Non dira gaztetxoak? Zer tokitan ezkutatzen dira? Zein dira beraien kezkak, zalantzak, desioak, pasioak. Zerk mugitzen ditu?
Bartzelonara joan gara joan den asteburuan Grises taldekoak, Let’s Festival-ean jotzeko gogoz. Bertan, Euskal Herriko beste talde batekin elkartu, eta, oporretan herritar ezagun batekin topatzen zarenean bezala ibili gara: gustura, kontu kontari, pozik, Bartzelonan elkarrekin musikaz gozatu ahal izateko aukeragatik.
Taldekideekin oso-oso gaztea den teknikari batek bidaiatzen du beti. Nik lehenagotik ezagutzen nuen gazte hori. Tolosako Bonberenean pare bat aldiz teknikari lanetan egokitu zait. Beti eman dit atentzioa. Horren gazte izanda bere gustuko lana fin eta dotore burutzen ikusi dudalako beti. Orain, berriz, biran topatu gara, eta Bartzelonako festibal garrantzitsu batean bera ikusteak poza eman dit.
Beti izan dut gustukoa Tolosako Bonberenea. Elkarlanean dabilen jende ezberdinak osatzen dituzten tokiak gogoko ditut. Kolore, ideologia, pentsamendu politiko ezberdinez osatutako lantaldeak zoragarriak iruditzen zaizkit. Erakarmen berezi bat dute nigan. Beste mundu bat posible dela gogorarazten didate.
Atzera begira jarri naiz, eta nire herriko Gaztetxea etorri zait burura, eta bertan ibiltzen gineneko garaiak... Zenbat lan egiten genuen, zenbat gauza antolatu, zenbat bilera, zenbat ordu erabakiak hartzeko. Distantziatik begiratuta barre alai bat margotzen zait aurpegian, gaztetxoen erabakiak baino ez zirela otu zait, nahiz eta momentu hartan hil ala bizikoak egin guri.
Gaztetxeak antolatutako antzerki ikastaro batean hasi nintzen ni aktore izateko ideia gauzatzen. Asko zor diet garai hartan antolatzen genituen ekintzei. Literaturaz hitz egiten genuen edo bakoitzak eramaten zituen kaset ezberdinak jartzen genituen musikako aparatuan.
"Ea zer dagoen hemen".
Eta ordura arte inoiz entzun ez genuen zerbait topatzen genuen.
Gogoan dut nola haserretzen ginen, lau ordu irauten zituzten asanblada haietan, ezin adostu, eta azkenean adostu behar. Oso ezberdinak ginen han elkartzen ginenak, eta, hala ere, azkenean lortzen genuen irizpide batzuk jartzea eta horiek jarraitzea. Orduan, hamabost urte nituen.
Gaztetxeetara kontzertuak ematera joaten naizenean, ez da ohikoa Bonbereneako gazte horren adineko inor topatzea. Ez behintzat, azkenaldian zapaldu ditudan gaztetxeetan. Nire buruari zaharra deitzea gorrotu dut, ez naizelako zaharra, eta ez nahizelako horrela sentitzen... Baina non dago nire erreleboa? Non daude hamabost urteko Ainhoa eta Leire eta Eneko eta Amancay guztiak?
Badakit gaur egungo gazteak beste lokal batzuk dituztela. Pribatuak direnak. Kuadrilla bakoitzak hartutako lokalak. Baina non dago hor asanblada? Non iritzi ezberdinen arteko adostasuna lortzeko lau orduko bilerak? Non nahasketa?
Opio hitza jarri nahi nion izenburu gisa gaurko honi, baina hitz horren jatorriaren bila Txinako nomenglatura aurkitu dut: pozoi beltza.
Pozoi beltz batek lokartu gaitu eta, agian, erreleboaren zain gaudela betiko loan galduko gara.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide