Eskualdeko dozenaka herritarrek parte hartu dute 32. Lilatoian

Julene Frantzesena 2022ko martxoaren 6a

Gaur, martxoaren 6a, egin dute Lilatoiaren 32. edizioa Donostian. 10:30ean, ehunka emakume abiatu dira Boulevardetik, eta hantxe bukatu dute bost kilometroko ibilbidea. Parte hartu duten ehunka lasterkariren artean, Aratz Rodriguez Zumaiako bizilaguna izan da helmugaratzen aurrena. Hark 16 minutu eta 58 segundo behar izan ditu bost kilometroko ibilbidea egiteko eta Boulevardean kokatutako helmugara iristeko. Dena den, Lilatoian gutxienekoa izan ohi da sailkapena, emakumeen herri lasterketa aldarrikatzailea delako.

Gainera, Rodriguez ez da izan saria jasotzera igo den zumaiar bakarra. Izan ere, Zumaiako Emakumeon* Etxeak bigarren talde handienaren saria jaso du. Hango kideak pozarren igo dira podiumera. "Nahiz eta oraindik bide asko dagoen egiteko, emakumeon presentzia geroz eta handiagoa da kirolaren esparruan, eta lanean jarraituko dugu", adierazi du Vanessa Arbelaitz Emakumeon* Etxeko kideak.

Atletico San Sebastian klubak antolatzen du proba urtez urte, baina iaz, pandemia tarteko, ezin izan zuten ohiko moduan egin. Urtebeteko etenaren ostean, normaltasunez egin ahal izan dute lasterketa gaur. 5.000 emakume inguruk parte hartu dute proban, eskualdeko hainbatek tartean. Giro ezin hobea izan da Donostian lasterketa zela eta, eta emakumeen aldeko aldarrikapenek hartu dituzte hiriko kaleak.

Gaurko Lilatoiko irudi bilduma eta bideoa Irutxuloko Hitzaren webgunean ikus daitezke.

Hona hemen eskualdeko herrietako kirolariek atera dituzten argazki batzuk:

60 emakume Hitzaren taldean

Gainera, hainbat emakumek parte hartu dute Hitzaren taldean, 60 bat emakumek; hain zuzen ere, hamaikagarrenez osatu dute taldea eskualdetako Hitzek. Horiek argazkia atera dute proba hasi aurretik. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide