Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Oposiziokoek kontra egin dute, hau da, EH Bilduk, PP-C’s-ek, Elkarrekin Podemos-IUk eta Vox-ek.
Lege horrek udalen eskumenei bete-betean eragiten diela eta, eztabaida egon da proiektuaren prozeduran. Izan ere, EAJk sartutako zuzenketa baten ondorioz –PSE-EEk babestuta–, interes orokorreko proiektua izeneko figura sortu dute. Figura horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat "interes orokorrekoa" dela esateko, eta kasu horretan, udalek ezingo diote uko egin beren herrietan proiektu hori egiteari.
Zuzenketa hori kontuan hartuta, eta legearen aurka eginez, EH Bilduk mozioak aurkeztu zituen herrietan azaroko udalbatzarretan.
Eskualdean ere bozkatu ziren mozioak, baita aurrera atera ere, esaterako, Azpeitian, Getarian eta Zumaian –EH Bilduk gehiengoa du udal horietan–. Zarautzen eta Azkoitian, berriz, ez zituzten onartu mozioak –EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa herri horietan–.
Eskualdeko herrietako alderdien iritziak
Azkoitiko Udal Gobernuak, esaterako, zera adierazi zuen udalbatzarrean: "Udalerri bakoitzak bere zilborrari begiratuz gero, herri gisa atzera gelditzeko arriskua egon daiteke. Bestalde, zenbait gaik eskuzabaltasuna eskatzen dute nahitaez, herri baten garapena bermatu nahi bada. Euskadi osoaz ari gara. Tokian tokiko diferentziek ezin dute helburu komun bat mehatxatu, eta horixe da lege proiektu honekin lortu nahi duguna".
Zarauzko Udaleko PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek ere azken udalbatzarrean adierazi zuen lege berria "guztiz beharrezkoa" dela. Bere ustez, "eguneraketa" bat behar zuen, aurrekoa 1994koa zelako, eta "berrikuntza handiak" ekarriko ditu ingurumenean eta jasangarritasunean. "Ingurumena eta ingurumen politikak babestea du helburu, eta ez udal autonomia erasotzea", azpimarratu zuen.
Getariako alkate Haritz Alberdik, berriz, oso bestelako iritzia du. "Jaurlaritzari bere nahiak aurrera eramateko balio izan ez diotenean onartuta zeuden eta garantia minimo batzuk zituzten joko-arauek, erabaki du herritarrengandik hurbilen gauden erakundeoi bizkar eman eta beraien egitasmoa bultzatzea. Oso larria da. Nik berriro ozen aldarrikatu nahiko nituzke gure bizitzetan herritarren ezagutzek, parte-hartzeak, demokraziak eta udalon autonomiak duten garrantzia eta ezinbestekotasuna".
Arantxa Tapia Ekonomia Garapena, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, azkenik, gaur Legebiltzarrean esan du lege berria onartuta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak "lege gardenagoa" dutela.
Zumaiako bizilagunak azpimarratu duenez, "lege berriak baldintzak eta eskakizunak biltzen ditu, eta jarduerak garatzeko oztopo juridikoak eta administratiboak ezabatzen ditu, baina, aldi berean, autonomia erkidegoaren berezko ingurumen-kalitatearen estandar altuak mantenduz".