Duela hilabete edo, Vocento taldeko egunkari batek zekarren albiste Donostiatik Gasteizerako autobusak sekulako bidaiari kopuru igoera izan zuela.
Oker ari naiz.
Horrrek izan behar zuen albistea, baina egunkariak zekarrena bestelakoa zen. Alegia, Donostiatik Gasteizerako autobusak eginiko bidaia luzeagoa bilakatu zela Zarautzen autopistatik irten eta hemengo geltokian zegoen jendea jasotzen zuenetik. Eta donostiarrak kexu zirela bidaia lehen baino luzeagoa (denboraz luzeagoa) egiten zitzaielako.
Garraio publikoan jende gehiago ibiltzea berri pozgarria izan ordez, donostiarren erosotasuna txikiagoa izatea zen, itxuraz, kazetariarentzat edo egunkariarentzat kezka.
Ez naiz hasiko kontatzen zenbait kazetarik, jo eta su, pizten duten txikien arteko sua: bilbotarra edo Gasteizkoa, Athletic edo Reala, metroa edo topoa, Donostia edo probintzia…
Kontua da ika-mika sortzea, eta norberaren txikikeriari haize ematea. Izena ere eman diote delako joera horri:
amor a la patria chica.
Eta esan beharra dago amuari heltzea erraza dela oso, aspalditik datorren kontua baita norberaren herriari
amen,
amen egin eta albokoari artxirriak botatzea.
Aspaldiko pasadizo batekin ekarri nahi nuke zuen irudimenera sorlekuari eman ohi diogun gehiegizko ondra eta alabantzarako joera hori. Nik neuk etxean ikasitakoa dut, baina beste edozein herrietakoa izan daiteke, Bernardo Atxagak idatzita irakurria baitut antzeko kontaki-
zuna.
Kontua da aspaldi batean bazirela ibiltari batzuk (ez dugu esango zein herritakoak) Arantzazura bidaia egiteko asmoa hartu eta herritik abiatu zirenak, eta hainbateko ibilaldi luzea egin ondoren, ezagutzen ez zuten leku batera iritsitakoak. Erabat galduak, halako batean ikusi zuten telefono-poste baten gainean kokatua zegoen beletzar bat eta erromesetako batek egin omen zion
galde:
Gizon bernaluzea,
itxura de ingles,
Arantzazurako bidea
dime por donde es!
Beleak poste gainetik:
Karra, karra!
Eta taldetxoko galdegile jakintsu-usteko hark:
—Hemendik esan dik. Ederki zeundete zuek Arantzazura iristeko nik erdaraz jakingo ez banu!
Erromesek hartu zuten bidea erdara menderatzen omen zuen majaderoak esandako norabidetik, eta berriro herrirantz egin zuten Arantzazura zindozelakoan. Halako batean iritsi ziren beren herri atarietara, eta hala esan zuen batek:
—Arantzazuko gainetan gauden bezala, halako herrira (
norberak jar deza hemen alboko herriaren izena) iristen ariko bagina, esango niake hango hura Agerreko amona dela.
Eta Agerreko amona izan.
Pasadizo honek ez du irakaspen batekin amaitu nahi, baina gogoeta bat eskatu nahiko lioke Donostiatik Gasteiza doan donostiarraren erosotasuna kaltetuta sentitzen duen
ñoñostiarrari, eta
ñoñostiarkeria horri haizea ematen ari den kazetariari.