San Inazio egunean, arratsaldeko bost eta erdietan, elkartzen hasiko gara zezen-plaza aurreko bideaz bestalde dagoen espaloian. Ez digute gehiago hurbiltzen utziko zezen-plazara.
Ez gara asko izango. Ezin izango dugu esan elkarretaratze "jendetsua" izan dela. Eta zer?
Azpeitiar asko omen dago zezenketen kontra, baina asko horietatik oso gutxi izango dira hurbilduko direnak. Horietako batzuek diote denbora kontua dela, pixkanaka desagertuko direla zezenketak. Beste batzuk ez dira etorriko, kontra egon arren horiek ere. Izan ere, gai hau tabua da herri honetan. Gai honen aurrean posizionatzea, Azpeitia bezalako herri batean, ez da gai samurra. Beste batzuek, zezenketen kontra egon arren, pentsatzen dute hauek desagertuko balira, ondoren sokamuturra ere desagertu egingo litzatekeela, eta aizu! hori bai ezetz! Hori sakratua da. Zer litzateke Azpeitia zezenik gabe?
San Inazio egunean, arratsaldeko bost eta erdietan, han izango ditugu ertzainak gure zain. Gu gara zaindu beharrekoak, nonbait. Gu gara arriskutsuak.
Pixkat geroxeago, zezen-plazan akabatuko dituzten zezenak arrastaka eramango dituzten gurdia eta behorra etorriko dira, herriko bandarekin batera. Honek, zezen-plaza barruan ikuskizun "dibertigarri" horri soinu-banda jarriko dio.
Eta jendea. Jende asko. Azpeitiarrak ez dira izango gehienak, baina Euskal Herriko leku askotatik etorritakoak. Plazara sartu aurretik kojinak alkilatuko dituzte gorputzak erosoago egon daitezen, eta barrura sartuko dira.
Eta gu hor egongo gara. Ez gara asko izango, baina jai eredu duinago baten alde gaudela oso garbi izango dugu. Jaietan ondo pasatzeko animaliarik ez dela erabili behar -torturatu behar- pentsatzen dugunak. Bost axola tradizioa, animaliei burla egin, tratu txarra eman eta umiliatu egiten baditu. Utikan!
Geroxeago toreroak etorriko dira. Ikusle izango diren askok argazkia atera nahiko dute haien ondoan. Guk ez. Guk torero denak beste lan batzuk egiten ikusi nahiko genituzke.
Gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Animalienganako mira beste era batekoa da gaur egun. Jendea sentsibilizatzen ari da oro har. Gero eta herri gehiago dira, bai Euskal Herrian eta bai espainiar estatuan ere, beren jaietako egitarauetatik animaliekin egindako ikuskizunak kentzen ari direnak. Baina Azpeitia ez da ari bide hori jarraitzen eta, gutxitu beharrean, gero eta gehiago dira animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak. Orain dela gutxi arte genituenaz gain, ugaltzen joan dira eta berriak asmatzen. Eta gainera, gero eta gaztegoentzat; lehenbailehen "tradizio jatorrak" beregana ditzaten.
Zer jai eredu ari gara bultzatzen? Animaliek ez al dute merezi ematen diegun baino tratu hobea?
Uztarria aldizkarian bertan irakurri nuen bezala, ez al da triste samarra azpeitiarrak bere zezenzaletasunagatik izatea famatuak?
San Inazio egunean bost eta erdietatik sei eta erdietara pankarta atzean egongo garenak ez gara asko izango, baina ikusi nahi duenari erakutsiko diogu azpeitiar guztiak ez garela jai eredu beraren aldekoak. Festetan gozatzeko ez dagoela animaliarik erabili eta sufriarazi beharrik, badirela beste aukera asko gure inguruarekin errespetagarriagoak direnak.
Ni, San Inazio egunean, konbentzimendu osoz animalien defentsa egiten duen pankartaren atzean egongo naiz, eta hau izango da nire aldarria: benetako festak, nahi eta nahi ez, animalista izan behar du, denok disfrutatu dezagun.
Nire festa eredua hau da. Hirea zein dun/k?