"Ama begira zazu, leihotik plazara: ni bezalakorikan plazan bai ote dan...".
Zu bezalakoak, gutxi, batere ez esatearren, Kontxu.
Ama begira zazurekin ezagutu zintudan oholtza gainean, Zelaitxo zeneko hartan. Algara ederrak oparitu zenizkigun hainbeste estimatzen zintugun herritarroi.
Gerora, azpeitiarrak jarraitzaile sutsuak izan dituzu bai antzerkian, bai Goenkalen...
Gorpuztea tokatu zaizun pertsonaiak estimatu izan ditugun arren, Kontxu emakume handia maite izan dugu bereziki, zure energia, indarra, irribarrea, algara... Barrez eta umore oneko gogoratzen zaitut batez ere. "Zer moduz antzerkian? Ari al zarete? Eutsi horri! Segi idazten!". Animo hitzak beti.
Antzerki Topaketen barruan omenaldia jaso zenuen hartan, Lakrikun antzerki taldekooi parte hartzea egokitu zitzaigun. A ze gozatua hartu genuena zure bizitzako pasarte haiek gogoratuz! Gutako askok ez dugu zurekin lan egiteko aukerarik izan, baina zure azalean sartu ginen une batez, zure antzerkiarekiko pasioa kutsatuz, betirako.
Zuk erakutsi zenigun, Kontxu, emakumeok ere antzerkian zeresana eman genezakeela, plaza hori guri ere bazegokigula. Zinez erakutsi duzu zure ibilbide oparoan.
Hasi bezala kantuan amaitzea onena... Irribarrez eta umore onean... Ezta, Kontxu?
"Ama begira zazu, leihotik plazara: ni bezalakorikan plazan bai ote dan...".
Agur eta ohore, adiskide!