Iazko etenaren ostean, Sarek presoen eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazio nazionala egingo du Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. Bidean lelopean, urtarrilaren 8an, Bilbon. Gainera, Donostian ere bi ekintza egingo dituzte igandean; 12:00etan, Martutene espetxetik abiatutako bizikleta martxa egingo dute, eta, ondoren, 13:00etan, manifestazioa egingo dute Donostiako epaitegien parean. Horrez gain, eskualdeko hainbat txokotan askotariko mobilizazioak antolatu ditu Sarek Gabonetarako.
Etzi, Gabon egunean, hainbat ekitaldi izango dira. Azpeitian urteroko elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00etan hasita; Getarian mobilizazioa egingo dute plazatik abiatuta, 16:30ean hasita; Orion mariskadako zozketako boletoak saltzeko mahaia jarriko dute eguerdian, plazan, eta 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute leku berean, zozketa egitearekin batera; Zumaian, berriz, presoen eskubideen aldeko mus txapelketa egingo dute, 16:30ean hasita, Metro eta Inpernupe tabernetan. Egun horretan, 16:00etan irekiko dute izen-ematea, Inpernupen.
Abenduaren 31n, berriz, mobilizazioak izango dira: Aizarnazabalen 19:00etan egingo dute kontzentrazioa, plazan; Azkoitian, 18:30ean, plazatik abiatuta egingo dute manifestazioa; Azpeitian, bestalde, ordu erdi lehenago abiatuko da manifestazioa, plazatik; Getarian 19:00etan izango da elkarretaratzea, eta Orion, 19:30ean; Zarautzen kontzentrazio ibiltaria izango da, 19:45ean, udaletxetik abiatuta; Zestoan, 19:00etan, urteko balantzea egingo dute plazan, eta urtarrilaren 1ean, Izarraitzera ibilaldia egingo dute, 09:00etan; eta Zumaian, 19:00etan izango da manifestazioa, Beheko plazatik abiatuta.
Hona hemen eskualdeko egitaraua, osorik:
Etzi, ostirala
Azpeitia. Presoen aldeko elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan.
Getaria. Mobilizazioa egingo dute plazatik abiatuta, 16:30ean.
Orio. Elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, plazan.
Zumaia. Mus txapelketa izango da Metro eta Inpernupe tabernetan. 16:30ean hasita. Izen-ematea 16:00etan izango da.
Abenduaren 31, ostirala
Aizarnazabal. Kontzentrazioa egingo dute, 19:00etan, udaletxe aurrean.
Azkoitia. Manifestazioa izango da, 18:30ean, plazatik hasita.
Azpeitia. Manifestazioa egingo dute, 18:00etan, plazatik hasita.
Getaria. Elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan.
Orio. Elkarretaratzea egingo dute, 19:30ean, plazan.
Zarautz. Kontzentrazio ibiltaria egingo dute, 19:45ean, udaletxe aurretik abiatuta.
Zestoa. Urteko balantzea izango da, 19:00etan, plazan.
Zumaia. Manifestazioa egingo dute, 19:00etan, Beheko plazatik abiatuta.
Urtarrilaren 1a, larunbata
Zarautz. Presoen eta iheslarien aldeko brindisa egingo dute, 01:00etan, Musika Plazan.
Zestoa. Urtarrilaren 1ean Izarraitzera ibilaldia egingo dute. 09:00etan, Zestoako Gurutzetik abiatuta.