Amaitu da Donostiako Zinemaldia. Kendu dituzte Victoria Eugenia antzeztoki aurrean jartzen dituzten karteltzarrak. Kurtsalaren argia ere itzali da, eta ez da alfonbra gorririk kalean.
Amaitu dira sold out txartelak leihatiletan, film bakoitzaren ondoan. Ez dago iada ilararik aretoetan sartzeko. Pelikulak ere itzuli dira bere betikotasunera hau da, berriz entzungo ditugu aktore ezagunenen ahotsak bikoiztuta, ez dugu letra txiki gehiagorik irakurri beharko.
Kitto, ez dugu arduratu beharko, iada ez ditugu film arrarorik ikusi beharko. Eta hori baino hobe, ez dugu besteen aurrean film arraro horiek ikustea gustatzen zaigula irudikatu beharrik izango.
A ze lasaitasuna aizue... Zinemaldiaren ostean dena itzuliko da bere tokira. Zinema aretoak hutsak egongo dira. Film takileroak bertan. Bikoiztuta.... eskerrak.
Eskerrak zinema Zinemaldiaren ostean betikora itzultzen dela.
Etxean beti izan gara pelikulero xamarrak. Beti gozatu izan dugu astean behin zinemaz, txikitatik. Baina askotan pentsatu izan dut Madrilen bizi izan nintzenean sortu zela nire zinemarekiko benetako grina.
Arte dramatikoa ikastera joan eta ez da zaila imaginatzea aktore, zuzendari, eszenografo eta teknikoen artean bizi zarenean benetako pasioaz joaten ginela lagunok zinemaz gozatzera.
Denetarik ikusten genuen. Berdin zitzaigun film takileroa zen edo Asiatik zetorren hitzik gabekoa. Hamabi urte haietan zinema kontsumitu nuen. Benetakoa. Ikasteko grinaz haratago... gozatzeko gogoarekin.
Hizketaldi luzeak izaten genituen zinema aretotik irten eta 8 ½ dendaren ondoan zegoen kebabean. Filmari buruz hitz egiten genuen bai, baina baita biziari buruz ere edo istorio hark barruan sortu zigunari buruz. Aktoreen lanaz gozatzen ikasi nuen, bertsio originalean! Zuzendarien kontatzeko erak bereizten ikasi nuen pixkanaka. Ez nintzen aktore bezala ikasten ari, ikusle bezala, analfabeto bat izatetik zerbait ulertzera iristen ari nintzela konturatu nintzen. Eta hau zoragarria da... irakurtzen ikasten duzunean bezala, zure aurrean dauden posibilitate guztiei irekita zaudela sentitzen duzu. Ba hemen berdin. Kodigoa ulertzen hasi nintzen.
Kuriosoena da hauxe bera astero errepikatzen genuela, ikasleak ginen eta noski gure ekonomiak ez zigun gehiagorako ematen, baina horretarako zeuden zine forum-ak eta maratoiak.
Ez zen postureoa. Grina zen. Pasioa. Gogoa. Gustua. Maitasuna. Irrika.
Astero.
Zestoan ez dugu zinema aretorik eta askotan Donostiara joatea tokatzen zait, bertsio originalean film bat ikusteko aukera hantxe baitago. Gehienetan Truebara... eta han nagoela pentsamendu bat etortzen zait beti burura: Nola da posible, horrelako Zinemaldi garrantzitsu bat duen hiriak bere aretoak hutsak izatea? Nola da posible bertsio originaleko eskaintza horren txikia izatea? Nola da posible...
Postureoa nagusi dugu artean lagunok. Zinemaldiko sarrera guztiak erosi ditugula kontatzeko gogoz egoten gara. Ilaran. Zeinen kulturetak garen aldarrikatuz. Film hau edo bestea konparatuz, askotan kritikatuz.
Madrilgo urte haiei eskertzen diet kodigoaz gozatzen erakutsi izana. Ttirriki-tarraka pixkanaka gogoko dudan eta ez dudan, mutu zein takileroa denaz gozatzen irakatsi izana eskertzen dut eta zuek gonbidatzen zaituztet Zinemaldi zoragarri horretaz haratago bizia badagola sentitzera. Ez delako urteko aste batean bakarrik gozatu behar arte honetaz. Egunero gure eskura dugun zerbait delako. Liburu on bat bezala.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide