Hamabosgarrenean aidanez
Zarautz Zero Zabor taldeak 2013ko abenduan, 15 bilera burutu ondoren, amaitutzat eman du bere parte hartzea Hondakinen Mahaian. Ondorioz, 2014ko hasieratik ZHMaren ibilbidetik at geratu da.
Hondakinen Mahaian aurkeztutako proposamen desberdinen artean, hondakinen kudeaketaren arazoa konponbidean jartzeko gai den proposamen bakarra, atez ate 2.0, baztertu egin du Mahaiak. Aldiz, abiapuntu bezala hartzen du bere inefikazia soberan demostratua duen edukiontzien sistema. Beraz, Mahaiaren prozesua nolabaiteko iruzurra izan dela deritzogu, aldez aurretik atez ateko sistema baztertuta zegoenaren susmoa egiaztatuta geratu baita, gure ustez.
2013ko urte hasieran, hondakinen bilketa eredua adosteko asmoz, Mahaian parte hartzeko gonbitea jaso genuenean, ez genuen zalantzarik izan: ZZZ bertan izango zen, eztabaida parametro objektiboan, zentzudunean, planteatzen zen neurrian, interes maltzurrekin gizartean haizatutako gezur, topiko eta mamuak saihestu eta desmuntatzeko baliagarria izango zelakoan. Politikoki desitxuratutako eztabaida modu arrazionalean bideratzea beti baita positiboa.
Hondakinen bilketaren gaia berez teknikoa dela jakitun izanda, gizarte eragileok alor tekniko horretan denbora eta energia gehiegi xahutzea, ez zen batere desiragarria. Askoz ere premiazkoagoa baita hondakinen prebentzioan eragiteko lana eta sentsibilizazioa burutzea, hondakinik onena sortzen ez dena delako.
Hala eta guztiz ere, guztion aldetik arduraz jokatzeko garaia zela iritzita, ZZZek, herriko beste eragile batzuekin batera, modu irekian parte hartzeko jarrera aktiboa eta eraikitzailea hartu genuen. Beti ere Mahaiak hasieran finkatutako gutxieneko gaikako bilketa portzentajea erdietsiko lukeen eredu baten ezarpena helburu hartuta.
Uztailerako Mahaiaren egutegia adostu zen, hurrenez hurren: helburua zehaztea, gutxieneko baldintzak finkatzea, sistema desberdinak proposatzea, sistemak aztertzeko irizpideak finkatzea, azterketa teknikoa egitea (EHUko lan taldearen eta udal teknikarien partetik) eta bilketa sistema adostea.
Ondoren sistema berriak bete beharreko helburua ere adostu zen (%70eko gaikako bilketa portzentajea) eta baita gutxieneko minimoak ere: helburua lortzeko gaitasuna, kontrolatua izatea, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izatea, ahalik eta onespen handiena lortzea,sentsibilizazioa eta heziketa sustatzea eta herriko ezaugarrietara moldagarria izatea.
Sistema desberdinak mahai gainean jarri ondoren, kronograman adostutako irizpideen finkatzea eta azterketa teknikoa ez ziren gauzatu, eta hortxe hasi ziren gauzak okertzen, akordioaren muina izan beharko lukeen oinarri teknikoa alboratu eta bestelako adostasun ‘politikoa’ hobetsi zenean.
Hala ere, eredu guztiak lan taldeetan baloratuak izan eta gero, ondorio garbi bat atera zen prozesu hartatik: atez ate 2.0 sistema zela epe laburrean zehaztutako helburuak bermatzen zituen bilketa sistema bakarra, teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izateaz gain.
Baino hara non ZHMk, inondik inora plazaratu ez diren arrazoiak medio, ZZZek proposatutako eredua bazterrean utzi du, batzuen erabaki politikoaren ondorioz. Beraz, ZZZen egitekoa eztabaida politikoetan aritzea ez denez, erabaki politikoek -eta ez teknikoek- gidatutako ZHM bere horretan uzten du.
Bartolo Iribar, Inhar Agirrezabal eta Jon Mikel Larrañaga. Zarautz Zero Zabor.