Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, hizkuntza ohiturak astintzeko eta euskararen erabilera handitzeko. Herriz herri hasi dira batzordeak prestatzen eta lanak antolatzen, eta dagoeneko kalean da aurtengo abestia ere.
Bi zarauztarrek sortu dute kanta: Xabier Zabala musikariak ondu du doinua, eta Andoni Egaña bertsolariak jarri dizkio hari hitzak. Esazu hitz bat da abestiaren izena, eta bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egañak, Aiora Renteriak, Pettik, Maddalen Arzallusek eta Ainhoa Larrañagak. Kantuarekin batera, goiko bideoklipa ere aurkeztu dute.