Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Gure Eskuk askotariko ekintzak gauzatu ditu azken urteetan. Aurtengoan, baina, zerbait berezia du esku artean dinamika horrek: autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. Kataluniako zenbait eragile sozialekin elkarlanean egingo du Gure Eskuk ekintza hori: ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak.
Azpeitiko Gure Eskuko kideak buru-belarri murgilduta daude ekintza horren prestaketa lanetan, eta aurtengo aldarriak "bereizgarri bat" izango duela azaldu du Luxio Galarragak: "Orain arte beti aritu izan gara katalanek egiten zituzten ekintzen jarraipena egiten, baina duela bi urte, Gure Esku ANCrekin elkarlanean hasi zen, eta horren emaitza da Pirinioetako Bidea egitasmoa elkarlanean antolatu izana", esan du. Horrek bere garrantzia duela nabarmendu du: "Ekintzak balioko du adierazteko Katalunia eta Euskal Herria beti elkarlanean aritu izan garela eta orain ere hala jarraitzen dugula. Estatu berberen menpe gaude bi nazioak, eta aldarrikapen bera egiten dugu. Pirinioak argiztatuz, Europari eta munduari azaldu nahi diegu gure estatua aldarrikatzen eta erabakitzeko ahalmena eskatzen dugula. Aldarri bateratua izango da, eta horrek beste indar bat ematen dio ekintzari".
300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Espainia) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak izango dira batzuk, eta gailur gorriak besteak. Gailur berdeak ia herritar guztientzat dira irisgarriak; gailur gorriak, berriz, zailtasun handiagoko tontorrak dira; horietan bete da dagoeneko izen ematea.
Eskualdeko mendiak
Gailur berde bakoitzaren arabera banatu dituzte Euskal Herriko herriak, eta Urola Kostako biztanleek mendi jakin batzuetara igo beharko dute uztailaren 2an. Hain zuzen ere, eskualdeko herritarrek Lapurdiren eta Nafarroaren arteko mugan dauden hiru gailurretara igotzeko aukera izango dute: Azpeitiari, Errezili eta Beizamari Larhun (905 metro) egokitu zaie; Zumaiari, Zestoari, Azkoitiari eta Aizarnazabali Manddale (574 metro); eta Zarautzi, Aiari eta Oriori Xoldoko Gaina (360 metro).
Azpeitiko Gure Eskuk, gainera, hainbat ekintza antolatu du uztailaren 2ra begira, motorrak berotzeko. Asteburuan, esaterako, herriko kioskoa argiztatuko dute. Ostiraletik igandera egingo dute hori, iluntzean; margotzeko txokoa ere prestatuko dute haurrentzat ostiralean, kioskoan, 18:00etatik 20:00etara.
Era berean, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean, beste bi hitzordu prestatu ditu Azpeitiko Gure Eskuk. Batetik, ekainaren 18an, Beratik (Nafarroa) Senperera (Lapurdi) joango dira oinez, Larhunetik igarota, jendeak uztailaren 2an egingo duten ibilbidea nolakoa izango den ikus dezan. Bestetik, uztailaren 2an Azpeitia-Iruñea egitasmoaren azken etapa –Oteitza eta Iruñea artekoa– egingo du mendi taldeak, eta Pirinioetako Bidearekin lotuko dute ibilaldi hori: hala nahi duenak Iruñetik autobusez Berara joan eta Larhunera igotzeko aukera izango du. Interesa duenak lagunonakmb.org helbidean du informazio osatua.
Gure Eskuko kideek eskualdeko herritar guztiak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera. Internetekin moldatzeko zailtasuna dutenek aukera izango dute Azpeitiko bulegoan –Foru Ibilbidean– izena emateko.
Eskualdeko zenbait talde ari dira prestatzen
Zumaiako eta Orioko Gure Eskuren taldeak ere Pirinioetako Bidea prestatzeko antolaketa lanetan murgilduta dabiltza.
Oriori Xoldoko Gaina mendia argiztatzea egokitu zaio. Asmoa da uztailaren 2an 18:00 aldera ateratzea Oriotik, autobusez. Garraio hori finantzatzeko, ekainaren 19an plazan mahaia jarriko dute itsaskiz osatutako otarrea zozketatzeko eta informazioa zabaltzeko.
Zumaiako Gure Eskuk, bestalde, egitaraua prestatu du uztailaren 2rako. 18:00etan aterako dira autobusez Patxita Etxezarreta kaleko geltokitik; Ibardinera iristean, Manddale gainera igoko dira 30 bat minutuko ibilaldia eginda. Gailurra argiztatzeko ekintza amaitzean, Zumaiara itzuliko dira. Autobusean izena emateko, gureeskudagozumaia@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Urola Kostako herri guztietan ez dira eratu Gure Eskuren taldeak, baina edozein herritako biztanleek dute egitasmoan parte hartzeko aukera, viapirinenca.cat helbidean izena emanda.