Beste hiri-kondaira bat baino ez zela uste nuen. Zabor-irlarena, alegia. Gizakiaren axolagabekeria ezin zitekeela tamaina horretakoa izan. Bada, bai: 1,6 milioi kilometro koadro ditu gure arduragabekeriaren adibide bat baino ez den uharte horrek. Iberiar penintsula hiru bider, gutxi gorabehera. Interneteko sasi-aldizkariren batek asmaturiko gezurren bat zela sinetsi nahi nuen, pasa den astean Argian argitaratuta ikusi nuen arte, bideo eta guzti. Gure zabor-hondarrak Ozeano Barean jitoan. Albistearen azpian, beste bideo bat: urpekari batek Baliko uretan arrainak topatu ordez, koloretako milaka plastikozko hondakinekin egiten du topo, kolore bizitako marmokak balira bezala noraezean. Baina, zer egin dezakegu guk, herritar xumeok, kontsumitzaile koitaduok, egoeraz atsekabetzeaz harago? Zer, munduko kutsaduraren egoera gaileta-ekoizleei egozteaz gain, produktuak hamaika bilgarriz babesteagatik? Zer egin, bada, hondartzako uretan algak bailiran azalera eransten zaizkigun hondakin zatiak ahalik eta duintasun handienarekin kentzea besterik?
Badira aukerak. Esaterako plastic attack ekimena, Europako hainbat hiritan arrakastaz gauzatzen ari dena: hitzordua aurrez ezarrita, kontsumitzaileak supermerkatu batera joaten dira, eta, irteeran, produktuen bilgarri guztiak atzera supermerkatuan uzten dituzte, beraiek kargu egin daitezen. Kontua da ahaldundu behar dugula geure burua kontsumitzaile gisa, gure erosketa-hautuek duten inpaktuaz jabetu. Hots: konturatu gure ohituren arabera jokatzen dutela enpresek, eta ez alderantziz. Baina erosoagoa zaigu errua enpresei egoztea eta geuregan dugun ahalmenari entzungor egitea. Eta protesta egin eskualdeko hainbat herritan ezinbestean birziklatzera derrigortu gaituztelako. Hori ere geuk egin behar? Zertarako ordaintzen ditugu ba zergak! Bai, zoritxarrez asko dira oraindik planetari, eta, are okerrago, udalei izugarrizko faborea debalde egiten ari direla pentsatzen dutenak. Sortzen dugun zaborra beste norbaiten ipurditik ateratakoa balitz bezala! Barka hizkera lohia, errefusagarria zinez. Eta behin errefusa aipatuta, abagunea aprobetxatzera noa.
Hantxe, errefusaren edukiontzian biltzen baitira beste inon lekurik ez dutenak. Infernuko labea besterik merezi ez dutenak. Birziklaezinak izateaz gain, simaur-usaina izanda ere, ongarritarako ere balio ez dutenak. Errautsak, alderdikeria, partikula toxikoak, botoak, gasak, interes ekonomikoak, dioxinak... Denek dute lekua errefusen errauskailuan. Baita gaixotasunak eta heriotzak ere. Galdetu bestela Parisko Vaux-le-Penil erraustegiaren inguruan bizi direnei: hamasei urteko prozeduraren ostean, auzitegiak arrazoi eman die herritarrei, eta inguruko kutsaduraren ardura egotzi dio erraustegiari. Kalte-ordainak kalte-ordain, dozena bat lagun hil dira jada eta beste hainbeste gaixo daude, labe madarikatuaren erruz. Eta gipuzkoarrok etxe atarian berri-berri bat izateko bidean! Bejondeigula.
Baina, esan bezala, badira aukerak: erabaki politikoen bidez errauskailua gelditzea, esaterako. Aukera garestia da, ordea. Suzko munstroa elikatzeak gure patrikak hustu arren, beste batzuk beteko baititu, eta haien jabeak ez baitaude pronto morroitzat duten politika herriaren zerbitzura uzteko. Eta guk jarraituko dugu hurrengo hauteskundeetan ere axolagabetasunaren lainoan lozorrotuta, konformismoaren epeltasunean gozo.
Bukatzeko, onenean ere hitzok paperontziren batean amaituko badute ere, aurretik nire elkartasuna erakutsi nahiko nieke gaur Espainiako Kontuen Epaitegiaren aurrean izango diren Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide