Koronabirusaren bilakaeraren inguruko aste honetako bigarren txostena kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta horren arabera, astelehenetik atzora bitartean 126 kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kosta eskualdean. Ondorioz, zertxobait gora egin du herri gehienetako intzidentzia tasak. Zumaia da, gaur-gaurkoz, Jaurlaritzak ezarritako 150eko intzidentzia tasa mugaren azpitik dagoen eskualdeko herri bakarra; asteleheneko tasa berdina dute han. Gainerako herri guztietan gora egin du kasu metatuen tasak, eta 240tik gora daude guztiak.
Astelehenetik atzora arte baieztatutako kasu positiboen erdiak baino gehiago zenbatu dituzte Azpeitian eta Zarautzen, 47 –bederatzi astelehenean, 11 asteartean eta 27 asteazkenean– eta 36 –zazpi astelehenean, hamasei asteartean eta hamahiru asteazkenean– kasu, hurrenez hurren. 1.018,40koa da intzidentzia tasa Azpeitian, eta 355,51koa Zarautzen. Bi herri horien ondoren, Aian zenbatu dituzte positibo gehien. Hamabi kasu positibo –launa egun bakoitzean– atzemanda, 1.108,31koa da han intzidentzia tasa. Azkoitian, ostera, 11 positibo –hiruna astelehenean zein asteartean eta bost asteazkenean– hauteman dituzte, baina han intzidentzia tasa baxuagoa da: 242,01ekoa.
Orion, bestalde, zortzi kasu positibo –lau astelehenean, hiru asteartean eta bat asteazkenean– detektatu ditu Osasun Sailak, eta 391,39koa tasa dute. Aizarnazabalen, berriz, lau kasu hauteman dituzte –laurak asteartean– eta 1.300,39ko tasa dute. Errezilen eta Zumaiana, hiruna positibo zenbatu dituzte –Errezilen hirurak asteazkenean eta Zumaian, bana egun bakoitzean–; 644,12koa da Errezilgo intzidentzia tasa eta 111,94koa Zumaian.
Getarian eta Zestoan positibo bana zenbatu dute astelehenetik atzora arte –asteartean Getarian eta astelehenean Zestoan–; 1.272,08koa da Getariako zenbatekoa eta 256,81ekoa Zestoan. Beizaman, aldiz, ez dute positiborik zenbatu azken hiru egunetan, baina, 2.419,35ko tasa dute.
30 gaixo ZIUn
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 1.652 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera egonkorra da; izan ere, 30 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Aldiz, une honetan ere 114 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta.
150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.