Euskal preso politiko izan eta guraso izateko eskubidea bermatua omen dago. Duela gutxi haurra izan duten bi euskal preso politikoren kasua da, aurreko egunetan entzun diren beste hainbat kasuren jarraipena. Etxetik 700 kilometro baino gehiagotara dagoen bikoteak duela hamar hilabete izan zuen haurdunaldiaren notizia zoragarria. Kartzelako bizi baldintza gogorretan egin diote aurre gurasoek haurdunaldiak sortzen dituen egoera guztiei. Astero, kristal batek banatutako komunikazioa hilean behin elkar besarkatzeko duten aukerak samurtzen du. Guraso izan den bikoteak badaki zein beharrezkoa den elkarren arteko maitasuna ume bat sortzeko eta hazteko prozesuan.
Hilabeteak aurrera doazen bezela, ilusioek zein kezkek gora egiten dute. Kartzelako zuzendaritzak esan arren azaro aldean ama umea izateko baldintza egokiak dituen kartzela batera eramango zuela, zazpigarren hilabetea igarota, oraindik trasladoaren berririk ez. Egoera horrek guraso berrien zein inguruko senideen eta lagunen beldurrak handitzen ditu. Zer gertatuko litzateke umea aurrikusitako eguna baino lehenago jaioko balitz horretarako prestatua ez dagoen kartzela batean? Bestalde, preso dagoen bikoteak ezin jakin noiz izango den haurra jaio aurretik egongo diren azken aldia. Astero, elkarri animoak eman, eta, agian, haurra izan aurretik elkarrekin egongo diren azken momentua izango ote den zalantzarekin bizi dira. Haurdun dagoen bikotearen emozioekin horrela jokatzea oso krudela da.
Egoera salagarri honen aurrean zigortuta dagoen bikoteak ez du kexatzeko aukera handirik, beren kide askori gertatu izan zaien bezala, kexatzeak isolamendua bezalako zigorrak baitakartza. Garestiegia da protesta egitea.
Gizakia egoera gogorrenetan ere moldatzen dela ikus daitekeen beste adibide bat dugu parez pare. Gora-behera hauen guztien erdian iritsi da erditzeko garaia. Ama Valentziako Picassent kartzelara eraman dute, aita berrehun kilometro hegoaldera dagoen kartzelan mantenduz. Aitak ere haurra jaiotzeko momentuan gertu egoteko eskubidea ba omen du! Haurra jaio da. Lerro hauek idazteko garaian, jaioberriak hamar egunetik gora ditu eta aita ez dute kartzelaz mugitu. Oraindik ez du bere alaba ezagutzen. Ez du geroztik ama ikusteko aukerarik izan.
Urtarrilaren erdi aldean, beste eremu geografikoetan ohikoa dena gertatu da Mediterraneo inguruan aurten. Azken hamarkadetan ikusi gabeko elurte batek zuritu ditu bazterrak. Errepideetan nahiz eguneroko bizitzan zailtasunak bertako biztanleentzat. Eta zer esanik ez umea izango duen bikotearen familiarentzat. Etxetik Valentziara egin beharreko bidaiak berez dituen arriskuak handitu egin dira kasu honetan. Egoera horrek sortzen duen kezkak, urduritasunak zein beldurrak ekidin zitezkeen horretarako borondate politikoa izango balitz.
Kartzelan umea izatearen berezko zailtasunak handitu egiten ditu dispertsioak. Umea koskortzen ari den bezala, kartzelaz kanpoko mundua ezagutzeko beharra du. Ezinbestekoa da pertsonaren garapena egokia izateko haurrak lau paretetatik kanpora dagoena ezagutzea. Horretarako umea maitatuko duen familiako kideren edo lagunen batek Valentziarainoko bidaia egin beharra dauka, bertan bizitzeko aukerarik ez badu behintzat. Zaintza lan horrek sortzen dituen arrisku, gastu zein arazo guztiak ere ekidin daitezke.
Lerro hauetan labur azaldutako egoera salatu nahi dugu. Dispertsioak errazten du senideei zein lagunei trabak jartzea eta presoen kontra ingeniaritza emozional krudela egitea. Bizi dugun egoera politikoari dagokion humanismoa da eskatzen dugun gauza bakarra: preso daudenek ere berezkoak dituzten giza eskubideak bermatuak izan daitezela eta askea den haur jaio berria dagozkion eskubideen jabe izan dadila bizitzaren lehenengo momentutik.
Olatz eta Patxiren lagunak
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide