Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan dira gaur Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan, eta Urola Kostako herrietan ere bat egin dute deialdiarekin. Urte luzez presoen eskubideen alde Bilbon egin izan den manifestazioa egitekoak ziren gaurko egunez, baina osasun egoera tarteko, mobilizazioak tokian toki egitea erabaki zuen Sarek. Hori dela eta, herriz herri askotariko ekimenak egin dituzte gaur euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko.
Hain zuzen, euskal presoen eskubideak bete ditzatela eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei. Era berean, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du Sarek, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere.
Zarautzen, Zumaian eta Orion manifestazio jendetsuak egin dituzte. Zarautzen, Sareren irakurketa leitzeaz gain, Uxue Alkortaren bertsoa entzuteko aukera izan da amaierako ekitaldian, eta bukatzeko, Kalera kalera abestu dute guztiek, Josu Txapartegi Txapas-en soinuaren eta Arranoko gitarristen laguntzaz. Zumaian, manifestazioaren amaieran, bertsoa bota du Jon Maiak, eta Sareren testua ozen irakurri dute Izar Azkuek eta Beñat Lizeagak. Errezilen, Azpeitian eta Azkoitian elkarretaratzeak egin dituzte, eta horietan ere Sareren testua irakurri dute elkarretaratzearen amaieran. Azpeitian gogoan izan dituzte Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow preso azpeitiarren kasuak. Zestoan ere elkarretaratzea egin dute. Deialdira batu diren herritarrek argiak piztu dituzte, eta haiekin Etxera mezua osatu dute.