Zestoan, Zumaian nahiz San Prudentzio eta Floreaga auzoetan jaiak izango dira

Nerea Uranga 2022ko apirilaren 28a

Zestoan santakutzak danborraden bueltan egingo dituzte. Getariako San Prudentzion ekitaldi berria antolatu dute biharko. Azkoitiko Floreagan, berrriz, urteroko legez haurrentzako krosa prestatu dute.

Asteburuan eta datorren astearen aurrenean festa giroa nagusituko da eskualdeko hainbat herri eta txokotan. Zumaian San Telmo jaien repetizioak ospatuko dituzte bihar hasi eta igandeko gauerdira bitartean. Getariako San Prudentzio auzoan izen bereko festak izango dituzte asteburuan. Azkoitiko Floreaga auzoa ere jaietan izango da larunbatean zein igandean, eta Santa Kutz auzoan ere festetako mus txapelketa egingo dute. Zestoan, berriz, Santa Kutz jaiak izango dira astelehenean zein asteartean, Santa Kutz egunean.
Zumaian bihar arratsaldetik igandera bitartean izango dituzte santelmoen segidako festetako ekitaldiak. Rana eta pote txapelketa eta poteo feminista izango dira astebururako osatutako egitarau potoloaren aurreneko ekintzak, baina igandeko gauerdia arteko orduetan askotariko ekitaldiekin gozatzeko parada eskainiko dute: kirolekoak, kontzertuak, bazkariak, erromeria, kalejirak...

Zestoan, aurten ere danborradak izango dira Santa Kutz jaietako protagonista. Izan ere, bi urteko etenaren ostean, danbor hotsak izango dira nagusi astelehenean eta asteartean Zestoako kaleetan. Joan den astelehenean egin zuten danborradako lehen entsegua, kiroldegiaren atarian.

Astelehenean, Santa Kutz egunaren bezperan, 22:30ean hasita, zortzi taldek parte hartuko dute Zestoako helduen danborradan: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txarangak lagunduta), Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko bandak lagunduta), Trapuzarrak eta Zintxontarrak (Ustekabe txarangak lagunduta) eta Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako bandak lagunduta). Santa Kutz egunean, asteartean, berriz haurren danborradaren txanda izango da, 18:00etan hasita.

Auzoetako festak
San Prudentzio jaiak ospatuko dituzte bihar eta etzi Getariako izen bereko auzoan. Ostiral gauean umorea izango da nagusi traktoburgerra-rekin eta Prowrestling Euskadi Show ikuskizunarekin eta Lapulapu sariarekin. Antolatzaileek esanetan: "Lapulapu da antzerki moduko bat, non bi pertsonek elkarren aurka borroka egiten duten, elkar joz eta, koreografia batean. Barakaldoko eta Madrilgo batzuk etorriko dira ikuskizuna eskaintzera beren ring-arekin". Eta hori "americanada" iruditu zitzaienez, horren osagarri traktoburgerra jarriko dute, hau da, traktore zahar bat hartu eta han hanburgesak eta egingo dituzte auzotarrek afaltzeko.

Ikuskizun mota hori aukeratzearen arrazoiei dagokienez, zera esan dute: "Ikusita euskal gazteen artean boxeoa nahikoa modan zegoela, nahi genuen zerbait egin arriskurik ez zeukana baina berria izan zitekeena eta arraroa horrelako auzo baterako".

Azkoitiko Floreagan, berriz, etzi eta igandean izango dituzte auzoko festak, Floreagako tabernak eta auzoko festa batzordeak udalaren laguntzarekin antolatuta.
Igandean, Gurutzetxoko XXXVIII. Krosa egingo dute, 11:00etan hasita. 2008tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute lasterketan, bost mailatan banatuta: 2017an jaiotakoena; 2014 eta 2016 artekoena; 2012 eta 2013 artekoena; 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoena izango da laugarren proba; eta azkena, 2008 eta 2009 artekoena.

EGITARAUAK:

AZKOITIA (FLOREAGA)
Apirilak 30, larunbata. Gazte Gaua.
- 23:30. DJ Kanutto Floreaga Berri tabernan.

Maiatzak 1, igandea.
- 09:30-10:45. Gurutzetxoko XXXVIII. Krosera izen-ematea auzoko tabernan. 2008tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.
- 11:00. Gurutzetxoko XXXVIII. Krosaren hasiera.
- 14:30. Bazkaria, Floreaga Berri tabernan. Bazkarirako izena ematea ezinbestekoa da, eta horretarako, 658 060 363 telefono zenbakira deitu beharko da
- Bazkalostean, Olarte eta larrañaga trikitilariekin erromeria.
- 15:00. Haurrentzako puzgarriak, auzoko tabernaren ondoan.

AZKOITIA (SANTA KUTZ AUZOA)
Bihar, ostirala.
- 22:00. Santa Kutz festetako mus txapelketa, Laja jatetxean.

GETARIA (SAN PRUDENTZIO AUZOA)
Bihar, ostirala.
- 21:30. Lapulapu saria. Prowrestling Euskadi show eta traktoburgerra.

Apirilak 30, larunbata.
- 11:00. Altxorraren bila jokoa Urritza aisialdi taldearekin (HH4, HH5 , LH1 eta LH2ko umeentzat).
Bitartean, txaranga giroa alaitzen.
- 13:00. Gure Txeruren dantza emanaldia
- 14:30. Bertso bazkaria Maialen Lujanbiorekin eta Andoni Egañarekin (sarrerak agortuta).
- Ondoren, Naparjito festa: TikTara, Malakias eta Maixa.

ZESTOA
Maiatzak 2, astelehena.
- 19:00. Kalejira egingo dute Idikaitz txistulari taldeak nahiz Zestoako eta Azpeitiko musika bandek.
- 22:30. Helduen danborrada izango da kalez kale.

Maiatzak 3, asteartea. Santa Kutz eguna.
- 10:30. Idikaitz txistulari taldearen diana.
- 12:30. Meza, parrokian.
- 18:00. Umeen danborrada.

ZUMAIA
Bihar, ostirala.
- 17:00. Rana eta Pote txapelketa irekia, Beheko Plaza elkarteak antolatuta. Aurrena, 12 eta 16 urte artekoak eta ondoren 16 urtetik gorakoak.
- 19:30. Poteo feminista, Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta.
- 22:30. Txosna eremuan Bertsio Gaua herriko musika taldeekin.

Apirilak 30, larunbata.
- 10:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, XXII. olagarro-zopa lehiaketa eta Elustondo anai-arrebak trikitilarien saioa.
- 11:30. Plazan, haur jolasak.
- 12:00. Herriko kaleetan Beheko Plaza eta Errenteriko Telleri abesbatzen saioa.
- 13:00. Eusebio Gurrutxapa plazan hasita bertso poteoa, GKS-k eta IAk antolatuta: Aitor Bizkarra eta Jon Gurrutxaga.
- 14:30. Txosna eremuan, bazkaria.
- 14:30. GKS-k eta IAk antolatuta Torreberrin, ikasle eta gazte bazkaria. Bazkalostean, kontzertua.
- 16:00. Eskola adinekoen piraguismo estropada.
- 18:00. Urrezko aizkora, herri kirolak.
- 18:30. Beti Jai txarangaren kalejira.
- 22:00-01:00. Kofradian, A&B Shows diskoteka.
- 22:00. Kontzertuak: RPG-7, Rodeo eta Kolission. Torreberrin.
- 22:30. Kontzertuak: Ginger, Ama Say eta Lukiek, txosna eremuan.

Maiatzak 1, igandea.
- 08:00. Goiz soinua, Zumai txarangarekin.
- 11:30. Trikiti kalejira, Kofradiatik.
- 12:00. Zaldi lasterketa, Itzurun hondartzan.
- 12:00. Iraunkorrak txaranga.
- 17:45. Trainerillen estropadak, XXXVII. San Telmo saria.
- 17:30. Txorotxaranga, Eusebio Gurrutxaga plazan hasita.
- 18:00. Iraunkorrak txaranga.
- 19:00- 22:30. Bada giro erromeria, Kofradian.
- 00:00. Bandera jaistea eta santelmoei agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide