Gipuzkoako Foru Ogasunak apirilaren 4an hasiko du 2021eko errentaren eta ondarearen aitorpena egiteko kanpaina, eta urtero legez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) aitorpena euskaraz egiteko deia egin du, hainbat eragilerekin eta udalekin elkarlanean. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute horiek. Zehazki, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Apirilaren 4tik ekainaren 30era izango da errenta aitorpena Gipuzkoan egiteko aukera. Uemak azaldu duenez, azken urteetan gora egin du errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak, baina hala ere, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, datuok izan daitezkeenetik "oso urrun" daude. Horregatik, administrazioa euskalduntzeko bidean "eredu" izan nahi duela azaldu du Uemak, eta "garrantzitsutzat" jo du errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea.
Aitorpena euskaraz egiteko bideak hainbat dira –autolikidazio proposamena onartu, modu mekanizatuan zein Internet bidez–, eta herritarrek euskaraz egin nahi dutela adierazi beharko dute aukera hori hautatuta edo ogasuneko langileari adierazita. Aitorpena aholkularitza bidez eginez gero ere, eska daiteke aitorpena euskaraz egitea.
Urola Kostako herrietako 40.201 lagunek egin zuten 2020ko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %32k gauzatu zuten euskaraz; hau da, herritarren ia herenak. Herrikako datuei erreparatuta, Errezil da iaz errenta aitorpen gehien euskaraz egin ziren herria: %52,79. Haren atzetik daude Aizarnazabal (%45) eta Azpeitia (%43,89). Hona hemen herriz herriko 2020ko datuak:
Aia: 1.033 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %36,4 euskaraz.
Aizarnazabal: 415 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %45 euskaraz.
Azkoitia: 6.029 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %32,13 euskaraz.
Azpeitia: 7.970 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %43,89 euskaraz.
Beizama: 133 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %42,85 euskaraz.
Errezil: 286 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %52,79 euskaraz.
Getaria: 1.540 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %33,11 euskaraz.
Orio: 3.213 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %28,94 euskaraz.
Zarautz: 12.449 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %23,67 euskaraz.
Zestoa: 1.908 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %41 euskaraz.
Zumaia: 5.225 errenta aitorpen egin ziren, horietatik %29 euskaraz.