Telmo Irureta PUNTUKA: 'Bagoaz'

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 10a, 11:34

(Telmo Irureta) Begi bateko betileak falta zaizkion panpina beltza sofaren urdinarekin kontrastean. Harriketarrak telebistan. Jaun ta jabeko kapituluak VHS formatuan. Izar txiki mordoa logelako sabaian. Spice girlsak hormetan. Gotelea. Argazki-album handi bat da etxe hura. Argazkiak han pasatutako momentuak. Irudietan datorkit burura XX. mendearen azken hamarkada. "XX. mendearen azken hamarkada", historiako liburuen astuntasuna nire hitzetan. Laugarren pisuan bizi ginen. Ene pelutxezko hartz kuttunak Limoi izena zuen, eta limoiak bezain horia zen Margarita. Margarita eta Pepe ziren gure txoriak. Geroago jakin genuen Pepe ez zela Pepe, Pepa baizik. Lesbianismoa kanarioen kaiolan. Beste oroitzapenetan baino nostalgia dosi handiagoa garai hartakoetan. Gutxitan joaten naiz San Jose kalera, baina handik pasatzen naizen bakoitzean egiten dut geldialditxoa. Bost-hamar minutuko atsedena hartzeko. Iraganarekin konektatzeko. Haurtzaroari errepaso bat emateko. Duela hogei bat urte izan nintzen mutikoa ikusten dut leihoan. Bixia du begirada. Alaia aurpegiera. Baina irri nik egiten diot. Berak ez nau ikusten. Berarentzat ez naiz existitzen. Etorkizuneko mamu bat naiz eta oraindik ez nau ezagutzen. Nik bai, nik bera ezagutzen dut. Nik bera izaten jarraitzen dut. Nintzena naiz. Baina orain badakit lekuak ere kadukatzen direla. Pena sentitu nuen etxe hartatik joan ginenean, tristura. Baina orain badakit ondo egin genuela. Horixe zela momentua. Orduantxe joatea zela egokiena. Bananduta zeudelako gurasoak. Aita gabe ez zuelako zentzurik hor segitzeak. Orain Erribera kalean bizi gara. Baina bagoaz. Etxez aldatzea tokatzen zaigu berriro. Bagoaz, bai, eta gogoz. Noizbait etxe hau album moduan agertzen bazait buruan, argazki gehiegi dituela irudituko zait. Oker ez banago, 2011n kadukatu zelako. Behin kadukatuta, dena usteltzen hasten delako. Bagoaz, bai, eta penarik gabe. Azken urteetan egonaldia asko zatartu zaigulako. Etapa berri baterako prest gaudelako. Sukaldea erre zitzaigun gauean attitte etorri zitzaidan bisitan. Segundo gutxi batzuetako kontua zen. Begiak ireki nituenerako joana baitzen. Baina sinisten ez ditudanak sinistu nahi izatera eraman ninduen. Sua attitteren seinale bat izan zen. Zerutik edo eztakit nondik bidalitako mezua. "Atera zaitezte hortik" esan gura zigun. Irribarre zabal batekin imajinatzen dut gaur, asko poztu da bagoazela ikusita. Bai, bagoaz. Eta etorriko naiz Erriberara, San Jose kaletik baino sarriago pasatuko naiz hemendik, baina ez dut uste geldialditxorik egingo dudanik. Ez dut uste etxe honi begira egoteak ondo sentiaraziko nauenik. Ez dut uste etxe honek magia hori duenik. Ez dut uste leiho hauetan laguntxorik azalduko zaidanik. Ei, gauza bat: lekuen kadukatzea aipatu dut lehen, baina… ez al da izango berez harremanena? Bagoaz usain hobea duen toki batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide