. Noski baietz.

Norbaiti irudituko zaio gizon hura nire uteroaren iraungitze-datarekin sartu zen bezala ari naizela ni ere egiten beste batzuen gurasotasun-erabakian muturra sartuz. Horixe saihesteko, hain zuzen, erreportaje hartako guraso batzuek zioten inori ez ziotela kontatu haurra subrogazioz izan zutela. Oraindik ez dagoelako gizartean onartua. Oraindik. Denbora kontua balitz bezala. Eta, agian, izango da. Gero eta gehiago baitira bide hori hartzen duten gurasoak. Gero eta ohikoagoa da esklabutza XXI. mendean. Barkatu: eskuzabaltasuna XXI. mendean. Ai, zuzentzaile ortografikoa!

Kontatu izan dut hemen udan ukrainar txiki bat etxean hartzen dudala. Europako herrialde pobreenean jaiotzea tokatu zaio. Handik datorren edozer berrik bereziki hunkitzen nau. Udan, herriko parkeetan jolasten du, zure umeen ondoan, agian. Spirit zaldiaren abenturak ikustea du gustuko. Katuak ere gustatzen zaizkio. Eta pizza jatea, edozein haurri bezala. Baina zure haurrak ez bezala, hemendik hogei urtera, beste emakume baten haurra sabelean eramateko erabakia hartu beharko du agian. Zer eta bere seme-alabei jaten eman ahal izateko. Eta agian ez, Euskal Herrian beti izango baitu lagunduko dion familia. Baina bere herrialdeko neska gazte gehienek ez dute zorte hori izango. Euskal familia askok ukrainarrei osasun-programen bidez laguntzen badiete ere, beste batzuek herrialde hartan sabel bat alokatzea erabakitzen baitute.

Badirudi ez gaudela The Handmaid’s Tale-ko distopiatik hain urrun. Baina ez gara gu gorriz janztera beharturiko mirabeak, ez besteren haurrak sabelean eramatera behartuak. Ez, ez gara gu. Hori gertatzen uzten dugun jendilaje miserablea baino ez gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide