Amancay Gaztañaga PUNTUKA: 'Gabonak gabon'

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 24a, 11:34

Larunbatean M-rekin geratu nintzen Donostian, zerbait afaldu eta pelikula bat ikusteko, eta, bide batez, ostiralean Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan antzezlana aurkeztu izana ospatzeko. Erdialdean elkartuko ginen, Boulevardeko hanburger jatetxe ezagunaren aurrean. Han nengoela, momentuaren ironiaz jabetu nintzen, biok barazkijaleak izanda, ez genuen ez beste tokirik aukeran elkarrekin geratzeko. M berandu zetorren, beti bezala, eta luzatuko zenaren intuizioarekin, kale hartako bertako denda ezagun batean sartzea erabaki nuen. Nire arimaren berrerospena aurkitu nahian, barruko egon ezin existentziala sendatu nahian edo... Denda ederki apainduta zegoen, orain asko ematen den era ekleptiko, sutil, baina polit batean... erakargarria zen oso eta nire gorputz guztia bertako gauzatxoekin eta koloreekin dar-dar egiten hasi zen. Denak zirudien beharrezkoa, dena zen ederra, edukitzeko modukoa, erosteko modukoa. Katilutxo bat hartu nuen, kafea hartzeko kikaratxo bat, baina ez zen edonolakoa ez, tazaren behealdean zulotxo bat zuen, aho moduko bat bertan gailetak jartzeko. "Behar beharrezkoa da hau nere bizitzan", esan zidan gorputzak, "kafea eta gailetak batera izango dituzu, ez duzu beste platerxo bat behar izango"... Ikaragarria, artikulu hori asmatu zuena jenio bat iruditu zaitzaidan momentu horretan. Taza hartu bezain laster ireki zen barrutia... Han! Koadernotxo hori, bertan idatziko ditut nire proiektu berriko ideiak; Han! begira katu maskara bat! Ohhhhh ze bolatxo, bi hartuko ditut, bat M-rentzat eta bestea niretzat; Han! Gailetak zeharo polita den metalezko kaxatxo batean... Asteazkenean gaixo egon nintzen, eta hau eraman behar diet nire lankideei, bai edo bai, derrigorrez hartu behar dut... Ordaindu nuen dena. Gustura. Beteta. Asetuta. Nire arima sendatuta. Irten nintzen dendatik... Kanpoan, M iritsi al zen jakin nahian nenbilela, dendaren eskuinaldean, lurrean, gizon bat zegoela konturatu nintzen. Dirua eskatzen zuen, eta bere ondoan kartel handi bat zeukan. "Lanik gabe nago, bi seme ditut, ez dut etxerik, laguntza bat mesedez". Kartera ireki nuen eta dirua eman nion. Egun horretan iada bi aldiz sendatu nuen arima. Pertsona bezala hobeto sentitzen lagundu zidan ekintza hark eta dendan eginiko pekatuak saihesten nituenaren sentsazioa ematen zidan. Nazka emaz zidan nire buruak. Dendaren aurrean zegoen bankuan eseri nintzen, M ez zen ageri. Aurrean, koadro bat izango balitz bezala nuen denda, bere kolore zoragarriekin eta ondoan gizona, lurrean. Jendea pasatzen zen erosketekin pozik. "Gabonak datoz! Senda ditzagun gure arimak!". Pentsatu nuen, momentu horretan bertan estralurtar batzuk jaitsiko balira mundura, eta hori ikusiko balute, ezin izango luketela ulertu. Ez lukete gaitasun hori izango. Zein izaki mota da horrenbeste kontsumitzeko gai, ondoan bat goseak dela jakinda? Zer pentsamendu mota dugu gizakiok? Nola lortu dugu halako axolagabeak izatea? "Kaixo A", esan zidan M-k eta besarkatu egin ginen. Pentsamendua aireak eraman zuen. Gizona han geratu zen. Guk txinoan afaldu genuen eta gero zinemara joan ginen. Lo lasai egin nuen. Din dan don, gabonak gabon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide