Ze inbentu-klase dira "festak"? Herri bateko festa nagusiak, esan nahi dut. Nere irudipena da ganadu-ferietatik datozela asko (sanferminak "Iruñeko feriak" ziren berez), eta botereak (politikoak eta erlijiozkoak) bere burua ohoratzeko eta, bide batez, herri obeditzailea hondatzeko, ahultzeko eta pobretzeko eginkizuna dutela festa nagusi hauek.
Herri ez-obeditzaileak, berriz, beti jakin izan du festak kalterako direla, festa nagusiak "nagusien festak" direla (nagusien mundua gizentzekoak), eta festak pasatzeko direla, baina bere esanahi oinarrizkoenean; hau da: "ondo pasau"-k esan nahi duela horixe: pasatzea, lehenbailehen pasatzea eta "hobe bai pasata baleude!", txikitatik zaharragoei aditu izan diegun bezala. Ez da pentsatu behar, ordea, zaharren kontua bakarrik denik hori. Zenbat jendek, festetan ezer erakusteko edo irabazteko ez daukan zenbat jendek maite ditu benetan bere herriko festa nagusiak? Utzi alde batera alkate, zinegotzi, ahaldun, lehendakari, gotzain, kamello, tabernari, txosnero, taurino fatxa-tankerakoak edo animalista histerikoak; utzi alde batera "herri hau oso festazalea dela" sinesten duten herritar txintxoak (ez dute ulertzen horrek esan nahi duena dela herria "oso lanzalea" izatea nahi luketela, eguntxo batzuen etenarekin); utzi alde batera entretenigarrien industriatik eta aisialdiko haixealditik bizimodua ateratzen dutenak; utzi alde batera, gaxteak: haiek irabazi ez dakit, baina erakutsi bai, izugarrizko erakutsi-beharra edukitzea tokatzen zaie askotxori, eta bereziki hauxe: badirela zeozer eta badutela leku bat merkatu edo sailkapen parrandero eta/edo sexualean. Eta gero umeak datoz, eta horrek barraketara garamatza, umeen ustezko zorionera, non ikasten duten gauza ona dagoela zarata haundia eta argi asko eta makina haundiak dauden tokian, eta sentsazio bortitzak eta aztoratzekoak direla biziaren xaltxa, eta gauza on horiek denak diruz erosten direla. Barrakak inbentu naxkante bat dira eta haien egitekoa da, funtsean, Askotasun Aztoragarriaren sistema honetan umeak trebatzea eta dotrinatzea.
Utzi beharrekoak utzi alde batera, beraz, eta jarri beste aldean beste guztiak: festak itomen zaratatsu moduan eta beste era txar askotan bizi —jasaten— dituen jende mordoa kendu, eta nere galdera da: ba al daki inork zer aterako litzatekeen «festa nagusiak bai edo ez» herri-galdeketa bat egin ezkero? Ez dakigu, jakina, ez dagoelako agintaririk hori egiten ausartuko denik, baina nere uste koxkorra da, galdeketan hasi ezkero, aurrenekoan ezetz (nola ba?: "betiko" gauza bat!), baina bigarren edo hirugarrengo galdeketan festa nagusiak kentzea aterako litzatekeela garaile herri asko eta askotan. (Kalte-ordain moduko batzuekin, jakina: gaxteentzako orgia gozojatorrak antolatu beharko lirateke, tabernarientzako berregokitze profesionalak erraztu, agintariei youtuber bihurtzen lagundu beren burua famatzeko, eta abar ez oso luze bat.)
Nik neuk festa nagusiei buruz sentipentsatzen dudan hauxe bera sentipentsatzen nuen hamabost urterekin ere. Gero gauzak sartzen hasi ginen gorputzean, aurrena zurruta eta gero zorrota, eta holaxe jasan genituen festak urte mordoxka batean. Eta nik ez dut uste beste modurik dagoenik, gainera: zurrutik edo/eta zorrotik gabe ez litzateke inola ere festarik "lehertuko". Bide batez: fedabide guztiek aho batez jakinarazten dute festa "lehertu" egin dela han edo hemen, ez "hasi" bakarrik; lehertzearen kontu edo antzezpen hori hainbestetan errepikatu beharra ez al da izango jende askok, barru-barrutik, utzi egin diolako festak gauza zoragarriak direla sinesteari?
Herritar maiteok: hemen ditugu festak. Santu eta patroi haundienarenak dira gureak; agintari haundienak izaten dira herrian. Baina nere modukoak oso-oso txiki eta motx sentitzen gara egun hauetan. Ni, seguru asko, nahiko atzeratua, anormala edo izua izango naiz. Nik Marea Urdina sentitzen dut gertuena: Marea Arroxa baino askozaz gertuago. Ni egun hauetan oso bat egina sentitzen naiz aniztasun funtzionala dutenekin eta behar bereziak dituztenekin. Oso antzekoa, oso holakoa. Baina ez naiz bakarra, eta badakit asko garela.
Nere lagun batek esaten zuen herriko festetako gauza ederrena gaurko eguna dela, Baserritarren Eguna eta, bereziki, ganadu-erakusketa. Behien patxadari begira egotea; blonda arrazako behi horizta guri horien ondoan egon, eta haien atze mardulak, adar dotoreak, errape ikusgarriak, garbitasun eta dotorezia tuneatua mirestea. Debalde eta ostiyena jotzen ibili gabe, gainera.
Xenpelarrena da bide bakarra, bere bertso ezagunenean adierazia: "debalde festa preparatzen det, gogua dedan orduan". Aurrekonturik, preziorik eta programarik gabeko festa... eta bizitza.
Bien bitartean, Marea Blondan gaude gaur.