Ane Arrizabalaga: "Hitzek osatzen dute hizkuntza, eta ekimenek, berriz, komunitatea"
Ane Arrizabalaga (Azkoitia, 1994) Urola Erdiko Korrikaren koordinatzailea da bigarrenez. Biharko gogotsu dago, eta herritarrak Korrikan parte hartzera animatu ditu.
Urtebete beranduago dator Korrika. Gogotsu al zaudete biharko egunerako?
Bai, gogotsu gaude. Hiru urte pasatu dira azkeneko Korrikatik; urte asko dira. Gainera, 2019tik ari gara Korrika prestatzen. Izan ere, Korrika egiten ez den ikasturtean hasten dira antolatzaileak hori prestatzen, beti aurreko urtean. Eskualdeko arduradunok, berriz, joan den abenduan hasi ginen antolaketa lanetan, herrietan batzordeak-eta egiten eta Gipuzkoako bileretan parte hartzen. Azken txanpara iritsi gara orain, eta prest gaude biharko.
Hitzekin da 22. Korrikaren leloa. Ekiteko garaia dela aldarrikatu nahi da aurten, ezta?
Hitzek osatzen dute hizkuntza, eta ekimenek komunitatea. Euskaraz hitz egin behar da, baina harago jo, eta ekintzetara bideratu behar dela aldarrikatu nahi da aurtengoan. Batik bat, erakundeei zuzendutako leloa egin du 22. Korrikarako AEK-k. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu ditu aurten Korrikak, eta haien Sentitu, pentsatu, ekin! esaldia era erabili dute hitz jokoa egiteko.
Zer moduz joan da antolakuntza lana?
Oro har, ondo. Azken astean murgilduta gaude, eta beste guztiak bezain garrantzitsua da hau ere. Herri bakoitzean desberdina izan da antolakuntza lana. Azkoitia eta Errezil izan dira antolatzeko herri arinenak. Azpeitian eta Zestoan Korrika Kultural aberatsa egin da, eta bi herri horietako batzordeetan asko lagundu digute. Azkoitian batzorde zehatzik ez dagoenez, arinagoa izan da antolaketa lana. Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoa zeharkatuko ditu aurten Korrikak, Aizarnazabaldik ez baita igaroko. Halere, hurrengo Korrikarako egin dugu eskaera, handik ere Korrika pasatu dadin.
Antolaketa lanetan diharduzun bigarren aldia da aurtengoa. Ordutik zer ikasi duzu?
Lasaiago hartu dut aurtengoa. 21. edizioa antolatzen ere ibili nintzen, eta orduko eskarmentua banuen. Halere, urduritasuna bera izan da oraingoan ere, ardurak berdinak baitira. Aurten, gainera, Errezilgo ibilbidea ere koordinatu behar izan dugu. Balio izan dit jakitea barrutik nola funtzionatzen duen, besteak beste, Korrika Kulturalak, batzordeak, nola antolatu lanak, kilometro banaketa… Etxe barrura begirako aplikazioa ere badu Korrikak, eta ez da berdina han lehen aldiz aritzea edo bigarren aldian egitea. Errazagoa izan da oraingoan.
Korrika zure ardurapeko herrietatik igarotzean, zer sentitzen duzu antolatzaile bezala?
Poza sentituko dut; pentsatuko dut egindako lanak merezi izan duela. Halere, urduri jartzen naiz, eta, egia esan, beldurra ere izaten dut hasieran. Lanik zailenak eginda ditugu. Korrikaz gain ikasle taldeak ditugu AEKn, eta hori ere beti bezala egin behar izaten da; biak elkarrekin uztartu behar dira. Denbora ahal dugun moduan kudeatu behar izaten dugu, baina, azkenerako guztia lortzen dugu.
Zein zeregin bete behar izaten du koordinatzaile batek?
Lan asko egin behar izaten dira aurrez: jendea Korrikan parte hartzera animatu, herri eragile guztiei abisatu… Korrika nondik eta nora ibiliko den zehaztuta pasatzen digute guri, eta guk herri bakoitzeko kilometro zatiak nola kudeatu erabaki behar izaten dugu. Horrez gain, batzordeak egitea, Korrika Kulturala prestatzea, eragileekin harremana egitea, ibilbidean egon daitezkeen arazoak kudeatzea, arroparen zein materialaren salmenta egitea eta Korrika Txikia antolatzea dira gure egitekoak.
Urola Erdian hainbat taldek, eragilek zein norbanakok eman dute izena Korrikarako. Zer balorazio egiten duzue?
Aurreko Korrikan baino eragile gehiagok hartu dute kilometroa. Eragile desberdinak eta talde berriak batu dira, eta pozgarria da horrenbeste talde kontu bera babesteko elkartu izana. Hortaz, oso balorazio ona egiten dugu.
Ekimenaren helburua da jendea euskararen alde korrikan jartzea. Zer esango zenieke bide bazterrean begira gelditzen diren horiei?
Euskarak behar dituela. Korrikaren helburua da euskarari bultzada ematea. Ez da beharrezkoa kilometro osoa egitea; besterik ez bada 100 metro egitea ere nahikoa da euskararentzat. Korrikan sartzera animatuko nituzke guztiak; ez dezatela inolako beldurrik izan.
Egoitz Dorronsoro: "Herriak ematen dio izaera, egitasmo gutxik du ezaugarri hori"
Euskaraldia koordinatu zuen iaz bailarako kostako herrietan Egoitz Dorronsorok (Orio, 1992), eta Korrikari heldu dio aurten herri horietan.
Iristear da Korrika. Azken lanak zein izaten dituzue?
Lekuko aldaketen markagailuak jarri behar izaten dira azken orduan, kartoizkoak direlako eta euria egiten badu ez dutelako balio. Egunean bertan, berriz, hamahiru lankide ibiliko gara lanean, eta furgonetaren aurreko autoan joango naiz ni bidea irekitzen beste bi lagunekin.
Egitekorik zailena zer izan da zuk koordinatutako herrietan?
Herri batzuetan kostatu egin da Korrikako batzordeak martxan jartzea. Pandemia eta gero, eragile asko desmobilizatuta daude, edo orain ari dira martxan jartzen, eta haize pixka bat hartzen hasi orduko iritsi da Korrika. Bestelakoan, zailena ibilbideko xehetasun txiki guztiak kontuan hartzea da, eta herrien arteko tarteetan eragileei non tokatzen zaien azaltzea. Guardia zibilek gelditu gaituzte horretan ari ginela. Hain mantso ikusita, laguntza behar al genuen galdetu ziguten, eta Korrikakoak ginela esandakoan, "a, ondo joan dadila!" erantzun zuten, kar-kar.
Kilometro kopurua baino eragile gehiagok parte hartuko du 22. Korrikan Zumaia eta Orio artean. Azken ediziotik nabaritu da alderik, pandemiagatik?
Batzuek kilometro osoa mantendu dute, beste batzuk erdira pasatu dira edo ez dute erosi pandemia ondoren geldi daudelako edo beren egoera ekonomikoa aldatu egin delako. Badira eragile berriak ere... Argi dagoena da Urola Kosta hasieratik bukaerara beti pertsona batek eramango duela lekukoa. Gustura gaude erantzunarekin.
Zer giro sumatzen duzue eragileen eta herritarren artean?
Euskal komunitatean oso sustraitutako egitasmoa da, identitate askokoa. Kuadrilla, familia eta lankide asko antolatzen dira beren kabuz Korrikan parte hartzeko autoa halako tokitan uzteko, eta abar. Hori ez du antolakuntzak egiten; hori jendeak egiten du. Korrika AEKren egitasmoa da, baina bere oinarria herria da; horrek ematen dio izaera eta azpimarratzekoa da, ekimen gutxik duten ezaugarria baita.
Euskaraldiko dinamizatzailea izan zara. Osagarriak dira bi egitasmoak?
Korrika sinbolikoki oso indartsua da: lekukoa dauka, herriz herri ibiltzen da, ez da gelditzen, inposatutako mugak puskatzen ditu... Euskaraldiak sinbolikoki ez dauka hainbeste tresna, baina Euskaraldiak egitera bultzatzen gaitu, ez da txapa bat jartzea edo dirua ematea edo korrika egitea; euskarari lotu egin behar zara. Eta aukera ona eskaintzen die Korrikak euskaraz ikastea ahalbidetu dien horiei praktikan jartzeko eta euskal komunitatean sartzeko. Uztargarriak dira oso.