Aginduak agindu, karnabalak ospatzea erabaki dute eskualdeko herri gehienek

Aitziber Arzallus 2022ko otsailaren 15a

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak larunbateko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuen aginduak beldurrak airean jarri zituen inauteri zaleak. Izan ere, 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herrietan, Jaurlaritzak berriz ere udalen gain utzi du ekitaldi jendetsuak modu seguruan antolatzen direla ziurtatzeko ardura. Santo Tomas bezperetan gauza bera egin zuen, eta festak bertan behera uztea erabaki zuten tokiko erakundeek. Oraingoan, ez.

Eusko Jaurlaritzak joan den ostegunean iragarri zuen osasun larrialdia indargabetzeko asmoa, eta atzo, bertan behera gelditu ziren COVID-19aren aurrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean zeuden neurri murriztaile ia denak. Horrenbestez, atzotik, ostalaritzako establezimenduek berezko ordutegian lan egin dezakete, kultur ekitaldiek ez dute zertan 01:00erako bukatu beharrik, kirol ekitaldietan eserleku adina ikusle sartzeko aukera dago eta abar luze bat. Hori bai, leku itxietan maskara erabiltzeak derrigorra izaten jarraituko du. 

Osteguneko Labiren bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen erabakiaren berri eman zuena. Jende asko zuen zain, ohi baino gehiago, jokoan karnabalak baitzeuden. Eta Urkulluk neurriak indargabetuko zituztela baieztatzeak berehalako erreakzio soka ekarri zuen. Ostiralean bertan hainbat izan ziren inauteriak ospatzeko erabakia jakinarazi zuten udalak.

Baina poza aurki bihurtu zen zalantza eta ziurgabetasun. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak larunbateko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuen aginduak ez zioen bi egun lehenago lehendakariak esandako gauza bera. Aginduaren arabera, 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herrietan, udalen gain gelditzen da ekitaldi jendetsuak modu seguruan antolatzen direla ziurtatzeko ardura; eta hori bermatu ezin den kasuetan, bertan behera utzi beharko dituzte ekitaldi horiek. Santo Tomas egunaren bezperetan egin zuen moduan, Jaurlaritzak berriz ere udalen gain utzi du ardura guztia.

Oraingoan, egitea erabaki dute

Abenduan, jende pilaketak saihestea ezinezko jota, Santo Tomas jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten udalek. Eta larunbatean argitaratutako aginduaren ostean, inauteriekin gauza bera egiteko aukera hor zeukaten, Jaurlaritzak berriz ere neurgailutzat ezarri duen 400eko intzidentzia tasaren muga hori oraindik nahiko urrun gelditzen baitzaie eskualdeko herri gehienei. Hain zuzen ere, atzo eguerdian kaleratutako datuen arabera, Urola Kostan bi herrik bakarrik dute hori baino tasa txikiagoa: Beizamak eta Errezilek. Gainontzeko guztiek milatik gorako tasa dute, Zestoak salbu; eta Aiak, Aizarnazabalek, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak 1.500eko langa ere gainditu egiten dute.

Baina oraingoan, aginduak agindu, aurrera egiteko erabakia hartu dute bailarako herri gehienek, eta inauteri jaiak ospatu egingo dituzte. Azkoitiko Udala izan zen festak iragartzen aurrena, Jaurlaritzak neurri murriztaileak bertan behera utziko zituela jakinarazi eta gutxira. Hango Aisialdi Batzordeak Labiren bileraren bezperan hartu zuen festetarako ekintzak antolatzeko erabakia, udalak ostiralean baieztatu zuen osorik eutsiko diola egitarauari, eta erabakitakoari eutsiko diola berretsi zuen atzo. Oraingoz ez du publiko egin egitaraua.

Azpeitian, udal ordezkariak ostiral arratsaldean bildu ziren karnabaletan parte hartzen duten eragileetako ordezkariekin, eta "adostasun osoz" erabaki zuten festak egitea. Antolaketarako denbora askorik ez duten arren, "betiko karnabalak ospatzeko ahalegina" egingo dutela adierazi zuten. Larunbatean, berriz, karnabaletan sokamuturra izango dela baieztatu zuen Zezen Beltz elkarteak. Helduen zein txikien sokamuturraren ordutegia eta zein ganadutegitako zezenak izango diren ere jakinarazi du dagoeneko. Udalak, berriz, egunotan plazaratuko du karnabaletako egitaraua. Karnabalekin aurrera egitea erabaki dute han ere.

Zarautzen ez dute jende pilaketa handirik espero inauteri egunetarako; hortaz, jaiak egin egingo dituzte. Dena dela, intzidentzia tasaren bilakaerari adi daudela ohartarazi du udalak. Orioko eta Zumaiako udalek ere ez dute kontrakorik adierazi; beraz, inauteriak ospatzeko asmoari eutsi egiten diote.

Herri txikietan ere, beste horrenbeste. Getariako Udalak esan du jende pilaketak sortzeko aparteko arriskurik ez dutela ikusten, egun horietarako sekulako egitaraurik antolatzeko ohiturarik ez dutelako; beraz, aurrera egingo dute. Baita Aian eta Errezilen ere. Zestoan, berriz, bihar egingo duten Gazteria eta Festa Batzordean hitz egingo dute inauteriez; printzipioz, baina, haurren desfilea egin egingo dute. Aldiz, Aizarnazabalgo Udalak oraindik ez du inauteriak ospatuko dituen erabaki.

Kartel lehiaketak, martxan

Zarautzen dagoeneko banatu dituzte Inauterietako Kartel Lehiaketaren sariak. Guztira, 21 lan aurkeztu dituzte Euskalduna tabernak Zarauzko Udalak laguntzarekin antolatzen duen lehiaketara, eta onena Jorge Ignacio Davilaren Kamuflash lana dela ebatzi du epaimahaiak. Bigarren saria Castelloko (Herrialde Katalanak) Diego Ingelmo Benaventek irabazi du, Monozikloa lanarekin. Publikoaren saria, berriz, Berta Otxoaerrarte zarauztarrarentzat izan da, Sardina Maskarada lanagatik.

Zumaian, lanak aurkezteko epea bukatuta, jasotako proposamenak Alondegian daude ikusgai. Hilaren 28ra bitarte, gehien gustatzen zaiena aukeratu ahal izango dute herritarrek.

Getarian, hilaren 21etik 28ra udaletxeko sarreran jarriko dituzte jasotako lanak ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide