Joan zen ostegunean hasi zen Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta eskualdera iristear da euskararen aldarria lau haizetara zabaltzen ari den egitasmoa. Bihar goizaldean iritsiko da Urola Kostara; hain zuzen ere, Zestoa izango da Korrikak zapalduko duen eskualdeko lehen herria. Ordu txikietan ailegatuko da hara, 01:30ean, Deba aldetik.
Zestoaren ostean, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatuko ditu Korrikak, 05:30 ingurura bitartean. Ondoren, Usurbildik Tolosaldera joango da Korrika, eta eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak.
Korrika eskualdera iristen denean,zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– UROLA KOSTAKO HITZAN eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, ETBren seinaleari esker.
Ohi bezala, Korrikaren harira, hainbat ekintza antolatu dute egunotarako. Hona hemen herriz herriko egitaraua.
Egunotako egitaraua
-Aia. Korrika Txikia, bihar, 10:00etan.
-Azkoitia. Korrika Txikia, gaur, 16:00etan.
-Azpeitia. Korrika Txikia, bihar, 10:15ean.
-Getaria. Korrika Txikia, bihar, 15:00etan.
-Orio. Korrika Txikia, gaur, 15:00etan, eta 18:30ean, Korrika poteoa herriko tabernetan.
-Zarautz. Korrika poteoa, gaur, 18:30ean, herriko kaleetan.
-Zestoa.
- Zestoa. Korrika Txikia, gaur, 16:00etan. Ondoren, haurrek Hitzekin kantuaren koreografia egingo dute. Jarraian, txokolatada, guraso elkartearen eskutik. 19:00etan, Kittu txaranga kalean; 22:00etan, euskararen aldeko brindisa Portalen, eta gero, karaokea.
- Arroabea. Afaria eta jolasak izango dira gaur elkartean. Bihar, Korrika Txikia egingo dute, 11:30ean.
- Aizarna. Korrika Txikia egingo dute gaur, 11:00etan.
-Zumaia. Korrika Txikia, gaur, 11:30ean, eta 20:00etan, sagardoa, saiheskiak eta Bull DJa Kofradian.
Korrikaren ordutegia
22. Korrika ordutegi honetan igaroko da eskualdeko herrietatik, goiko mapan ikus daitekeen moduan:
-Zumaia. 02:58.
-Getaria. 03:55.
-Zarautz. 04:26.
-Orio. 05:21.
-Errezil. 12:23.
-Azpeitia. 13:26.
-Azkoitia. 14:07.