Batemategatik oso argiye dela diogunean, esan nahi dugu tratu errexekoa dela eta hiztun jatorra dela eta kaso normala egiten duena, eta hola; bestela esanda, sinpatikoa dela, eta beharbada enpatikoa ere bai. Bestalde, argia esaten da buruz edo adimenez azkarra denagatik ere. Orduan zer? Bi esanahi al ditu hitzak? Ez ba: bakarra du, eta pertsona argiaren argitasun horrek buruzko, bihotzeko eta hitzezko argitasunak harrapatzen ditu batera; eta belarrizkoa ere hortxe nonbait: adimena, funtsean, ez da (epaitu gabe) aditzen jakitea besterik. Gertatu dena da argitasuna eta adimena bere buruzko zentzu hutsean lotuak gelditu direla gehienbat; argitasunak sinpatia eta adimenak enpatia galdu dituzte, eta hargatik doa mundua doan bezala. Gure gizartean, oso argiye izanda ez da bat "oso gora" iristen, ez diruz, ez izenez, ez boterez eta ez jakintzaz; iristen direnak axkarrak eta lixtoak izaten dira.
Asko lehortu gara denbora gutxian. Mundu garatu/eskolatu/informatuaren parte bihurtu ginenetik (XX. mende erdialdetik hona edo), lehorrak, izuak eta antipatiko hutsak bihurtu gara oro har. Eta oraingo mugikorrek eta pantallismo autistak asuntoa txartu besterik ez dute egin, baina gaitza lehenagotik dator. Eskolak jakin-ustea sortzen du, eta usteak harrotzea du berekin, eta gandortzea eta xeriyotzea. Beste adar batetik begiratuta: gizakiok beti jakin izan dugu, barru-barrutik, ez garela inportanteak, edo, gehienez ere, benetan inportanteak garela 4-5 lagunentzat, eta orain, ustea izugarri gizendu zaigularik, ezin etsi dugu inportantziarik ez izate horretan, eta hargatik dedikatzen gara geure buruari "inportantzia ematera": berez inportantziarik ez daukagulako, hain zuzen!
Gaxteak edo nerabeak ematen dugu denok: badakigu adin txoropuxtu horretan zenbateraino lehortzen, xeriyotzen edo expexialtzen den pertsonatxoa; zer premia egoten den inportantzia hartzeko, eta argi nerekin, e?, baina ni argi inorekin ez! Badirudi ekonomia edo kontabilidade moduko bat itsatsi zaigula geure gogoan, bi urteko umearen pare egiten gaituena: umeari iristen zaio garai bat nun edozeini muxu emateari uzten dion; hortik aurrera, ematea, emate garbia, debalde ematea bihurtzen da, eta «hori ezin leike», eta ematerakoan guri zeoze kentzen ari zaizkigula sentitzera iristen gara: hartu-emana pasatzen da "kendu-emana" izatera: nik balio bat daukat eta neri ez dit inork hola-ta-hola zerbait kentzen, ezta muxu bat ere. Paradoxa dirudi: eskolak eta informazioak sekula baino umetuago eta nerabetuago bihurtu gaituzte.
Azkenaldera ama zenari autobusera laguntzen nionekoa etortzen zait askotan gogora: bagoaz biok markesinaraino, eta hark "egun on!" denei argi-argi, eta ni beti lehor eta ezpainextu. Hori da hori koska belaunaldi batetik bestera! Egia da ni beti izan naizela antipatiko xamarra, orain pixkat argitu banaiz ere, eta iruditzen zait, neure burua adibidetzat jartzea zilegi baldin bada, nerabezaroko minek eta ezinek bihurtu nindutela antipatiko, eta jakin-uste eta inportantzi-gose tonto batek eragotzi zidatela gero jendearekiko tratuan natultzea.
Eta euskaljende edo herri bezala zer? Ba kontzientziak eta ideologiak asko mobilizatuko gintuztela beharbada banderen eta ideia haundien atzetik joateko, baina izugarri desmobilizatu gaituztela jende bezala, debaldeko jende bezala. Freskura eta sanidadea galdu ditugu erruz, eta Europako (munduko?) nazio zailena, lehorrena eta eutsiena bilakatu gara elkarrekin besterik gabe (asko ezagutu gabe, inori ezer demostratu beharrik gabe) egoteko, jarduteko, irri egiteko eta, zer esanik ez, zirri egiteko. Batzuetan iruditzen zait hainbeste kontzientziak eta hainbeste ideologiak alferrik galdu gaituztela jende bezala; buru hutsez argitu ahala, bihotz-belarriz ilunpe lodi batean amildu garela.
Kanpokoei esateko moduan gaude: tourist, remember that you are in Lehorreta. Geuri, berriz, komeni zaiguna da ahaztea hau Lehorreta dela.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide