Saharako hauts hodeia iritsi da eskualdera

Urola Kostako Hitza 2022ko martxoaren 15a

Saharako basamortuko hauts hodeia Euskal Herrira iritsi da, iragarrita zegoen moduan, eta eskualdeko herrietan ere utzi du arrastoa. Izan ere, atzo arratsaldean gogortu egin zen hego haizea, eta gaur goizean gorri-marroi koloreko hauts geruza batez estalita esnatu dira bazter asko.

Herritar batek baino gehiagok aipatu du zer ote zen: Saharako hautsa zela zioten batzuek; polena zela, beste batzuek. Kostaldean, hondartzako hondarra izango zela zioenik ere bazen.

Saharako basamortuko hautsa da, ordea, eta adituek jakinarazi dutenez, datozen bizpahiru egunetan ere hauts hodeia nabarituko da Euskal Herrian.

Euskalmetek esan duenez, baina, hautsak ez du kalterik eragingo. "Autoetan nabarituko da, eta asma dutenek sumatuko dute", azaldu du Jose Antonio Aranda Euskalmeteko ardurardunak. Saharako hauts hodeia Euskal Herrira iristea ez da ohikoa, baina Arandak azaldu duenez, arraroa ere ez.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide