Olioa. Esnea, zerealak (bihar gosaltzeko). Fruta. Gulak, pizza bat (gaur afaltzeko). Komuneko papera, intsektizida. Xanpua (atzo bukatu zitzaidalako). Ogia. Ez dut besterik erosi, besterik behar ez dudalako. Beno, eta zerbait falta bazait, itzuliko naiz gero. Zein erraza den bizitza dena hain eskura duzunean! Eroso mugitzen naiz egunerokotasunaren xinpletasunean. Baina supermerkatutik irtetean gizon bat ikusi dut lurrean. Eserita. Oinutsik. Aurrean katilu bat zuelarik. Txanponentzat. Eta kartoi-zati batean bi hitz idatzirik: SIN RECURSOS.
"Una ayudita, por favor" esan dit. Ia ahotsik gabe, Unicefeko iragarkietakoak baino grisagoa den begirada batekin. Ez dakit zer sentituko duzun zuk horrelakoetan. Ondoan duzun hori hain gaizki dagoela jakitean. Hain bakarrik, hain triste. Nik gustura botako nioke burura laranja bat. Ogi-barrarekin emango bestela kaskarreko bat.
Ez dut jende alferra atsegin. Zer irabazten dut nik zuri dirua ematearekin? Jo txirula, mesedez. Bota bertso bat. Edo lagundu kotxera eramaten erosi berri ditudanak. Kontaidazu txiste bat. Saldu kleenexak. Edo eskuz egindako pultserak. Edo zeuk margotutako harriak. Abestu. Ez dizut ongi egin behar duzunik esaten gainera, saiatzearekin nahikoa da. Intentzioa ikusi nahi dut, irentsi zaituen iluntasunetik irteteko asmoa. Biktimismoa ez da batere erakargarria. Animo! Mugitu ipurdia! Eta ez baduzu mugitzeko indarrik, egin estatuarena mozorroturik.
Gaztetxo (gaztetxoago) nintzela ikusten nuen batzuetan pailazoz jantzitako tipo bat kalean. Geldi-geldirik egoten zen halaxe, estatua baten moduan, eta paretik pasatzen nintzen bakoitzean, harrizkoa ez zela gogorarazten zidan. «Kaixo, majo» irakur nezakeen bere begietan. Keinu egiten zidan. Horrek eta horrelakoek ez didate sekula kaskarrekoak emateko gogoa piztu, eta badakizu zergatik? Ez direlako hain biktimak. Kolore bixiz erantzuten diotelako errealitatearen gordintasunari. «Eskerrik asko» ozen eta alai bat zion oparitzen pailazo hark txanponen bat botatzen zion orori.
Ez da hain zaila normala izatea. Marraz iezadazu gutxienez irribarrea. Nori ordaintzen zaio ezer ez egiteagatik? Emaidazu arrazoi bat kartera ateratzeko poltsikotik. «Una ayudita» ez! Ez dit balio. Eta jarrera aldatzen ez duzun bitartean, nigandik jaso ahal izango duzun laguntza bakarra beste bi hitz dira: sin recursos... NI VERGÜENZA. Horrela behintzat osorik izango du esaldia zure kartoizko kartelak.
Ez naiz zuhurra, zentzuduna baizik. Eta zentzutik zentzugabekeriak egin ditzaket zugatik. Paulina Rubioren CDa erosi banuen, zergatik ez dut sarituko ba zure kantua? Prest nago nire motxilan lekutxo bat gordetzeko zure harrientzat. Zure pultserentzat. Zure kleenexentzat. Prest nago, prest. Prest nago behar ez ditudanak ere erosteko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide