Legealdia amaitzear den honetan balantze pertsonala egiteko une aproposa iruditu zait. Obra, zenbaki eta datuez baino, emozioez eta barne bizipenez hitz egitekoa. Izan ere, 4 urte bizi izan dira, alor guztietan. Oso motz zein oso luze egin zaidan denbora tartea, momentuen arabera. Atzera begiratu, eta 2011ko udaberri hura atzo izan zela iruditzen zait, eta hunkitu egiten naiz momentu historiko hura oroitzean. Ordutik hona bizi izandako gertaera pila ikusita, alabaina, hamarkada bat ere pasa dela esango nuke batzuetan…
Erreferentzi modura ditut, alderdi eta sigletatik haratago, herriaren partaidetzan eta desberdinen arteko elkarlanean oinarritutako aldaketa prozesuak. Txilen, Salvador Allende buru zuen Unidad Popular koalizioak 1970an hasitako bidea aipatzen dut beti lehenengo, 45 urte beranduago, orduan bezain bidezkoa eta zuzena iruditzen baitzait gaur egun ere. Ildo beretik eman ziren duela gutxiko beste bi aldaketa esanguratsu ere: Bolivian, 2006an, Evo Moralesen hautaketan eta Uruguayn, 2010ean, Jose Mugicarenean gauzatu zirenak. Hain juxtu, Euskal Herrian kolore anitzeko hari matazak ordezkatzen duen berbera. Gehiengo sozialek bide demokratikoetatik egoera aldatu eta guztiontzako etorkizun hobe bat eraikitzea xede duena.
Getariako Udaleko errealitatetik abiatuta, gauzak beste modu batean egitea posible zela erakustea zen nire helburu nagusia. Eta posible dela erakutsi dugula esango nuke. Udalbatzar, batzorde eta bileretan egin dugu lan, baina herritarrekiko bileretan, aurkezpenetan, auzolanean, ekintzen antolaketan… ere bai. Herriarentzat eta herriarekin lan eginez, gure leloa egunerokoan txertatuz: ilusio, gogoa eta konpromisoa. Eta hiru horiei alaitasuna eta positibotasuna gehituta, gainera.
Denak bezala, gauza batzuetan gehiago asmatuko genuen, besteetan gutxiago. Hainbat gauza ondo egingo genituen, eta beste hainbat hobeto egin zitezkeen, noski. Baina gure ahalegin dena jarri dugu, gure printzipioei jarraituz eta une oro herriaren interes kolektiboa bilatuz.
Pertsonalki luxu eta plazer bat izan da Bildun halako lantaldearekin aritzea. Familia edo koadrila bat bezala izan gara denok, elkar lagunduz, elkarrengandik ikasiz, bideko oztopo eta zailtasunak denon artean gaindituz… Zenbat eta zenbat ordu, une eta irakaspen eder…Eta bereziki Nika aipatu nahiko nuke, urte hauetan egindako lanagatik: sartutako orduak, erakutsitako jarrera irekia, gertutasuna, arazoak konpontzeko eta akordioak egiteko gaitasuna, guztiekiko errespetua... 2011 aurretik apenas ezagutzen ginen elkar, baina ordutik elkarrekiko miresmen eta laguntasun sendoa eraikitzen joan gara biok. Barnean luzerako geratzen diren sentipenak.
2011n, asko maite dudan pertsona batek, ni zinegotzi izateak ez ziola grazia handirik egiten, eta holako tokietan, edo “beraiek” bezalakoa bihurtzen zarela edo osasunez gaizki amaitu esan zidan. Hori ez zela horrela esan nion. Gaur, ez naiz inolaz “eurak” bezalakoa bihurtu, eta osasunez ere ondo amaitu dut. Hitza bete dudala iruditzen zait, beraz, eta honek ematen dit poz eta lasaitasun handiena.
Aurrera begira, duela 4 urte bezala, ilusioz eta itxaropentsu nago. Herritarron ordua da berriro ere. Herriaren etorkizunerako nahi dugun bidea hautatzea tokatzen da: herritarren partaidetza bidezko gobernua (ezkerreko politika sozialekin) ala botere ekonomiko eta jauntxoena (eskuineko politika neoliberalekin). 2011n martxan jarritako kolore anitzeko bidean aurrera egitea ala berriro atzera egitea, iragan grisera itzuliz. Asko dago jokoan, baina badakit herriak ondo erantzungo duela.
AEBtako aspaldiko presidente batek esana da: “Norbere pribilegioak printzipioen gainetik jartzen dituenak, laster biak galtzen ditu”. Ea oraingoan ere, denon artean, herriko gehiengoaren printzipioak gutxiengo boteretsu baten pribilegioen gainetik jartzea lortzen dugun
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide