Maite Arrutiren GUTUNA: "Ikastolako guraso zaharrei"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 27a, 15:31

Maite Arruti Arakistain Salbatore Mitxelena ikastolako ikasle-ohiak idatzitakoa da.

Baina ni ez bainaiz hemen/neuk sortu hutsean ari” zioen Amets Arzallusek azken bertsolari-txapelketa nagusiko agurrean. Eta horixe bera pentsatu nuen Ikastolaren 50. urteko ikasle-ohien jaian, ikastolako familia osatzen dugunoi so.
Harro gaude, bai jauna, baina meriturik egin ote dugu harro egoteko? Izan ere, gu ere ez baikara geuk sortu hutsean bilakatu ikastolako ikasle. Eta Arzallusek gurasoei esker ona azaldu zien moduan, guk ere ikastolara eraman gintuzten haiei esker ona azaldu beharrean gaudela uste dut. Eskerrak eman nahi dizkiet 1975. urtetik atzerako ikasleen gurasoei. Heziketa xumea zuten haiei, eskolatu gabeak asko, arbasoengandik jasotako altxorra hartu eta beren haurrei oinordetzan utzi zienei, hizkuntza-ondare horren balioa bikoiztutakoei. Ez zen erraza izango, garai haietan, umeak ikastolara eramatea. Adorea behar zen gero haurrak lizundutako auto-garajeetara eramateko, eliz atarira, sorginez betetako etxe abandonatuetara. Barrua behar zen gero poliziak jipoitutako irakasle haien esku haurrak uzteko. Gibela behar zen autoritateak haurrak kaleratuko zituzten beldurpean bizitzeko. Haien seme-alabek euskaraz ikas zezaten. Euskara putzu sakon eta ilunetik atera zitekeela abestu eta amestu zuten. Beren haurrek gaztelaniazko testuliburuekin euskaraz ikas zezaketela sinetsi zuten; Aitorren hizkuntzari bide egin behar zitzaiola sinistu zuten. Ez zen gozoa izango normalizatu gabeko hizkuntza hartan hezkuntza-proiektu baten alde apustu egitea; telefonoa urrutizkina zen garaian, egunkaria izparringia zenean, eta dortoka, berriz, Martin geldia. Euskararen aulkiak bi hanka zituen garaian. Ikastolak zuekin duen zorra kitatzea ez da erraza izango. Gogoa, nahia eta indarra jarri zenituzten, dirua, izerdia eta malkoekin batera. Ikastolako jaian bildu ginen horien guztien oinarri eta erantzule zarete. Belaunaldi berriek ez zaituztete ezagutzen, baina guk ezin utzi jai honetara gonbidatu gabe, aulki bat gerturatu gabe, zuek ere euskararen plaza horretan eser zaitezten. Basamortu lehor hartan hazia erein baitzenuten, ureztatu eta haize zakarretik gorde. Handik sortutako uztak kutsatu baitu ingurua, beste ikastetxeek ere euskararen testigantzari hel dakien. Eta olatu hori garatzen joan da, beste olatuekin batera, Euskal Herri osora, mundu osora jalgi arte. Eta, ezinbestean, ezin etxekoak ahaztu. Aukera izan nuenean eskerrak eman ez nizkizun horri, zauden tokian zaudela:eskerrik asko, aita!eta zuri bai, garaiz… eskerrik asko, ama! Maite Arruti Arakistain. 1964. urteko Salbatore Mitxelena ikastolako ikasle-ohia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide