Izurritea hasi aurretik herritarrek ospatu zituzten azken festak izan ziren inauteriak. 2020ko otsail hartan, inor gutxik pentsa zezakeen hainbatek mozorro gisa ere erabili zuen koronabirusak mundua hankaz gora jarriko zukeenik; are gutxiago, bi urtez festarik ospatzerik izango ez zutenik, ofizialki behintzat. Bi urte geroago, osasun larrialdi egoera bertan behera geratu ostean, inauteriak izango dira ospatuko diren aurreneko festa jendetsuak, eta herritarrak inoiz baino prestuago daude irudimena eta kolore festa dantzan jartzeko.
Erakundeek zein eragileek kaleratu dituzte karnabaletako egitarauak, eta oro har, ohiko ekintzei eutsiko diete askok. Azpeitian, esaterako, festa egun bereziak izaten dira karnabalak, eta han duela bi urteko jaien oso antzekoak izango dira aurtengoak. Antolaketa lanak ohi baino azkarrago egin behar izan badituzte ere, azkenean, ekitaldi guztiak antolatzeko moduan izan direla azaldu du Azpeitiko Udalak. Izan ere, gainontzeko herrietan bezala, hilaren 11n Eusko Jaurlaritzak larrialdia egoera bertan behera uztearekin batera erabaki zuten festak ohiko moduan antolatzea. Dena den, udalak gogorarazi du beharrezkoa dela segurtasun eta prebentzio neurriak betetzea herritar guztien osasuna babesteko.
Azpeitian bezala, Zarautzen ere ohiko egitaraua izango dute datozen egunetan, eta bihar, Galtxagorrien Jaitsierarekin hasiko dituzte jaiak. Dena den, Garazi Eizagirre Jalgi dantza taldeko ordezkariak aurreratu du dantzari txikien burbuilak mantendu behar izan dituztela eta aurten ez dela joaldunik izango.
Urola Kostako beste hainbat herritan, berriz, ekintza batzuk bertan behera utzi edo moldatu egin dituzte, osasun egoera kontuan hartuta. Aian, esaterako, umeen desfilerik ez da izango bihar, eta haiek frontoian ospatuko dute mozorro festa. Azkoitian ikastetxeek ostiralez antolatzen duten umeen desfilean ere izango da aldaketarik: Floreaga ikastetxeak, esaterako, ez du egingo kalejirarik, eta eskola barruan ospatuko dute festa; Xabier Munibe Ikastolak, aldiz, desfilea egitea erabaki du, baina ibilbidea moztuta: hala, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ikastolatik Balda plazara joango dira, eta handik Plazaberri gurutzatu eta eliz atarira, ondoren, ikastolara itzultzeko.
Orion, bestalde, aurreko urteetan ez bezala, musika eskolako trikitilariek ez dute kalejirarik egingo larunbatean, eta Orioko Udalak inauterietarako antolatu izan duen herri bazkaririk ere ez izango aurten. Era berean, kiroldegian egin ohi zuten mozorro lehiaketak ere huts egingo du oraingoan.
Lehiaketak, martxan
Zumaian ere bihar hasiko dituzte jaiak, eta aurtengoan Brasilgo Inauteriak eramango dituzte herriko kaleetara, Musika Eskolak eta Musika Bandak hango doinuekin kalejira egingo baitute. Dena den, osasun egoeraren eraginez, gaueko ekitaldiak bertan behera utzi dituzte, eta jende pilaketak saihesteko asmoz, photocall-a ere ez da egingo. Orain arte, modu horretara erabakitzen ziren gazteen eta helduen mozorro lehiaketaren saridunak, eta aurtengoan, lehiaketan parte hartu nahi dutenek posta elektronikoz bidali beharko dituzte jai giroko argazkiak, inauteriakzumaian@gmail.com helbidera. Banakako edo bikote onenaren saria 80 eurokoa izango da, eta taldekako mozorro onenaren saria, 200 eurokoa.
Azkoitian eta Azpeitian ere abian dira mozorro lehiaketak. Azpeitian, tabernek mozorro sariketan parte hartzeko aukera izango dute inauterietako astelehenean, eta gaur amaituko da izen-ematea; Kultura Sailean eman behar da izena (943-15 70 68). Herritarren mozorro lehiaketa ere egingo dute egun horretan, eta gauerdian izango da sari banaketa ekitaldia plazan.
Azkoitian ere zabalik dago zapatuko mozorro eta tabernen apainketa lehiaketan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek gaur artean eman beharko dute izena, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan. Partaideek etzi 19:30etik 20:30era eliz ataritik pasatu beharko dute epaimahaiak beren mozorroak baloratu ditzan. Joan diren urteetan gauerdian egin izan dute ekitaldia, baina aurten 21:00etara aurreratu du udalak, egokiagoa dela iritzita.