Memoria historikoa ez, oraingo memoria ekarriko dizut gogora. Orain dela urte gutxi, presaka eta korrika, omenaldi bat egin zitzaien kanporatuei. Nik neuk gogora ekarri behar izan nion udaletxeari 1937ko otsailean gertatutakoaren 75. urteurrena betetzen zela eta merezi zutela halako omenaldia egitea. Esan behar dizut ekitaldi hura ez zela nire gustukoa izan, ez eta bertara azaldu ziren pertsona askorentzat, nola antolatu zen eta bestelakoak, baina ixil-ixilik egon ginen eta errespetatu egin genuen ekitaldia. Hura bai zela ondo pentsatu gabeko ekitaldia, inprobisazioa izan zen nagusi.
Baita ere, zure memoriara ekarri nahiko nuke udaletxeko alderdi guztiek 2015-2025 Plan Estrategikoa onartu zutela aho batez, herritarren partaidetzarekin, gainera. Bertan, hasieratik, eta batzuk horrela eskatu genuelako, atal bat dago memoria historikoari buruz, hau jorratzeko eta betetzeko, eta batzuek, nik horien artean, interesa ipini genuen eta udaletxeari eskaini genion memoria historikoari buruz gure aportazioak eta ekarpenak azaltzea. Hasieratik hor nabil.
Udalak Aranzadi Elkartearekin egindako hitzarmena gogora ekarri behar al dizut? Jorratu diren hitzaldiak eta erakusketak? Ikastetxeetan halako mintegiak emango dituztela memoria historikoari buruz? Turismo bulegoan Aranzadik irekitako bulegoa jendeak eraman zitzan orduko dokumentazioak, argazkiak, testigantzak eta abar? Eta memoria historikoari buruz, zenbat gauzak egin diren azken 19 urte hauetan, naiz eta norbaitek esan gauza gutxi egin direla eta hauek ez direla oso ezagunak? Hori ere entzun genuen antolatutako bilera batean, 2016. urtean hain zuzen ere.
Monolitoa edo monumentu hau, deitu ezazu nahi duzun bezala, hasierarik zegoen ipintzeko asmoa. Kokapena egokiena da, eta bazen garaia gure herrian kanporatuak izan zirenei egia, justizia eta halako erreparazioa egitea. Honako eta bestelako ekintzak eta ekitaldiak dira memoria historikoarekin zer ikusia dutenak, aspalditik lanean ari garelako, batzuk behintzat, eta ez gara adituak, udaletxearekin batera prestatzen. Ez zen asmoa urteurrena tamalgarri hau ospatzea bakarrik; beste gauzak lantzeko ere asmoa dago eta laster ikusiko dira emaitzak.
Bukaeran aipatzen duzun afirmazioarekin ere ez nator bat zurekin. Ni minduta sentitu naiz, baita nire familiakoak, nire senitartekoak, kanporatuak izan ziren pertsona asko eta kanporatuak izanda, gaur egun Zumaiatik kanpo bizi direnak ere.
Non egon zara orain arte gai hau jorratzeko eta zure aportazioak edo ekarpenak emateko, aukera izanda? Zein da argitaratu duzun zure gutunaren asmoa? Bazterrak nahastea? Protagonismoaren falta? Memoria historikoaren gaia kontrolatu ezina? Edo zerbait erakutsi, agertu edo frogatu nahi duzu?
Joseba Esnal. Zumaia.