Iñaki Segurola 'Puntuka': 'Abitainen'

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 22a, 09:36

Zer egiten dugu hildakoekin? Galdera metafisiko-erlijiozkoa al da hori? Ez da ba politikoa izango? Nere etorkizuna hori al da? Ni hildako bat izango al naiz? Hildako hura "ni" izango al naiz (tanatorioan tuneatua, adibidez)? Azaroko galderak dira, hilerriak loreberritzen diren garaikoak. Eta gerora… zer da hildako bat? Itzal bat?, argi bat?, arima bat? Hitzegin behar diegu?, hitzegiten digute? Guk geuk izan behar dugu tratua haiekin ala bitartekari (medium) bati ordainduta? Gogoan izan behar ditugu ala pake-pakean utzi? Gauza asko egin dira mundu zabalean hildakoek hilda egoteko daukaten betebehar hori urratzeko edo arintzeko (nekrofilia ere ez da ahaztekoa), harik-eta Zientzia (boterearen jakintza) gailendu eta erabaki zuten arte "dena ezereza dela" eta uzteko txorakeria horiek. Baina nik dena eta ezereza bezalako mamuekin ez dut etsitzen (guztia ez delako "dena", baizik-eta "dena eta ez dena"; hau luzeegia da esplikatzeko), eta orduan gelditzen naiz galdezka ume baten umildade garbiarekin: "non daude hildakoak?" Eta ez dago erantzunik. Eta biziaz edo bizitzaz zer esan ez dakigunean bizimoduaz hitzegiten dugun bezala, hemen ere hiltzeaz eta hilda egoteaz nola ez daukagun ezer taxuzkorik esateko, ba hilerriaz hitzegingo dugu: hilen herriaz edo gizarteaz. Eta hilerrian klaseak daude. Heriotzak denak berdintzen dituela esan ohi da, demokratikoa dela, komunista dela eta abar, baina ez dago itxura haundirik. Gure modukoen hildakoak hilobitxoetan kabitzen dira, baina panteoidunak dira han nabarmenenak, eta haiek lirateke hilerriko aberatsak, burgesia, klase menderatzailea edo dena delakoa. Beren eta besteren heriotzaren jabeak diruditenak. Familia de Damaso Azcue / Guibert / Arteche / Aguirre / Alcorta...; Ucin Sendia / Uria Mendizabal / Otamendi Arocena... eta beste mordoska bat. Atentzioa ematen dute bereziki jabetasunaren laineza harro hori lotsarik gabe erakusten duten panteoi berezi batzuetan ageri diren hitzek: Propiedad de Pedro Perez Echeverria / de D. Miguel Castiella / de Acilona, eta denetan haundiena, berriz, irudian ikusten den horixe: Propiedad a perpetuidad. Ikaragarri hitz gogorrak dira hilerri baterako: beren heriotzaren jabe ez ezik, beren denboraren edo beren eternitatearen jabe agertu nahi luketela dirudi. Ez-jabe edo desjabetuen hilobitxoetan daude gureak, esanda bezala. Azaroan loreak berritu dizkiegu; heriotzako kondenari (hilda egon beharrari) kolore puskat eta usain gozo pixkat ematen dioten loreak. Ba omen dira 100 euroko eta gehiagoko lore-sortak panteoietan. Guk jarritakoak politak ziren; inguruan zebilen atso-jendeak famatu zituen behintzat, baina 7,50 euro koxkorretan erosi genituen gasolindegi batean. Barkau atte, barkau ama, edo hobeto esanda, ez barkau: zuek bazenekiten diru haundiak zikin haundia duela berekin, eta nekez ezkon litekeela zikin hori oroimen eta oroimin garbi batekin. Zulogilearekin ere egon ginen berriketa alaian. Gorputzak ezkutatzen ditu hark, baina erakutsi ere asko egiten du. Beti aditu dugu hildakoa harrek jaten dutela, baina hark ez omen du sekula harrik ikusi hilotzaren gorputzean, eta euli txikia bai erruz. Eta esaten badugu "euli txikiek jango gaituztela", arindu bezala egiten da hildakoaren egunerokotasuna eta, bidenabar, heriotzaren kategoria poetikoa ere urardotua bezala gelditzen da. Zulogileak berdintasunean sinisten omen du; baietz: denek berdin bukatzen dutela, bukatuko dugula; ustelduta, deseginduta. "Horixe da zerua", esan digu hilobia behatzarekin erakutsiaz, eta "ez dago besterik". Ni gelditu naiz pentsatzen, desiatzen, izango direla nonbait euli txiki edo haundi batzuk, sen jator bat edo dohain eder bat daukatenak, eta bizitzaren eta heriotzaren jabeen arimak edo itzalak galanki penaraziko dituztenak. "Justizia poetikoa" deitzen diote batzuek. Hilerriko burutazio txoroak; deusgabetuen ametsak. Zer dira hildakoak? Hildakoak gehiengoa dira. Munduan diren (garen) eta izan diren guztiak hartu eta gehienak hilda daude. Hargatik esaten zen grekoz, hiltzearen eufemismo moduan, "gehienak dauden lekura joatea". Eta gehiengoaren gauzek (gehiengo demokratikoa barne) atzerakada eman izan didate beti, eta hargatik egongo nintzen urteetan Abitainera azaldu gabe. Eta zerbait baneki bezala itzuli naiz Abitainera, eta, hala ere, asko direla bai baina gainerakoan sekula baino gutxiago dakit zer diren hildakoak eta non dauden. Kontraesan horretan, kontraizan horretan, bizirik sentitu naiz hilerriaren erdian, eta horretaraxe joango nintzen beharbada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide