Joan den aste horretako goiz batean entzuna dut kukua kantari. Martxoaren amaiera izanik ez zukeen arraroa zer izanik, baina hala egin zitzaidan, nengoen lekuagatik. Autobusa iritsi berria zen Donostiara, eta Loreak eraikuntzen biribilgunean, kanpoko autoen zaratarekin eta autobus barruko isolamenduarekin, ez zen sinestekoa kukua han kantari aritzea. Esku artean nuen liburutik arreta apartatu eta nire inguruan jarritakoan konturatu nintzen kukuak soinua aldrebes jo zidala: sakelako telefono baten doinua zen, ez hirian desbideratuta zebilen hegaztia.
Ba omen du bere garrantzia urte-sasoi honetan kukuaren kantuaren zain egoteak. Izan ere, kukua urtean aurreneko aldiz kantatzen entzuten denean, dirua erakutsi eta esan behar omen zaio: "Badiat oraindik". Alegia, negu gorria pasatu eta oraindik diru apurren bat geratu zaigula. Formula hori erabiliz gero urte guztian izango omen dugu dirua poltsikoetan. Ez dago gaizki, eta horregatik zaindu behar kukuaren lehen kantua.
Baina gaur egun ez dago fidatzerik, edozein sakelakok egin dezake kuku, eta kukuak makur jo. Hala esaten da espero zena espero ez bezala ateratzen denean: kukuak oker jo dit. Gezurra fantasiazko paperez estalia etorri ohi baita, edo nahi edo desiratzen dugun hori sinets dezagun farfailaz apaintzen baitigute geure egin dezagun.
Nik kukua entzun nahi, eta kukua autobus barruan. Euskaldunek nor izateko balentriaren bat behar, eta Zelatun hitzetik abiatuta asmatu alegiazko borroka bat, non euskaldun indartsuek lizar-makilekin egurtu zituzten erromatar harroak. Mundu guztian eta burua altxa nahi duten talde guztietan egon ohi dira horrelako alegiazko istorioak, talde horren nortasuna sendotzeko sortuak, baina gehiegi sinetsi behar ez direnak.
Alegiazko kontuak sortzen ditugu gure ezintasunari indar emateko. Gure arbasoek ia ezinezkoa zuten jakitea kukua Afrikatik bide luzea eginda etorri ohi zela udaberriro gure lurraldeetara, eta asmatzen hasita esan ohi zuten martxoko Ama Birjinaren egunean (martxoaren 25a) kukuak Erromako Zubia (ostadarra) zeharkatzen zuela eta astebete barru hemen zela gure artean.
Neuk ere denborazko zubitxo bat zeharkatu nahi dut orain, eta martxoaren 25etik martxoaren 8ra joan. Badakit hemen idatzitakoak ez didala ez loriarik, ez osperik eta ez adiskiderik gehituko, baina esan beharrean nago.
Joan zen martxoaren 8an aspaldiko garaian gure inguruan egin den greba eta manifestaldi handienetakoa izan zen. Han ginenon guztion artean bazen antolaketa soziala patriarkatutik kanpora eraikitzeko asmo bat, eta baziren elkartzen gintuen beste hainbat aldarrikapen. Baina haietako batek, pankarta batean idatziak, begira jo zidan. Zioen: "Zuek erre zenituzten sorginen bilobak gara".
Zenbait feminista gazteen artean bada halako sineste bat dioena sorginek gorde zutela emakumeen aldeko disidentzia eta antzinako jakituria, emakumeen izaera benetakoa; eta hori alegia bat besterik izan ez! Horrelako kontuekin kritikoago izan behar da!
Zuen amonak ez ziren sorginak izan, eta gizarteak (gizonen egitura soziala zen aldetik) metaforikoki erre bazituen, ez zituzten sorginak zirelako erre, emakumeak zirelako baino. Zuen amonek kementsuak zirelako egin zioten aurre injustiziari, urte gogor ilunei, ezinari eta pobreziari, ez sorginak zirelako. Zuen amonek lan ugari eginda atera zituzten aurrera seme-alabak, etxekoak, haien aurreko zahartuak eta zuek, biloba gaztetxoak. Emakume indartsuak zirelako, barneko indarraren jabe zirelako, ez sorginak zirelako.
Ez zaiteztela fio, kukuak askotan jotzen du oker.