Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak eta haien laguntzaileak Urola Kostara bidean dira dagoeneko, eta gertu dago guztia bihar eskualdeko herriak bisita ditzaten. Pandemiak eragindako egoera delikatua da asteotan ordea, eta arrazoi horregatik egokitu egin behar izan dituzte kabalkadak eta desfileak herri gehientsuenetan.
Zenbait herritara Bizarzuri edota erregeen pajeak joan ohi dira postari lanak egitera, baina Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian ez da halakorik izango aurten. Horren ordez, postontzia ipini dute herri horietan: udaletxe azpian, igerileku ondoan eta Jose Artetxen Azpeitian; Lege Zaharren enparantzan Zarautzen, eta Gernika parkeko Beheko estazioan Zumaian.
Getariara, berriz, gaur arratsaldean joango da Bizarzuri herriko haurren eskutitzak jasotzera. Zestoan, bihar, erregeen kabalkadaren aurretik, jasoko dituzte eskutitzak pajeek. 16:30etik 18:00etara eliza atarian egongo dira.
Desfileak, ezberdin
Errege Magoak, berriz, bihar arratsaldean iritsiko dira ohi bezala, eta herritarrak agurtzen ibiliko dira. Zenbait herritan kalez kale, eta leku berean geldirik beste batzuetan, pandemia egoera dela-eta jende pilaketak ekiditeko.
Herri gehienetan erregeek ibilbidea egingo dute kaleetan zehar, baina ez dute geldialdirik edota ekitaldirik egingo. Orion, Azpeitian, Zestoan, Zarautzen eta Zumaian jakinarazi dute ez dutela gozokirik banatuko, eta zenbait herritan ibilbidea luzatzearen aldeko hautua ere egin dute, jende pilaketak saihesteko
Ekitaldiak
Gaur, asteartea:
Getaria. Bizarzuri Berdura plazan egongo da herriko haurren gutunak jasotzen 17:30etik aurrera. Haurrak adinaren arabera bereizitako taldeetan joango dira Bizarzurirengana, eta frontoian bilduko dira taldetan. 0-5 urtekoak 17:30ean, eta 6-12 urte artekoak 18:45ean.
Bihar, asteazkena:
Aia. Errege Magoak 19:00etan iritsiko dira eta plazan egongo dira, geldirik. Pandemia egoera dela eta, ez dute kalez kale ohiko desfilerik egingo. Haurrek banan-banan Errege Magoekin egoteko aukera izango dute.
Azkoitia. 15:30etik aurrera ibiliko dira Errege Magoak kaleetan zehar, pare bat orduz; osasun egoera dela eta, ibilgailu batean egingo dute ibilbidea.
Azpeitia. Igerilekutik abiatuta, 18:30etik aurrera txu-txu trenetik agurtuko dituzte herriko haurrak Errege Magoek. Ez dute geldialdirik egingo, baina herriko txokoetan barrena ibiliko dira ordubetez.
Getaria. Errege Magoak Salbatore elizan egongo dira 16:30etik aurrera. Haurrak taldeka joango dira erregeak agurtzera, lehenengo frontoian bilduta. 0-4 urte bitartekoak 16:30ean joango dira, 5-8 urte bitartekoak 17:00etan, eta 9 urtetik gorakoak eta helduak 17:30ean.
Orio. Errioaren beste aldetik helduko dira Errege Magoak 18:00etan, zubia pasatuta. Pandemia egoeraren ondorioz, kalez kale ibiliko dira, eta ez dute egingo kiroldegian egin ohi duten ekitaldirik. Bestalde, ez dute geldiunerik egingo ibilbidean, eta ez dute gozokirik banatuko.
Zarautz. 18:30ean Santa Ana paretik abiatuta, auzoz auzo ibiliko dira Hiru Errege Magoak karroza batera igota, jendea Alde Zaharrean pilatzea saihesteko. Vista Alegre, Salbide, Azken Portu, Itxasmendi, Mendilauta eta Alde Zaharra zeharkatuko dituzte, baina gozokirik ez dute banatuko.
Zestoa. 18:30 aldera abiatuko da kabalkada Akoako plazatik. Egoera dela eta, erregeek ez dute gozokirik botako eta ibilbidea luzeagoa izango da, jendea sakabanatzeko. Geldialdirik ere ez dute egingo. Kabalkadaren aurretik, erregeen bi paje eliza atarian egongo dira, 16:30etik 18:00etara, haurren gutunak jasotzen.
Zumaia. Meltxor, Gaspar eta Baltasar itsasontziz helduko dira 18:30ean, eta itsas kiroldegitik abiatuta, ohi baino desfile luzeagoa egingo dute. Ludoteka ingurua itxi egingo dute antolatzaileek, bertan erregeei ongietorria emateak sor ditzakeen jende pilaketak saihesteko. Bestalde, aurten ez dute adinekoen egoitzetara edo hala eskatzen duten gaixoen etxeetara bisitarik egingo.